Bi monje, bi zeta-har eta bi inperio

ARGIA aldizkaria / Nagore Irazustaberrena / 304 hitz

Txina, duela 4.700 urte. Si-Ling-Chi printzesari zeta-har bat erori omen zitzaion te berotan eta hala deskubritu omen zuen zeta egiteko prozesua. Konfuziok jasotako kondaira honek adierazten du Txinan Antzinaroan hasi zirela zeta ekoizten eta mendetan eutsiko ziotela sekretuari.

VI. mendearen erdialdean, zeta produkturik preziatuenetakoa zen Europan, eskaera gora egiten ari zen etengabe eta zetaren merkatuak, ekoizleak aberasteaz gain, Zetaren Bidean jarduten zuten bitartekariei ere etekin oparoak ematen zizkien. Justiniano I.a Bizantzioko enperadoreak etekinen zati bat nahi zuen eta, horregatik, bi monje bidali zituen Txinara zetaren sekretuaren bila.

Bi urteko bidaia luze eta neketsuaren ondoren espioitza industriala egitera bidalitako bi monje kristauak misioa beteta itzuli ziren inperiora. Bi zeta-har lapurtu eta kanabera batean ezkutatuta eraman omen zituzten gortera. Beste bertsio batzuk diote har gehiago izan zirela lapurtutakoak eta beste objektu batzuetan gordeta eraman zituztela. Kondairak kondaira, sekretua lapurtzea lortu zuten eta Bizantzion zeta ekoizten hasi ziren, egungo Libano eta Siria inguruetan masustondoak ederki hazten direla aprobetxatuta; zeta-harrez gain, masustondoak ere ezinbestekoak baitira zetazko oihalak egiteko.

Zetaren Bidea beste ia mila urtez izango zen merkataritza bide nagusietakoa, gainbehera egin baino lehen. Oihalez gain, beste salgai asko eramaten zituzten Asiatik Europara. Baina VI. mendearen erdialdean, Bizantzioko gobernua zetaren ekoizpen propioa kontrolatzen hasi zenean, Txinako zeta esportazioek nabarmen egin zuten behera. Eta, horrekin batera, persiar merkatarien jarduna eta etekinak ere asko jaitsi ziren.

Bizantzio eta Persia elkarren aurkako gerran aritu ziren 564 urtetik 642ra. Elkarren aldamenean zeuden bi inperioak hedatzen ari ziren eta talka egitea saihetsezina zen. Justiniano boterera iritsi zenean, hainbat neurri hartu zituen ekonomia –eta, ondorioz, armada– indartzeko, eta Khosrow I.a persiarrak ere oparoaldia ekarri zion bere inperioari. Gerra piztu baino hiru urte lehenago, 561ean biek bakea sinatua zuten eta, itxuraz, inperioaren arteko mugak finkatu eta onartu zituzten.

Faktore askok izan zuten eragina gatazka horretan, baina, besteak beste, bi monjek lapurtutako har txiki haiek eta sekretu handi horrek batzuei bitartekoak eta besteei motiboak eman zizkien bi inperioen arteko gerra hauspotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.