Greta Thunberg, antolatutako amarrua?

Josean Bueno / 2019-12-12 / 346 hitz

Jakintsuak hatzamarraz ilargia erakusten duenean, ergela hatzamarrari begira geratzen da. Horrela dio aspaldiko aforismoak. Uste dut esaldiak ongi definitzen duela Greta Thunberg ekintzailearekin gertatzen ari dena: Gretak nahiko era argian adierazi du aldaketa klimatikoaren arazoaren larria, baina asko eta asko berari begira daude, bere ahotsak seinalatzen dituen arazoei arreta handirik jarri gabe. 

 Eztabaida ugari daude han-hemenka ea neskatila hori egokia den lidergo horretarako, ea eskolan ez litzatekeen egon behar, ea Asperger izanik zer egin behar zuen, bere gurasoen jarrera zintzoa den… Baina ekologiaren arazoez eta egin beharreko aldaketez askoz eztabaida gutxiago dago komunikabide nagusietan.

Ekintzaile suediarra oso zuzena da bere salaketetan eta adierazpenetan. Duela urtebete, 2018ko abenduaren 12an: “Gure biosferan heriotza zabaltzen da nirea bezalako herrialdeetan pertsona aberatsak luxu betean bizi daitezen. Askoren sufrimenduak gutxi batzuen luxuaren ordaina dira (…) Zuek diozue seme-alabak oroz gain maite dituzuela, baina etorkizuna lapurtzen diezue begien aurrean”. Zaila da argiago esatea. Mezu indartsua da. Baina ez dirudi orain arte ondorio eraginkorrik izan duenik. Kontsumoaren eta hazkuntza amaigabearen trenak errailetan aurrera darrai, egungo ordenaren aldeko ekonomilariek eta politikariek gidatuta.

Zer ari da gertatzen itzal mediatiko izugarri handia duen neska honen mezuarekin? Julian Baggini idazle eta filosofoak abuztuan honela adierazi zuen (The Guardian, 2019-08-19): nerabe gazte eta idealista mugimenduaren burua eginik, oso erraza da bere kanpaina gutxiestea, inozo eta idealista ere delakoan. Neska suediarrak berak behin baino gehiago esan du foku gehiegi jartzen direla bere pertsonari begira klimaren arazoari begira jarri beharrean.

Gretaren inguruan mugitzen den zirku mediatiko osoa zerbait aurreikusia edota antolatua izan daiteke? Horregatik hauspotu da horrenbeste Greta Thunberg pertsonaia komunikabide nagusietatik? Aldaketa klimatikoaren erronkaren egiazko eskakizun larriak lainotan uzteko estrategia dugu hau? Baliteke, jende adimentsu eta baliabide falta ez dute enpresa handi horiek, aldaketa klimatikoari behar bezala aurre eginez gero asko galtzeko dutenak. Argi dago ekidin nahi dela eztabaida arriskutsua: egungo kontsumoaren eta antolaketa ekonomikoaren bidegarritasun ekologikoa eta soziala. Greta bera kezko hesi bihurtu nahi dute? Auskalo.

Euskal Herrian ederki dakigunez, ez dago fidatzerik komunikabide nagusiekin, eta are gehiago komunikabideek interes propioak dituzten nagusiak dituztenean. Aldaketa klimatikoari erantzuteko beharreko neurri beharrezkoak egon behar lirateke “Time” aldizkariaren portadan, eta ez Greta Thunberg.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.