Bi emakume estatubatuar ustez liberalak Marokon

Mikel Garcia Idiakez / 2016-05-02 / 148 hitz

Marokon bizitakoa kontatu digu Iraitzek. Short motz-motzak eta eskote handiko tiradun kamisetak soinean iritsi ziren bi emakume estatubatuarrak Marokoko hamman batera (bainuetxe publikoa). Ingurukoen begiradak iltzatuta zituztela, harro eta eroso ziruditen, emakume liberatuak nahi duten moduan janzten direla erakutsiz, eta gorputza estalita zeramaten emakume marokoarrekiko errukior eta kondeszendiente.

Halako batean, sartu ziren hammanera, gizonak alde batera, emakumeak bestera. Aldageletan arropa guztia kendu eta larrugorritan geratu ziren emakume marokoarrak. Lotsatiago, bikiniarekin sartu ziren bi estatubatuarrak. Uretan, elkar garbitzeari ekin zioten marokoarrek, fereka, laztan eta igurtzi estuz, konplexu barik, kontaktuaren beldurrik gabe eta harreman sakonean. Bi kanpotarrak, uzkur eta irmo mantendu ziren zoko batean, elkar ukitu gabe, nabarmen deseroso. Eta oraingoan, emakume marokoarrek egin zuten irribarre, errukior.

Aldageletara bueltatu, goitik behera estali, eta kanpora atera ziren emakumeak. Galtza motzak eta tiradun kamiseta jantzi eta eguzkipera bueltatu ziren baita ere bi emakume anglosaxoiak, hasierako harrotasuna berreskuratzera, kultura askeago baten partaide direla uste dutenen nagusitasunak itsututa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude