Hizkuntza aniztasuna Europan (2020)

Azalpena

Europako hizkuntzak izeneko lehiaketa eginen dugu ikasleekin. Ikasleek puntuak lortzeko mapari begira zerrendatuko dituzte ezagutzen dituzten estatuen izenak. Estatu bakoitzean mintzo den hizkuntza bat baino gehiago aipatzen baldin badute talde horrek 2 puntu lortuko ditu eta mintzo den beste hizkuntza bakoitzeko puntu 1 gehiago.

Komodinak: estaturen baten kasuan hizkuntza bakarra ezagutzen badute (edo bat ere ez…), puntu 1 lortu ahalko dute nazioarteko txapelketetan jokatzen duten bertako bi kirol talde aipatuta, edo nazioartean ezagunak diren bertako bi jaki edo edari aipatzen baldin badituzte.

Puntu gehien lortzen duen taldea izanen da irabazlea. 5 puntu gehigarri lor daiteke hizkuntza bakarra duen estatua asmatzen duen taldearentzat.

Prestaketa

Mapak gelara eraman, hasieran ikasleei mapak eskura jarriko zaizkie, baina ikusten bada horrekin ez dela nahiko ikasleei aukera eman interneten bilatzeko informazio hori.

  • Europako estatuen mapa.
Iturria (CC Septem Trionis)
Iturria: “Aproximació a l’Europa de les Llengües” Ciemen

Aukeran dago jokatzeko 1. edo 2. mapa ematea ikasleei, jarri nahi den zailtasun-mailaren arabera. Puntuak erabakitzeko irakaslearen laguntza beharko dute eta 2. mapa erabili.

Oharrak

Jokoak aukera ematen du ezezagunak egiten zaizkigun hizkuntza komunitate askori buruz mintzatzeko. Ikasleren batek ezagutzen baldin badu horietako baten bat, familia edo bidaia kontuengatik, esaterako, horren berri emateko aukera eman beharko genioke. Horrelakorik ez badago, interesgarria izan daiteke komunitate bat edo bi aukeratzea eta horien ezaugarrietan pixka bat sakontzea. Horretarako erabilgarria izan daiteke Euskaltzaleen Topaguneak eskura dauzkagun hiztegia. Gaiari buruz jakiteko begiratu: https://www.ethnologue.com/

Helburu nagusia gurea bezalako egoera asko daudela ikustea da eta hedabideetan agertzen ez diren hizkuntza komunitateei buruzko jakin-mina piztea.

“Aproximació a l’Europa de les Llengües” Ciemenek aspaldi argitaratutako mapa da (estatuen muga batzuk eguneratu gabe daude). Goian jarritako irudian informazio asko falta da (hizkuntzen izenak, hiztun kopurua, komunitate elebakarrak edo elebidunak diren…). Ariketa egiteko mapa osoa beharko duzu.

Euskararen egoera ikastetxean (2020)

Azalpena

Euskarak euren ikastetxean duen egoerari buruzko datuak bilduko dituzte ikasleek, ondoren horiek ehunekoetan eta grafikotan jasotzeko. Zenbait datu jasotzeko ikastetxeko zuzendaritzara joko dute eta bertan eskatu. Beste batzuk, berriz, zuzenean haiek jasoko dituzte. Ikasgela osoaren lana izanen da ikastetxeko argazkia osatzea. Beraz, taldeka lana banatu eta talde bakoitza datu batzuk lortzeaz arduratuko da, gero horiek grafiko eta ehunekoen bidez gelakideen eskura jarriko dituzte.

Ezagutza datuak:

  • Hizkuntza eredu bakoitzean ikasten duen ikasle kopurua.
  • Hizkuntza eredu bakoitzak zein ezaugarri dituen: zenbat ordu ematen diren hizkuntza bakoitzean.
  • Zenbat hizkuntza ikasten diren ikastetxean, esate baterako, euskara eta gaztelaniaz gain eta horien ehunekoak, grafikak…

Erabilera datuak:

  • Ikastetxearen erabilera datuak: pasabideena eta gela barrukoarena.
  • Zenbat hizkuntza entzuten diren ikastetxean.

Talde bakoitzak bere datu bilketa egin ondoren gelakideekin konpartituko du, guztien ekarpenei buruz hitz eginen dute eta poster batean bilduko dituzte datuak zein ondorioak, nahi badute ikastetxeko hormetan ere zabaltzeko.

Posterra egin ondoren ikasleek ondorio edo hausnarketa egitea interesgarria izanen da. Hausnarketa horretan lagungarria izanen da ikasleentzako Karmelo Aiestak egindako bidea azaltzen duen bideoa ikustea.

Prestaketa

Ariketa egokia izan daiteke matematika ikasgaian egiteko, datuen ehunekoak emateko eta grafikoak egiteko. Saioaren aurretik ikasleek datuak bilduko dituzte.

Irakasleak erabileraren neurketa eginen duen taldeari Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako fitxa emanen die datu bilketa egiteko: 58. orrialdea. Fitxa betetzeko argibideak (66-69 orrialdeetan)

Oharrak

Helburua da ikasleek ikastetxeko euskararen egoerari buruzko zenbait datu izatea. Datu horiek batetik, ezagutzari buruzko datuak izanen dira, bestetik, erabilerari buruzkoak.

Gurpil bikoitza (2020)

Azalpena

Taldeko kide guztiak gelan zutik daudela, pertsona-kopuru bereko bi biribil egingo ditugu. Biribil bat kanpoan geldituko da, eta horren barruan bestea. Musika jarriko dugu eta denak ibiltzen hasiko dira, biribil bakoitza norabide batean. Une jakin batean musika isilduko dugu eta une horretan taldekide guztiak geldituko dira. Kopuru bereko taldeak direnez, taldekide bakoitzari pertsona bat egokituko zaio parean, lehenago batek eta gero besteak, elkarri honakoa kontatuko diote:

Euskararekin lotuta norberak izandako anekdota, bizipen edo gertakizunen bat.

Bakoitza bere lekuan eserita, entzundako gertakizuna azalduko dio talde osoari. Talde osoak, adostasunez, esan beharko du ea anekdota edo bizipen positiboa edo negatiboa den. Horren arabera puntuak metatuko dira:

Jarraitu irakurtzen

Norberaren hizkuntza historia (2020)

Azalpena

Lau gazteri hiruna galdera egin zaizkie bakoitzaren historia linguistikoa ezagutzeko. Kontatutakoa aldatzen da norberaren familiaren eta bizitokiaren arabera, esaterako. Haiek esandakoa irakurri eta gero egin zure historia linguistikoa, hau da, zeuk erantzun hiru galdera hauek (5-10 lerro):

  • Etxean euskaraz hitz egiten zenuen eskolan hasi aurretik edo eskolan ikasi duzu euskara? Eta lagunekin nola egiten duzu?
  • Zein da zure lehenengo oroitzapena hizkuntzarekin/ euskararekin lotua? Kanta bat, ipuin bat edo beste zerbait?
  • Ba al duzu bitxikeriaren bat kontatzeko horren inguruan?
Iruñeko gaztea:
“Nire lehenengo oroitzapena da nire amak “Isil Isilik dago” kanta abesten zidala. Horrela lasaitzen ninduen negarrez hasten nintzenean.
Ikastolan hasitakoan nire lagun gehienek gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zutela konturatu nintzen. Baina, gero euskara ikasi zuten;  batzuetan euskaraz eta beste batzuetan erdaraz egiten genuen gure artean.
Orain etxean eta institutuan egiten dut euskaraz. Eta lagunekin –eta ez dakit zergatik, zer denak euskaldunak gara– eta aitona-amonekin erdaraz aritzen naiz. Unibertsitatean karrera euskaraz egitea gustatuko litzaidake.”
Arangurengo gaztea:
“3 urterekin eskolan hasitakoan klasean sartu eta hor zegoen maistrak oso arraro hitz egiten zuen. Etxera joandakoan amari esan nion maistra horrek ez zekiela hitz egiten. Dena keinuz eta mugimenduekin azaltzen zuela eta ez niola ezer ere ulertzen, eta ez nuela eskolara joan nahi. Laster konturatu nintzen euskaraz ari zela, eta gero eta gehiago ulertzen niola eta oso ongi pasatzen nuela nire lagunak ere nirekin batera euskara ikasten ari zirelako.
Nire amonak ere hitz egiten zuen eta batzuetan kanturen bat edo hitz goxoren bat ere esaten zidan.
Etxean gaztelaniaz hitz egiten dut, baino Musika Eskolan klaseak euskaraz ematen dizkigute. Lagunekin erdaraz egiten dut, baina euskara ere gustukoa dut. “
Arizkungo gaztea:
“Nere amatxi ta aitetxin artian eskuaraz aitzen ziren, ta herrien ere, feritan ta hola batzutan eskuaraz aitzen zen.
Etxian ere eskuaraz in izen dugu gehienbat, baina gero karrikarat atra ta erderaz iten ginuen. Pediatrak ere etzekin eskuaraz.
Gurasoek erraten zataten eskuara jakitea ongi zela, baina arras inportantia dela erderaz ongi solastia, ze Iruñerat gatekuan, ongi iten ez bauzu irri iten datzute.”
Arbizuko gaztea:
“Gui herriyen, itxen beti euskias hitz ein duu. Itxen euskaldunek gaala aipetzen da ta kalien denok euskias etten duu. Kanpoti etorritakoek, Altsasuti o Iruñeti, hoiek bakarrik etten dubie erdias.
Gu oso pozik gaude laun tartien euskias etten, hitzek sortzen, txistiek ta pasadizoek kontatzen. Ikusten duzubien bezela gui hizkera de bakau. Askotan eztakiu ongi ai gan, ze gurasoek esaten diu hoi ez tela hola esaten ta holako kontubek, beya guk hola ongi pasatzen du.”

Bakoitzak berea idatzi eta gero, hau da hiru galderak erantzun eta gero, taldeka jarri (4-5naka) eta elkarri kontatu zuen historia linguistikoaren ezaugarririk nabarmenenak. Zuen artean ikusitako alderik handienak edo iruditu zaizkizuen ideiarik azpimarragarrienak apuntatu, gero gelakide guztiei kontatzeko.

Bukatzeko, ezagutzen duzue kantari, aktore edo pertsona ezagun baten historia linguistikoa?

Bestelako historia linguistikoak:

  • Edu Zelaieta idazleak ARMIARMAn argitaratutakoa: Autobiografia
  • Ahotsak audioak:Tolosako testigantza (euskararen galerari buruzkoa)
  • Etxeko bidean, Xamar (testua aukeratu)

Prestaketa

Testuen idatzizko kopiak banatu edo ozenki irakurri talde osoari. Galderak idatziz banatu edo ikusgai jarri, norberak bere historia linguistikoa idazten duen bitartean.
Saioa osatzeko, “bestelako historia linguistikoak” ataleko baten bat aukeratu eta ikasleei erakutsi.

Oharrak

  • Saioaren helburua da ikasleak ohartzea hiztun bakoitzak baduela bere hizkuntza historia, askotako egoerak daudela eta merezi duela besteen historiak entzutea eta ulertzen saiatzea.
    Beraz, ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, irakasleak bideratu gabe. Irakasleak aurrera egiten lagundu dezake baina emaitza baldintzatu gabe.
  • Ikasleek Edu Zelaietaren testua gustura jaso badute, Iruñerriko Institutuetan interesgarria izan daiteke beste poema hau ere irakurtzea: Villavesan

Lehen hitza euskaraz (2020)

Azalpena

“Euskaraz hitz egitea.
Ahal dugun guztietan euskaraz mintzatu, idatzi eta irakurri; gutxienez hizkuntzaz aldatzeko eskatzen diguten arte; edo solaskideak ez digula ulertzen argi eta garbi ikusi arte. Euskaldun guztiok hori egingo bagenu, urrats handia izango litzateke gure hizkuntzarentzat eta euskaldunontzat. Euskara eroso eta normaltasunez egiten badugu, gure eredua imitatzera joko dute inguruko batzuek behintzat.”
(1)

Ohikoa duzu lehen hitza euskaraz egitea? Horrela ez bada, zer aldatu beharko litzateke zure ingurunean edo zure ohituretan horrela jokatzen hasteko? Elkartu 4 edo 5 ikaskidekin eta zuen erantzunak konparatu.

Lehen hitza edo lehen esaldia beti euskaraz egiteak sorpresa on asko emanen dizkigu; izan ere, uste ez genuen tokietan ere euskaraz eginen digute maiz. Baina batzuetan “estres linguistikoa” delakoa sentitzen dugu, hau da, etengabe norekin, non eta noiz zein hizkuntza aukeratu erabaki behar izatea.

Estres linguistikoa (Argia multimedia, 2 min.)

Euskaldunek lehen hitz euskaraz egitea errazago izateko helburuarekin jaio zen Euskaraldia: “Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.” Ariketa sozial izanik, ez da hiztun bakar baten ahalegina, aldaketa kolektiboa da.

Euskaraldiaren baitan jaio ziren Ahobizi eta Belarriprest rolak.

Sakatu irudian, hobeki ikusteko

Zer zailtasun aurreikusten dituzun zure kasuan ahobizi izateko? Eta zer lortuko zenuke ahobizi izanik? Egin ariketa: zerrendatu, esaterako, norekin mintzatu zinen atzo eta kasu bakoitzean zein hizkuntza erabili zenuen. Erdaraz egindako zenbat hizketaldi izanen ziratekeen euskaraz zu ahobizi izan bazina?

2018ko Euskaraldian parte hartu zuten hainbat hiztunek bere esperientzia kontatu dute:
2018ko Euskaraldia (3 min.)

2020. urtean beste Euskaraldi bat eginen da. Animatuko zarete?

Prestaketa

Saioan bakarkako lana, talde txikietan aritzea eta hainbat bideo eta testu ikustea tartekatuko dira. Komeni da horien guztien sekuentzia aurretik pentsatzea, taldearen lan erritmoa kontuan hartuta.

Egindako lana emankorra izan bada, talde osoko hausnarketa edo konpromiso hartzea bukaera bikaina izan daiteke; baina ikasleen erritmoa behartu gabe, izan ere, ikasleen praktika linguistikoen arabera emaitza ezberdina izanen da talde batetik bestera.

Oharrak

Bestelako materialak, taldearen arabera erabiltzeko egokiak izan daitezkeenak:

Euskaraldia Institutuan landu nahi izanez gero, interestarria izan daiteke Lasarte herrian egindako esperientziaren berri izatea: Nerabeak Euskaraldian (21 min.)

(1) Plataforma per la Llengua-EMUN

Gazte sortzaileak eta sortzaile gazteak (2020)

Azalpena

Bideoan 2018ko udaberrian Arabako aterpe batean bildutako gazteek egindako jarduerak ikusi dituzue. Musika, bertso, ikusentzun eta antzerkiko hainba kulturgileren lana ezagutu eta, haien laguntzaz, kanta, bertso eta bideo edo antzezlan berriak sortu zituzten lagunartean.

Euskaraz lan egiten duen zein abeslari, aktore edo bertsolari ezagutu nahiko zenituzkete? Elkartu hiruzpalau taldekidekin eta proposatu horrelako egonaldi batean gonbidatuko zenuketen lau euskal sortzaileren zerrenda. Laguntza behar baduzue www.sortzaileak.eus webgunean dauzkazue kulturgile askoren informazioa, arloka sailkatuta. Zerrenda bakarra adostu behar duzue, beraz, taldekideak konbentzitzeko zuen hautagaien aldeko argudioak (hau da zergatik gustatzen zaizkizuen) azaldu beharko duzue. Horretarako modu ona izan daiteke kanta, bertso edo idatzitako testuren bat aukeratzea eta gainerakoei erakustea. Egin bilduma eta disfrutatu!

Prestaketa

Ikasleek informazioa bilatzeko edo osatzeko internet konexioa beharko dute.

Euskal kulturaren ezagutza oso mugatua badute, baliteke ikasleek laguntza gehiago behar izatea. Irakasleak hainbat adibide prestatuta eraman beharko lituzte, azkenean ez erabili arren. Saiatu haien gustuen araberako bideoak edo kantak aukeratzen, ez helduon ustez “ezagutu” behar duten kultur katalogoaren berri ematen. Zaletzen badira horretara ere helduko dira.

Nik norekin nola (2020)

Azalpena

Joko honen bidez ikasleei hausnarketa egiteko eskatuko diegu. Rol jokoa bukatu ondoren, hausnarketa egin eta ateratako ondorioak partekatuko dituzue. Sortutako hausnarketa sozializatu eginen da. Horretarako gogoan hartuko duzue NORBERAK zer hizkuntza erabili/erabiltzen duen bakoitzarekin, hau da: lagun-minarekin, tuentiko lagunarekin, gurasoekin… Oso garrantzitsua da irakasleak ariketa iritzirik edo epairik eman gabe bideratzea, hau da, zer den ongi edo gaizki dagoena nabarmendu gabe egitea

Rol jokoaren jarraibideak:

  • Ikasleak bi taldetan banatuko dira: A eta B.
  • A taldeak borobil bat osatuko du gela erdian, B taldeak beste borobil bat, baina A taldearen kanpoko aldean. A eta B taldeetako ikasleak aurrez aurre paratuko dira, hau da, A taldeko batek B taldeko bat izanen du parean. Ariketa gelan egiten bada mahaiak albo batera eraman beharko dira, hori ezinezkoa bada, ikastetxeko beste edozein toki ere aukera daiteke –patioa, esate baterako–.
  • Denak horrela paratuak ditugunean Akoak oinez norabide batean hasiko dira eta Bkoak kontrako norabidean. Irakasleak erabakitzen duenean GELDI esanen du eta kanpoko taldeko ikasleak parean duten barruko taldeko ikaslearekin hizketan hasiko dira (kasu honetan Bkoak).
  • Ako ikasle bakoitzak kartulina bat izanen du behean agertzen diren rol horietako batekin, hau da, LAGUN-MINA, LAGUNA, WHATSSAPPeko LAGUNA… Beraz, Bkoari parean LAGUN-MINA duen kartulinadun ikaslea egokitzen bazaio lagun-minarekin euskaraz egiten badu euskaraz hasiko da, lagun-minarekin gaztelaniaz egiten badu gaztelaniaz hasiko da, normalean egiten duen bezala. Barrukoak ezin du hitzik egin (kasu honetan, A taldekoak).
  • Hiru aldiz errepikatuko da ariketa.
  • Ondoren barrukoak kanpora eta kanpokoak barrura, hau da, A taldea B taldearen tokian eta alderantziz. Berriro ariketa errepikatuko da.

Prestaketa

  • Rolak aukeratu, adibideak: lagun-mina, laguna, whatsspeko lagunak, sare sozialetako lagunak, ligea, anai-arrebak, gurasoak, monitorea, astebukaerako lagunak, tabernaria, dendaria, medikua.
  • Rol bakoitzarekin kartulina txiki bat prestatu.
galdet13-18

(Orria txuri-beltzean)
(Orria txuri-beltzean eta letra gabe)

Oharrak

Jarduera honen helburua ikasleek lagunekin, twitter, whatssap, instagram, facebook-en hizketan ari direnean zer hizkuntza erabiltzen duten ohartzea; euskara ala gaztelania hautatzen dutenean erabaki bat hartzen ari direla ohartzea; eta erabaki hori aldatzeko aukera dutela ohartzea.

Ibaia (2020)

Azalpena

Ibaia

Jarduera honen helburua bakoitzak norbere hausnarketa egitea da eta hizkuntzaren hari afektiboa ernatzea eta bestea hobeki ulertzea. Jarduera sakona da, ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, ahal dela irakasleak eskua sartu gabe.

Ibaian jasotzen dena, ahal den neurrian behintzat, bizipen pertsonalak izan daitezela, eta ez hainbeste testuinguru edo gertaera sozialak.

Irakasleak berak aurretik ariketa hau egitea gomendatzen dugu.

Irakasleak Ni eta Euskara testua irakurriko du, edota grabazio bat egin eta hura jarriko du. Ikasleek begiak itxita dituztela, euskarak gure bizitzan egin duen ibilbidea ikusarazten lagunduko digun testua (NI ETA EUSKARA) irakurriko diegu. Poliki eta isilune asko eginez irakurri behar da, isilune horietan pentsatzeko aukera emanez.

NI ETA EUSKARA testua


NI ETA EUSKARA testua
Euskara eta ni, ni eta euskara,
Noiztik elkarrekin? Betidanik?
Betidanik lagun min? Ala betidanik ezagun?
Estua izan al da zuen harremana?
Estua al da orain zuen harremana?
Izan al da harremana sendotu duen gertakizunik?
Izan al da harremana ahuldu duen gertaerarik?
Euskarak emango zizkizun une gozoak?
Eta zuk euskarari?
Euskara dela-eta izango zenituen une lantzak?
Eta zuregatik euskarak?
Beti biak ala izan al da hirugarrenik?
Zer eragin du inguruak harremanean?
Eta ingurukoek?
Nola zaudete euskara eta zu orain?

Testua irakurri ondoren, memorian zehar egindako bidaian ikusi dutenaren inguruan hausnartzeko eskatuko diegu; haien memorian mugi daitezela eskatuko diegu, gaurko egunera iritsi arte.

Ondoren, begiak irekitzeko eskatuko diegu, eta NI ETA EUSKARA ibaia marraztuko dugula azalduko dugu. Bakoitzak nahi duen edo eroso sentitzen den tokia aukeratuko du, eta papelografo (paper txuri handi bat) txuri batean “Ni eta euskara: ibilbide historikoa” marraztuko du. Ibaiaren irudia erabiliko dugu marrazkia egiteko, eta norberaren bizitzan euskararekin izan dugun harremana, bizipenak, sentimenduak… islatuko ditugu bertan. Arestian egindako memoria-ariketan ikusi eta sentitu dituzten une eta gauza guztiak jasotzeko eskatuko diegu, eta denak ibaiaren irudian jartzeko. Marrazten ari diren bitartean euskal musika lasaia paratuko dute.

Ibaiaren marrazkia bukatu ondoren, nork bere ibaia aurkeztuko du taldekideen aurrean. Taldea handiegia ez bada, talde osoaren aurrean egingo da aurkezpena. Handiegia izanez gero, talde txikitan banatuta egingo da sozializazioa. Sozializazioak eta norberaren ibaiaren azalpenak, bestalde, behar adinako sakontasuna izan behar du, oso azaleko azalpen arinak saihestuz. Horretarako, lagungarri gerta liteke lehendabiziko azalpena dinamizatzaileak berak edo ariketaren nondik norakoaz jabetuta dagoen pertsona batek egitea. Ibaiak sozializatu direnean, entzundakoaren inguruko ondorioak aterako dituzte, behar izanez gero zenbait galdera planteatuta: berdintasunak eta ezberdintasunak, zenbateraino eragiten digu jatorriak eta inguruak…

Ruper Ordorikaren Ibaia kanta

Jarduerari bukaera emateko Ibaia kantaren letra irakurri daiteke kanta entzun bitartean, edo ausartzen dena hura kantatu.

Prestaketa

Ibaia egiteko behar adina margo, errotulagailu, koloretako paper, guraize… izango dute lurrean edo mahai gainean.

Euskal musika lasaia marrazten ari diren bitartean entzuteko, ikasleek aukeratua posible bada.

Ibaia ariketa luzea eta sakona da, eta aurrera begirako datu eta elementu asko ematen ditu. Horrela azalduko zaio taldeko kide guztiei.

* Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.

Zubia (2020)

Azalpena

zubiaPirañaz betetako ibai batean zaudete eta zintak markatutako ibilbidea da pirañetatik libratzeko zubi bakarra. Beraz, zubitik atera gabe aritu beharko duzue joko osoan zehar. Sartu zubian.

Hasteko, ilara adinaren arabera ordenatu, baina erne! oinak zubitik atera gabe, pirañak daude eta!

Orain ilearen kolorearen arabera kokatu, mutur batean argiena eta beste mutur batean ilunena.

Jarraian, Nafarroako herri bana izanen zarete, eta herri horietan dauden biztanle euskaldunen ehunekoen arabera ordenatu behar duzue ilara. Euskaldunena mutur batean eta erdaldunena beste muturrean. Gogoratu, zubitik atera gabe!

Bukatzeko, munduko hizkuntza bana izanen zarete eta hizkuntzen tamainaren arabera ordenatu beharko duzue ilara; hau da, daukaten hiztun kopuruaren arabera, handiena mutur batean eta txikiena beste muturrean.

Asmatu duzue?

“Tribuaren Berbak-Euskararen tamaina” telebista saioaren lehenengo zatia ikusi, 13’30” arte.

Tribuaren Berbak – Euskararen tamaina _Vimeo
Tribuaren Berbak – Euskararen tamaina _eitb_nahieran

Denak ados zaudete?

 Prestaketa

Zintaz edo zelo lodiz lurrean ibilbide estu bat  markatuko dugu. Ibilbideak  25 cm-ko zabalera izanen du,  bi oinak elkarren ondoan sartzeko adinakoa eta luzera 12 bat ikasle sartzeko moduan. Ikasle kopuruaren arabera eginen dugu zubi bat edo bi zubi, ikasleak bi taldetan multzokatuta. Taldekide guztiak zintaren gainean eta norabide berean jarri behar dira.

zubia4

Ilara ordenatzeko irizpideak aurretik erabaki eta prestatu. Hasieran,  berehala ikusi eta egiazta daitekeen bat edo pare bat (adinaren arabera, altueraren arabera…); jarraian landu nahi dugun gaiaren arabera, kasu honetan:

  • Nafarroako hainbat herriren hiztun elebidunen ehunekoen arabera.
  • Munduko hizkuntzen tamaina (hiztun kopurua).

Ikasle bakoitzari Nafarroako herri bana eta munduko hizkuntza bana esleitu behar dizkiogu. Horretarako, behar dugun kopuruaren arabera zerrendetatik izenak aukeratu eta paperetan idatzi.

Toki batetik bestera mugitzerakoan zubitik ez direla ateratzen zaindu (horrela dibertigarriagoa da). Ateraz gero beren tokira itzularazi eta berriz saiatzeko eskatu.

Ordena erabakitzeko, beharrezkoa izanen da ikasleen arteko elkarrizketa, adostasuna eta ikuspegi ezberdinen azaleratzea. Hori da saioaren helburua. Irakasleak malgutasunez jokatu du eta ikasleek adostutako hurrenkera onartu, iradokizunik eman gabe. Jolasa bukatzen da adostasuna lortzen denean. Orduan lortutako emaitza (hurrenkera) jaso eta ilara desegin. Bukatzeko asmatu duten ala ez ebazteko informazioa eman.

Oharrak

Munduko hizkuntzen tamainaren gaia osatzeko informazioa: “Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean” K. Amonarriz, Argia

Munduko hizkuntzei buruzko informazioa: Ethnologue

(Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.)

 

Libertimendua, Nafarroa Beheretik Iruñera (2020)

Azalpena

Zer da libertimendua? Nork egiten du? Zein osagai ditu? Zertarako egiten da?

https://dantzan.eus/bideoak/donibane-garazi-libertimendua-2016/embed

iruñeko inauteriko argazkia
ARG: Josu Santesteban-ARGIA

Libertimenduaren jatorria Nafarroa Beherean dago, baina ideiek mugarik ez dutenez, iaz Iruñeko Libertimendua egin zuten: “Iruinkokoa”, Iruñeko inauteri euskalduna. Satira, kritika, zirtzilkeria, antzerkia, dantza eta musika koktela.

  • Ezagutzen duzue horrelako beste adierazpen edo esperientziaren bat?
  • Animatuko zinateke zuek Institutuko Inauterietarako kopla batzuk osatzera edo esketx labur batzuk idaztera, zuen auzoan edo Institutuan bertan azken aldi honetan gertatutako gauzak umorez kontatuta? Edonola ere ez ahaztu inauteriaren helburu nagusia: ongi pasatzea!

Koplak osatzeko jarraibidea: 4 lerroko bertsoa, lehen biak 8 silabakoak eta errimadunak, hirugarrena 10 silabakoa eta errimarik gabea eta laugarren lerroa 8 silabakoa eta errimaduna berriro ere → 8A, 8A, 10B, 8A.

Adibide bat entzun nahi baduzue, honela egiten dute bertsolari gazteek:

https://bertsoa.eus/bertsoak/14029-koplaka-peru-abarrategi-maider-arregi

Prestaketa

Oharra

2020ko Iruinkokoa otsailaren 23an:

oier zuñigaren kartela-Iruinkoko 2020
Afixaren egilea: Oier Zuñiga