DSS2016: Kultura? Espektakulua? Simulakroa?

Joseba Barriola / 2016-03-11 / 740 hitz

Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabotasunak bidea egin dute, lurra eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa, estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. ADN-a, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, ezagutza eta pentsamendua, erreprodukzio biologikoa bera… dena, merkantzia bihurtzen da. Truke balioa nagusi, “erabiltze balioa” morroi.

Sormenaren kultura eta ondarearen kultura, prozesu horretan sartua dago aspalditik. Kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Sistema “antikultural” orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea “kontzentrazio eremu kultural” batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala (Nobel Saria, publizitatea, Hollywood, komunikabideen kontzentrazio empresariala, informazioaren lobbyak eta manipulazioa, unibertsitateen menpekotasuna multinazionalekiko, museoen antolakuntza, turismoaren organizazioa, gerra mediatikoak, interneten kontrolerako egitasmoak, zientziaren finantziazioa, psikologismo merkearen hedapen zabala…) doktrinamendu globala egiten ari da. Zurrunbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espiritu kritikoa lantzeko, begirada modu berriak eratzeko, hitz askeak sortzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistemak jartzen dituen mugetatik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mespretxatuz), patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian emakumeei ematen zaien objektu papera, edo nola den “ikusezina” bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den des-kontsideratua), eta kapitalista da (balioaniztasunaren simulakroaren azpian, ordena bat badago, eta ordena horren erdigunean dirua eta diruaren akumulazioa da gainontzeko ustezko balio kultural guztien motorra eta helburua).

Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulu hutsa bihurtu da. Gose eta austerizidio garaian gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Barne usteldua duen sagar koloretsu distiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun. Iruditeria hutsa.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a) Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Donostiako historian “danborradak” badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. XIX. mendeko gerrateen giroan sorturiko ekimena. Ehunka urte hauetan (frankismoa eta demokrazia frankista monarkikoa barne) danborrada izan da herriaren nahiak azaleratzeko okasioa. 2016 dela medio danborrez jotzen da Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren zatia. Zergatik? Beethoven Erdi Aroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako? Ez, Europako Batasunaren himno bezatua delako. Askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez, Europako Batasunaren omenez. Nor izan da Donostian 2016 gonbidaturik? Solana, NATOko buru gerraria (Serbia eta Kosovoren arteko gatazkan, bonbardaketak agindu zituena) eta Barroso, austerizidioaren agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitrioia Azoreetan. Horien eskutik jaso dugu hiriburutzaren domina. Donostiako Udalak saldu du danborradaren zentzu historikoa (eta zeremoniako marioneten papera jokatzera gonbidatuak izan dira donostiarrak). Eta nori saldu! Eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulu kulturala. Hiria dira eraikuntzak, eta batez ere, jendea eta jendearen harreman askeak. Horregatik hiria askatasunaren altzoa beharko luke izan. Baina ez, 2016ean Donostia turista dirudunentzat merkantzia bihurtzen da. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) hiri txukun, dotore, elegantea eskaini nahi dute, etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik estorbo bat dira Kortxoenea eta Piratak, traba dira eskaleak eta prostituta pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak eta oro har pobreak. Hiri “garbia”, etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoro ukituak. Zein paper proposatzen zaie 2016ean donostiarrei? Turismo exotikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren paper bera. 2016a operazio espektakularra da eta donostiarrei eskaintzen zaiena da funtsik gabeko eskaparatean dirudunen monigote autoktono sinpatiko izatea.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulo kulturala. Kulturak ez badu gure bizitzaren galdera ikurrekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez die nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzuten. Orduan zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, azpian interes prosaikoenak dituena: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Eta zerbait gehiago: status quoarekin satisfazioa agertzea. Baina nola izan asebetea mehatxuz betea dagoen egoeran? Gerra martxan, etorkinen bazterketa obszenoa, austerizidioak eragindako zatiketa sozial mingarriak, nazioen eskubideen ukazioa… Eta gainera, “kulturaren” Europa troikar horrek probokatua!

Eta zer esan nahi du “Arte eta Kulturaren Kontseilu Probintziala”-ren osaketa berriak? Hori ere espektakulua, simulakroa? Edo espektakulua zuritzeko espektakulu instituzionala? Kultura ekologikoa AHT edo errauskailurekin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.