EHUko Kultura Zientifikoko katedra / 2020-11-29 / 00:01:34
Joan den mendeko 40ko hamarkadaren hasieran, Harry Wesley Coover kimikariak Super Gluea aurkitu zuen istripuz. Bigarren Mundu Gerra zen, eta Cooverrek eta haren taldeak Kodak enpresan lan egiten zuten, su-armen bisoreetarako plastiko garden bat garatzen. Akrilatoekin esperimentatzen ari zen, itsasgarri oso itsaskorra (zianoakrilatoa) aurkitu zuenean. Alde batera utzi zuten aurkikuntza, harik eta 1951n Cooverren taldean zebilen Fred Joyner ikertzaileak konposatu bera erabili zuen arte. Hegazkin-kabinetarako tenperaturarekiko erresistentea zen estaldura bat bilatzen ari zirela, ikertzaileak errefraktometroaren bi lentetan zabaldu zuen itsasgarria, errefrakzio-indizea neurtzeko. Kontua da lenteak ez zirela askatzen, elkarri itsatsita mantentzen ziren eta produktu hark irtenbide komertziala izan zezakeela pentsatu zuen.