Ez ukitu nire umea!

Mikel Garcia Idiakez / 2016-09-12 / 198 hitz

“Ume bati bere aitaren aurrean esan diot lurrera bota duen papera jasotzeko, eta mehatxua jaso dut bueltan. Ez dago irtenbiderik”, irakurri dut sare sozialetan. Haurren hazkuntza eta hezkuntza denon ardura dela aldarrikatzen dugu, baina errealitatean bestelako joera da nagusi.

Haurren zaintza kolektibizatu dugu (hor daude senide eta lagunak, irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, zaintzaileak, jangelako arduradunak, pediatra…), erantzukizuna ere partekatu dugu (umea zeinekin dagoen, hark du ardura ezer txarrik gerta ez dakion), baina umearen gaineko “eskumena” eta erabakimena, jabegoa nolabait, pribatu eta partikularra da nagusiki: gurasoena. Mugak zehaztea konplexua da maiz: egunero ikastetxetik jasotzen eta jaten ematen dioten aitona-amonek zenbaterainoko eskubidea dute haurrari buruzko heziketa ohituretan esku hartzeko? Noraino izan behar dituzte eskuak lotuta irakasleek, ikaslea zigortzeko garaian? Hitz egin al diezaioke ludotekako monitoreak sexuaz, drogez edo politikaz? Adin txikikoa babestu nahi duen legeak zein neurritan sar dezake muturra, gurasoen borondatearen gainetik? Norberaren baloreen araberako aholkuak edota oharrak eman al diezazkiokegu ingurukoek, bizilagunek, herritarrek…?

Beharbada gurasoek izan behar lukete azken hitza, baina eskola-komunitateaz eta herri hezitzaileez hitz egiten dugun garaiotan, sarri gero eta indibidualistagoa eta itxiagoa da gure jarrera. Anna Gabriel CUPeko diputatuak umea izango balu komunitatean heztea gustatuko litzaiokeela esan zuenean entzun behar izan zituen astakeriak gogoratzea besterik ez dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.