Pandemiak gure espazio pertsonala betiko aldatu ote du?

Jaione Dagdrommer / 2021-03-04 / 408 hitz

Gure gorputzaren inguruko espazioa leku pribilegiatua da gure inguruarekin harremantzeko. Distantzia motzera objektuak eskuragarri bihurtzen dira, hurbiletik janariaren lurrina usaindu daiteke edo xehetasun gehiagoz behatu zerbait. Elkarrekintza beste pertsona batekin denean berriz, elkar ukitu daiteke (edo zitekeen) eta horrela, zaurgarriagoak bihurtzen gara. Baina, zein da benetan nahiago dugun distantzia?


Pertsonok espazio pertsonala gure gorputzaren inguruan zabaltzen den gune biribil bat bezala sentitzen dugu. Bestearekin dugun harreman motaren arabera nahiagoko dugu zirkulu hori handiagoa edo txikiagoa izatea. Adibidez, ezezagun batekin hitz egiten eroso egoten gara metro bateko distantzian, baina harreman estuagoetan hurbilago kokatzen gara. 

Bestalde, distantzia erakargarritasuna komunikatzeko erabili daiteke. Edota, pertsona bat haserre dagoela nabaritzen badugu urrunago kokatuko gara berarengandik alai baldin badago baino. Eta noski, norberaren espazioa errespetatzen ez duen batekin hitz egitea deserosoa zaigu. Deserosotasun hori begirada ekiditen edo elkarrizketa amaituz adieraz ohi dugu. Alta, ohikoa baino urrunagotik norbaitekin elkarrekintza bat mantentzeak ere ezinegona sortzen digu eta komunikazioa pobreagoa bilakatzen da. 

Pandemiarekin segurtasun distantzia mantentzeko 1,50-2 metroko aldea markatu da. Gure ohiko banaketaren aurka doa hau, metro bat izan ohi baita gutxi gora behera. Hori dela eta, distantziamendu berriarekin egindako lehen elkarrekintza sozialak arraroak izan dira. Hala ere, ikerketa ezberdinek erakusten dute gizarteak azkar ulertu duela arau honen garrantzia eta gure lehentasunak aldatu ditugula. Denbora gutxian espazio pertsonala zabaldu egin da eta orain pertsonak erosoagoa sentitzen gara 1,5 metroko distantzian.

Distantzia handitzera azkar ohitu gaitezkeen bezala, berriz ere espazio pertsonaleko distantzia murriztera igarotzea motelako gertatuko da. Pasa den udan adibidez, pandemiaren datuak hobeak izan baziren ere, pertsonek distantzia zabalagoa nahiago izan zuten. Beraz, adituek diotenaren arabera, pandemia igaro ostean ere, aurretik genuen espazio pertsonalaren distantzia berreskuratzeko prozesua graduala izango dela.

Distantziamendu sozialaz gain, pandemiak gure zentzumenekin bizitza hautemateko genuen modua ere aldatu du. Konfinamendua bezalako neurri murriztaileek elkarrekintza sozialak gutxitu dituenez, hazi egin dira depresio eta antsietate kasuak, eta asko estres postraumatikoa bizitzeraino ere iritsi dira. 

Estres postraumatikoa duten pertsonak erosoago sentitzen dira distantzia zabalagoekin, baita antsietatea pairatzen duten pertsona asko ere, besteak mehatxu bezala hautematen baitituzte. Paradoxikoa badirudi ere, isolamendu sozialak eta bakardadeak distantzia luzeagoak bultzatzen dituzte, eta ez aurkakoa. Egoera horietan, bestearekin hitz egin eta isolamenduarekin hausteko nahia azaltzen bada ere,  aldi berean, pertsona ohitu egin da interakzio sozial gutxi edukitzera eta horregatik, distantzia sozial zabalagoak jasangarriagoa zaio. 

Antsietatearen igoerarengatik edo isolamenduagaik bada ere, litekeena da lehen ezagutzen genuen elkarrekintza sozialetara oraindik ez itzultzea pandemia gaindituta ere, eta 1,5 metroko distantzia derrigorrezkoa izan ez arren berau mantentzea. Pertsona asko, denbora batez, erosoagoa sentituko dira distantzia horretan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude