Itzalita ere irauten duen sua

Julen Aperribai / 2021-03-02 / 493 hitz

Duela 25 urte utzi zuten Sarajevo Bosniako serbiarren tropek, Daytongo Akordiotik gutxira. 11.000 lagun inguru hil zituzten lau urtean. Gerrako zauriek eta etnien arteko ezin ulertuek herritarren bizitza eta herrialdearen egitura zeharkatzen dituzte oraindik. Bideoa albistearen barruan.

Joan den mendearen hondarrean, gerrako irudiek ezagutarazi zuten Sarajevo, eta irudi horiei iltzatuta dago oraindik hiria askorentzat. Srebrenicako sarraskiarekin batera, Bosnia eta Herzegovinako gerraren gordintasunaren sinbolo bihurtu zen Sarajevoko setioa. Bosniako serbiarren tropek lau urtez hartua izan zuten hiria. Duela 25 urte amaitu zen. 11.000 lagun inguru hil zituzten lau urte pasatxoan; horietatik 1.500 inguru, adingabeak.

Jugoslaviaren desegite gatazkatsuaren barnean, arorik odoltsuena ordezkatzen du Bosniako gerrak. 1992an lehertu zen, errepublikako gobernuak independentziarako erreferendumera deitu eta gero. Baietzak irabazi zuen, eta Jugoslaviarekiko independentzia deklaratu zuen Bosnia eta Herzegovinak.

Arrazoi politikoak etnikoekin korapilatuta zeuden aspalditik, eta Jugoslaviaren desegiteak azkartu egin zituen etnia eslaviarren arteko tirabirak. Serbiarren, bosniaken eta kroaziarren arteko bereizketa giltzarria izan zen lurraldearen banaketan, eta horren ondorioak gordinen pairatu zituzten lekuetako bat izan zen Sarajevo, gehiengo musulmanekoa.

Bosniako serbiarren tropek independentzia adierazpenetik hilabetera hasi zuten Sarajevoko setioa. Europako Batasunak independentzia adierazpena onartu zuen egun berean, frankotiratzaile serbiar batek tiro egin zion manifestari talde bati. Ordurako, hiriaren inguruko muinoak hartuak zituzten serbiarrek, eta handik egin zituzten lehen erasoak, artilleria erabilita.

Bakartu egin zuten hiria, inguruko errepide nagusiak blokeatuta nahiz elikagaien eta sendagaien iritsiera galaraziz, besteak beste. Blokeo horri aurre egiteko, 800 metroko tunel bat egin zuten 1993an. Pasabide horrek hiria kanpoaldearekin lotzen zuen. Herritarrak hiritik ateratzea eta hornigaiak iritsaraztea lortzen zen modu horretan.

Posizio militar estrategikoen jabe azkar egin ziren Bosniako serbiarrak, eta intentsifikatu egin zituzten bonbardaketak, hiria kontrolatu eta hurrengo hilabeteetan. Hilketa masiboak egin zituzten. Markaleko merkatukoak izan ziren sonatuenetakoak. 1994an, 68 lagun hil zituzten, eta, handik hemezortzi hilabetera mortero bidez egindako bonbardaketa batean, beste 43 lagun hil zituzten.

Militarki, bosniar musulmanen baliabideak urriak ziren, Bosniako serbiarrenekin alderatuta. Egoerari buelta ematea lortu zuten, hala ere, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, AEBen bitartekaritzaren bitartez kroaziarrekin bakea sinatu zutelako eta horrek serbiarren aurka indarrak batzeko modua eman zielako; eta, bestetik, NATOren hegazkinek esku hartu zutelako gatazkan.

1995ean izenpetu zuten Daytongo Akordioa Serbia eta Montenegro, Bosnia eta Herzegovina eta Kroaziako presidenteek. Herrialdeari gaur duen egitura administratiboa eman zitzaion: subiranotasuna aitortu zitzaion, bai, baina bi entitate politiko konfederatutan banatu zuten; Bosnia eta Herzegovinako Federazioa —Federazio Kroaziar-Musulmana ere deitzen diote— batetik, eta Bosniako Serbiar Errepublika bestetik.

Hiru politikarik osatzen dute herrialdeko presidentetza, etnia bakoitzak bere ordezkaria baitu, eta zortzi hilabetetik behin txandakatu egiten dira ordezkari serbiarra, kroaziarra eta bosniaka. Horrek baldintzatzen du giro politikoa, eta baita eztabaida ere, elkarri bizkarra emanda bizi diren komunitate finkoak baitituzte hirurek.

Belaunaldi berriak eta etnien arteko liskarrez gaindiko auziak hasiak dira ikuspegi zurrunak arrakalatzen, ordea, eta Sarajevon ere ari dira horren eraginak sumatzen.

LEKUKOTASUNAK

Oliver Dujmovic, tabernaria.

«Telebistan amaitu zela esan zutenean, denek jaitsi zituzten armak. Inork ez zuen jarraitu nahi, luzeegia izan zelako».

Edvin Avdic, eraikuntzako langilea.

«Gazteok gero eta gehiago aldentzen ari gara nazionalismoaren ikuspuntu primitibotik».

Adela Jusic, artista eta gerrako haurra.

«Frankotiratzaileak saihesten ikasi genuen, oraindik heriotzaren kontzeptua ulertu gabe».

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.