Emakumea zela uste zutenean, gutxietsi egiten zuten lanean

Mikel Garcia Idiakez / 2017-03-21 / 165 hitz

Bi langile: Martin eta Nicole, gizona eta emakumea, bezeroekin email bidez jarduten direnak. Martin kokoteraino dago mespretxuz erantzuten dion bezero batez; halako batean konturatu da emailak Nicole izenez bidaltzen ari dela eta okerra argitu dio bezeroari. Bat-batean, oso galdera eta proposamen onak egiten dituela hasi zaio esaten bezeroa. Orduantxe erabaki zuten Martinek eta Nicolek esperimentua abiatzea…

Bi astez, Filadelfiako (AEB) enpresa honetan Martinek Nicole sinatuko zuen bezeroei bidalitako emailetan, eta alderantziz. Bi aste horiek infernua izan zirela kontatu du Martinek: bere iritzi guztiak auzitan jartzen zituzten bezeroek, jarrera paternalista zuten berarekin, eta batek galdetu zion ea libre al zegoen (bikotekiderik gabe, alegia). Nicolek aldiz, ordura arteko asterik produktiboenak izan zituen.

Gertaturikoa enpresako buruari kontatu zioten, baina honek ez zien sinetsi, tartean faktore asko egon zitezkeela erantzun zien, arrazoia ezin zitekeela izan generoa.

Martinek dio esperimentu hari esker jabetu zela emakumeek zein zaila duten lan munduan, eta ez duela uste ditugun jarrera matxistetako asko jarrera kontzienteak direnik, “baina txikitatik hazi gara emakumea gutxiesten duen gizarte batean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude