Ikusle arruntaren koplak

Samara Velte / 2021-02-05 / 228 hitz

Joan den astean euskarazko sare sozialen paisaia malkartsua —telefono eta Internetekoena, besteak azkenaldian nahiko faltan ditugu eta— zeharkatu du Iruñerriko gaztetxo batzuek egindako bideoklip batek. Gizon arruntaren koplak, rural-trap estiloan: sardeak, epentesiak, buruko estalkiak eta txandalak, gaiztotasunaren eta gizonkeriaren halako estetika punki bat irudikatzeko asmoz.

Ikusle arruntak ez lioke askoz gehiago ikusiko bideoari: agian irribarre ere egingo luke, pandemia betean egonagatik ere gazteak (!) euren denbora bideoklipak egiten (!!) eta Xabier Lete (!!!) bertsionatzen pasatzen ikusita.

Baina gure herri txiki eta aspertu honetan ezer ez daiteke nerabezaroko esperimentu jostari hutsa izan. Bideoak zalaparta eragin du, besteak beste, erabiltzen duten euskara edota irudikatzen dituzten genero rolak direla eta. Urteak pasatu ditugu esanez euskara «moloi» bihurtu behar dela gazteak erakartzeko, baina gero, adierazpen horiek sortzen direnean —edo asmo horrekin, bederen —nahiago genuke Xabier Lete bera etorriko balitz koplak abestera. Halakoetan, kritikei irainek jarraitzen diete; nork berea defendatzen du, Eurovisionerako gure ordezkaria aukeratu beharko bagenu bezala; eta adierazpenaren beraren zilegitasuna jartzen da zalantzan.

Eta ikusle arrunt honi pena pixkat sartzen zaio, pentsatzen duelako gure konplexuen ondorio dela eztabaida sinpleena hainbeste konplikatzea. Egoera arrunt batean, normala litzateke edozein kultur adierazpenek argia ikustea, eta gero aukerako perspektibatik kritikatzea (eta oxala, sortzen den guztiari genero ikuspegitik edo perspektiba gutxitu batetik begiratzen jakingo bagenu). Eta sortzen duenak onartuko luke publikazio orok ekar dezakeela kritika. Baina irudipena daukat oraindik kopla gehitxo dauzkagula %100 sinatzeko prest ez gauden produktu eta mezuak onartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.