Hitzekin

Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak.

Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek… Bada ekiteko ordua.

Hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu, larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak dira. Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.

Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka, 22. KORRIKAra batzeko unea da. Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin.

Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin.

Gazteen esamoldeak

BERRIA ikasgela / 2021-11-29

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. BERRIAk gazteen esamoldeak jaso ditu bideo batean. Hainbat eta hainbat esamolde baitaude, besteak beste, lagunari isilik egon dadila eskatzeko, diru gutxi daukagula esateko edota sexuaz aritzeko.

Gazteen eguneroko hizkerako hainbat esamolde nola esaten diren entzun daiteke bideoan. BERRIAko kazetaririk gazteenek hartu zuten parte 2020ko Euskaraldiaren harira eginiko ikus-entzunezko honetan.

Bideoa:

Etorkinak al dira diru-laguntza publiko gehien jasotzen dituzten herritarrak?

FAKTORIA / 2021-11-05 / 00:18:06

Etorkin gehiegi daudela, beraien erruz soldatak jaisten ari direla, diru-laguntza publiko gehienak jasotzen dituztela, segurtasun arazoak eragiten dituztela edota euskara arriskuan jarri dutela. Etorkinen inguruko iritzi horiek jaso eta estatistikekin alderatu ditugu. Bat al datoz errealitatearekin?

Kalean bolo-bolo dabiltzan iritziak dira, Euskadi irratiko mikrofonoek jaso eta antenaratu dituztenak. Zenbat dute, ordea, egiatik? Datuek berresten al dituzte iritzi horiek? Ikuspegi migrazioaren behatokiko Arkaitz Fullaondo soziologoak eman dizkigu erantzunak.

Eraman al daitezke bizikletak lineako autobusetan?

FAKTORIA / 2021-10-20 / 00:17:22

Bizikleta eta garraio publikoa uztartzea ez da erraza Euskal Herrian. Lineako autobus askotan debekatuta daude, Renferen zenbait trenetan desmuntatuta eraman behar dira… Araudiak aztertu eta Kalapie Elkarteko txirrindulari baten esperientzia ezagutu dugu.

Jarraitu irakurtzen

“Nahiago dugu furgonetan bizi geure dirua alokairuan gastatzea baino”

Amarauna / 2021-04-25 / 00:10:19

audio_ikonoa

Furgonetan bizi da Iratxe Goikoetxea. Nomada da. Abuztuan bere lana eta gurasoen etxea utzi eta 6 metro karratuko etxe ibiltarian bizitzen hasi zen Déborah García bikotearekin batera.

Komuna lantoki du, lantokia egongela eta egongelako mahaia ohe. 6 metro karratuko furgoneta batean bizitzea zer den kontatu du Iratxe Goikoetxeak; baita nomada izatea zergatik erabaki zuen ere. Biarritzen topatu dute, hondartzan, berarekin batera abuztuan furgo-abentura abiatu zuen Déborah García bikotearekin batera. Biek ala biek nahiago dute furgonetan bizi diruarekin higiezinen merkatua elikatzea baino. Entzun zergatik.

Aita-semeak graffitigile

Faktoria / 2021-04-12 / 00:20:09

audio_ikonoa

Nextor Otaño 17 urteko pasaitarrak Espainiako graffiti txapelketa irabazi berri du. Aitarekin batera aritzen da marrazkiak egiten.

Inori esan gabe eman zuen izena Nextor Otaño ‘Nexgraff’-ek Graffiti Battle txapelketan, ez baitzuen espero hain urrun iristea. Hainbat fase gainditu ostean, finalean Diego As galiziarrarekin lehiatu zen. Dena den, ezusteko tekniko batzuk zirela medio, txapelketaren antolatzaileek erabaki zuten bi finalisten artean banatzea saria.

Aitor Otaño aitarekin batera egiten ditu graffitiak Nextorrek. ‘Nex’ sinadurapean, askotariko marrazkiak egin dituzte. Artista estatubatuarren graffitiak egin izan dituzte, baina baita euskal kulturako erreferente batzuenak ere; besteak beste, Maialen Lujanbioren, Mikel Laboaren eta Berri Txarrak taldearen erretratuak egin izan dituzte. @nexgraff Instagram kontuan jartzen dituzte ikusgai egindako lanak.

Buruz ikastea Hezkuntzan gainditu beharreko ohitura da?

Jin eta Joan / 2021-06-07 / 00:12:33

audio_ikonoa

Memoria lantzeari buruz eta horretarako dauden eredu zein joera ezberdinez aritu dira Jin eta Joan, Bilboko Miguel de Unamuno institutuko ataritik zuzenean.

Hezkuntza prozesuan informazioa buruz ikasi eta memoria lantzeari buruz galdetu diete: Joxe Amiama EHU-ko pedagogia irakasleari, Xabier Castrillo Iruñeko Mendigoiti ikastetxe publikoko irakasleari, Zigor Ibartzabal Ikastolen Elkarteko Hekzuntza arduradunari eta Juanjo Torres Barañaingo “Luis Morondo” Musika esolako zuzendari eta tronboi irakasleari. 

Harreman emozionala olagarroarekin, zergatik ez?

Faktoria / 2021-05-03 / 00:20:26

audio_ikonoa

Oscarra jaso duen “My Octopus Teacher” dokumentaleko protagonistari sentitzen erakutsi dio olagarroak. Terapia egiten laguntzen dio depresioak jotako gizonari. Olagarroaren adimena, txunditzekoa.

Xabier Lasaga, Donostiako aquarium-eko komunikazio arduraduna eta Borja Intza, Donostiako ospitale psikiatrikoko terapeuta okupazionala izan dira Faktorian.

My Octopus Teacher dokumental saritua eta olagarroaren ezaugarri harrigarriak aztertu dituzte.  Urte eta erdiko bizitza laburrean garatzen duen adimena nabarmendu dute biek. 500 milioi neurona ditu olagarroak eta misterio handia eragiten dute bere gaitasunek.

Mugimendu ekologistaren historia

EHUko kultura zientifikoko katedra / 2020-12-28 / 00:01:42

1962. urtean Rachel Carson itsas biologoak New Yorker aldizkarian DDTak eragiten zituen ondorioen berri emanez argitaratu zuen artikulu-sorta bat. DDTa  intsektizida gisa erabiltzen zen eta labore-eremu handiak fumigatzen ziren, inolako kontrolik gabe. Rachel Carsonek DDTaren bidea miatu zuen elikadura-katean, eta frogatu zuen, pilatu ahala, espezie askoren genetika aldatzen zuela. Artikuluak “Udaberri isila” liburuan bildu zituen gerora.  “Udaberri isila” lanak lagundu zuen giza espezieak munduan hartzen duen lekua definitzen eta ideia iraultzaile bat erdigunera ekartzen: gizakia ez dela planetaren jabea, maizter hutsa baizik.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.