Agurtzeko bi musu emateko ohitura desagertzear?

Maitane Legarreta Etxezarreta / 2021-10-25 / 245 hitz

Gero eta gehiago dira musua bestelako agur mota batzuen bidez ordezkatu nahi dutenak.

Pandemiak bi musu emanda agurtzeko ohitura baztertzea eragin du, kutsatzeko beldurragatik. Kontu handiz ibili gara elkarrengana gerturatzeko garaian, batez ere aho eta sudur inguruan. Honek aspalditik mahaigainean dagoen eztabaida piztu du: egokia al da bi musu ematea agurtzeko garaian, testuingurua edozein dela ere? Gero eta gehiago dira joera horrek zentzurik ez duela uste dutenak. 

Gizonezkoak eta emakumeak masailetan bi musu emanda agurtzen irakatsi digute emakumeoi, gizonezkoek euren artean eskua emanda moldatu badira ere, edo besarkada, harremana estuagoa izanez gero. Askori jokamolde sexista iruditzen zaie edota inbaditzailea. Deseroso ere sentiarazten ditu batzuk. 

Luis Alis izeneko erabiltzaileak Twitterren egindako inkesta baten arabera, bozkatu zuten 10.000 lagunetik %57,5ek nahiago luke musurik ez ematea gizonezko zein emakumezkoei, eta eskua emanda edo beste moduren batera agurtzea.%20,3k guztiok musu ematearen aldeko bozka eman zuen eta %16,5 konforme zegoen betiko jarraibideekin. Gizonezkoen artean musu emateko ohituraren alde egin zuen %5,8k. 

Konfinamendu garaian eta baita geroago ere, etxetik lanean aritu gara batzuk, eta lantokiko harremanak pantaila bidezkoak izan dira. Beraz, ez diegu horrelako egoerei aurre egin beharrik izan. Orain, ordea, mundua berriz ere normalitaterik gabeko “normalitatearen” itxura hartzen ari den garaiotan, musurik eman nahi ez duten emakumeen mezuak ugaritzen ari dira sare sozialetan. 

Haurrekin ere gertatzen den fenomenoa da hau. Helduok batzuetan musu ematera behartu ohi ditugu umeak, pertsona hori ezagutzen ez badu ere. Horrek deseroso sentiarazi ditzake eta, batzuen ustez, badira errespetua eta gertutasuna erakusteko beste modu batzuk ere. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.