DBH-ko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea

Aspaldi ez dugu ezer idatzi Blog honetan eta zergatia azaltzearekin batera, geldialdi honek ekarri duena partekatu nahi dugu zuekin. Denbora honetan guztian, ez gara geldirik egon, beste lan mota bat egiten baizik, alegia, gai honek duen mamiaren zati txiki bat bada ere ikertzen. Lan ildo honek guretako lehentasunezkoa izaten jarraitzen du eta hurrengo urratsak emate aldera oinarri sendoagoen bila jo dugu zuentzako geldialdia izan den honetan. Horregatik ikerketa burutzeko aukera izan dugun momentuan ekin diogu horri. Ez da lan makala izan, eta gure indarrak eta baliabideak mugatuak direnez, lehentasuna ikerketari eman diogu.

Dakizuenez, urte batzuk pasatu dira MSB bloga sortu genuenetik, ikasgeletan hizkuntzarekiko motibazioa lantzeko beharra ikusi genuelako. Gaur egun ere behar hori hortxe dago. Blogean jasotako jarduerak han-hemenka gelaratu eta gero, irakasleen aldetik jaso dugun erantzuna ona izan da ikasleengan sortutako gogoetei begira. Bide horretan sakondu nahi izan dugu planteamendua egokia zen ala ez jakiteko. Batetik, hizkuntzarekiko ikasleen bizipenak, sentimenduak eta emozioak ezagutzeko beharra genuen; eta, bestetik, bizipen eta sentimendu horiek hobetzeko bidean zein esku hartze egin zitekeen aztertu nahi genuen.

“DBHko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku-hartzea”   lankidetzaren emaitza da. Alde guztiak ezinbestekoak izan dira ikerketa burutzeko: batetik, EIBZ, NUP eta Berriozarko Udala; bestetik, euskarazko eredua duten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxeen adostasuna; hirugarrenik, ikastetxe horietako irakasleen ezinbesteko laguntza eta prestutasuna; eta azkenik, ikasleena, haiek izan baitira ikertzeko materiala eman digutenak.

Urrats hau bukatu ondoren, hurrengoari begira jada jarri gara eta gure asmoa DBHrako geletan atxikimendua lantzeko programazioaren zirriborroa osatzen hastea da.