Minbiziaren aurkako eguna: gaixotasun honen inguruko sei gezur

Ane Urrutikoetxea / 2021-02-04 / 382 hitz

Super elikagaiak, teknologia gaiztoak, konspirazioak… hamaika mito eta sinismenek inguratzen dute minbizia. Egia bereizteko gai zara?

Minbiziaren Aurkako Eguna dugu gaur; oraindik ere, oso gutxi dakigu edozeinek jasan dezakeen gaixotasun honen inguruan; ezjakintasunak mitoak, gezurrak eta amen-omenak zabaltzen ditu, eta horren aurrean ikerketa zientifikoak babestu eta bultzatzea ezinbestekoa da. Zorionez, geroz eta gehiago dakigu minbiziaz; prebentzioak eta ikerketa berriek eskainitako informazioak heriotza tasa gutxitzea lortu dute azken urteetan, nahiz eta minbizi kasuek etengabe gora egin.

Oraindik ere, gizonak dira minbizia jasateko aukera gehien dutenak, batez ere, prostata, kolon edota birikako minbiziak; emakumeen kasuan, minbizi errepikatuena bularrekoa da, kolon eta biriketakoarekin batera. Ikerketen arabera, tabakoa, alkohola, sedentarismoa eta dieta ez egokiak minbizia izateko arrisku faktore handienak dira, infekzioekin batera. Dena den, zer da benetan minbiziaz dakiguna? Jarraian, sei mito gezurtatu ditugu:

  • MINBIZIAK EZ DU SENDAGAI SEKRETURIK: Konspirazio teorien arabera, sendagai ekoizleek aspalditik dute minbizia sendatzeko gakoa, baina gaixotasuna ezin sendatzea errentagarriagoa denez, ez dute argitaratzen. Errealitatea oso bestelakoa da; milaka zientzialarik gogor lan egiten dute minbiziaren aurkako borrokan, eta ikerketa horien gehiengoa publikoak dira. Inoiz minbiziaren sendagaia topatzen badute, gutxienez Nobel saria lortuko lukete.
  • LIMOIAK EZ DU MINBIZIA SENDATZEN: Inoiz jaso al duzue WhatsAppeko kate horietako bat limoi zukuak minbizia sendatzen duela esanez? Bada ez da egia. Guzti horretan egi bakarra da zitrikoek badituztela minbizia prebenitzen lagundu dezaketen propietateak, baina sendatzeko ez dute balio.
  • AZAL MINBIZIA EGUZKIAK ERAGITEN DU, EZ EGUZKITAKO KREMAK: Hona beste konspirazio teoria bat, eguzkitako krema minbiziaren eragile bilakatzen duena. Argi izan eguzkiak igorritako izpi ultramoreak direla melanomak eta bestelako azal arazoak eragiten dituztenak; eguzkitako kremak babestu egiten gaitu. 
  • ERRADIOGRAFIEK ETA MAMOGRAFIEK EZ DUTE TIROIDE MINBIZIA SORTZEN: Froga horietan gorputzak jasotzen duen erradiazio maila oso baxua da, eta ez du inolako minbizirik eragiteko indarrik. Hori bai, ez da komeni halako frogak gehiegitan errepikatzea.
  • MIKROUHINETAN BEROTUTAKO JANARIAK EZ DU MINBIZIA ERAGITEN: Mikrouhinek ez dute erradiazio ionizatzailerik erabiltzen (ez dute X izpirik edo gamma izpirik erabiltzen), eta beraz, ez dute janaria erradioaktibo bilakatzen.
  • MUGIKORREK ETA WIFIAK EZ DUTE MINBIZIA ERAGITEN: Hau da beharbada zabalduen dagoen mitoa, baina jakin teoria hori babesten duen ikerketa zientifikorik ez dela egin. Mikrouhinen kasuan bezala, mugikorrek edota WIFIak erabiltzen dituzten uhinak ez dira ionizatzaileak, elektromagnetikoak baizik, eta hauek ez dute materian inolako eraginik (xurgatu ala berotu, besterik ez). Gainera, mugikorren kasuan erradiazioa oso baxua da; gehienez, belarria berotuko digu. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude