Ez ukitu nire pekak!

Mikel Garcia Idiakez / 2016-04-25 / 178 hitz

Emma Watson aktore ilegorriari aurpegiko pekak ezabatu dizkiote krema iragarki batean eta polemika piztu da sarean. Gogora ekarri dit haurra nintzela ekitaldi familiar batean amaren lehengusu bat gerturatu zitzaidanekoa: etxean krema oso on bat zuela eta utziko zidala bota zidan bat-batean, pekak disimulatzeko primerakoa. Ordura arte ez zitzaidan burutik pasa ere egin pekak zerbait txarra, itsusia edo disimulatu beharrekoa izan zitezkeenik.

Azaleko tolesdurarik eta oreztarik gabeko Emma Watson zuri-zuria erakutsi digu Lancôme markak, “azaleko puntu beltzak eta inperfekzioak” ezkutatzea helburu duen kremaren ondorio. Aktiboki feminista den aktoreari haserretu egin zaizkio jarraitzaileak eta leporatu diote azala zuritzeko produktuen negozio arrazista –urtean 9 milioi eurotik gora mugitzen dituena– babestu izana.

Muinean, arazoa da berriz ere merkatuak esan digula zein den edertasunaren ideala, kanon irreal eta manipulatuetan eraikia. Eta lehenago agian burutik pasa ez zitzaiguna sinetsaraziko digute etengabeko mezuok: txarra, itsusia eta disimulatu beharrekoa dela gure gorputza, ez delako nahikoa argal, nahikoa zuri, nahikoa gazte… Jendearengan konplexuak sortzea da, hein batean, industria estetiko emankorraren oinarria; utikan beraz konplexuak, gure kontura egin nahi duten negozio itzelari ostikoa emateko, eta batez ere, gure buruarekin bakeak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude