Adimen emozionala eta komunikazio gaitasuna bikote harremanetan

Gaztezulo / 167zbka. – 2015-11 / 454 hitz

Azkenaldian asko entzuten dugu ‘adimen emozionala’ kontzeptua, eta sarritan lotzen da komunikazio gaitasunarekin. Ba al dakigu zehazki zertaz ari garen? Azter dezagun bi kontzeptu horiek bikote harremanetan duten garrantzia.  

Emozioa estimuluen aurrean ematen den erantzun psikofisiologikoa da. Hala nola, pentsamenduak eta portaerak emozioek motibatutako erreakzioak dira. Hortaz, sentitzen dugunaren arabera hartzen ditugu erabakiak, eta ondorioz, modu batera edo bestera jokatu.

Oinarrizko emozioak (poza, haserrea, beldurra, nazka, tristura eta harridura) unibertsalak dira, hau da, pertsona guztiok sentitzen ditugu, eta antzeko erantzunak eragiten dituzte; gainera, erantzun horiek, eboluzioaren ikuspuntutik, biziraupenerako beharrezkoak dira. Bestalde, sentimenduak pertsona bakoitzaren emozioen bizipen subjektiboa dira, alegia, sentitzen dugunaren ebaluazio kontzientea. Sentimenduak emozioak baino konplexuagoak dira, eta, batzutan, besteek sentitzen dutena ulertzeko zailtasunak izan ditzakegu.

Aitzitik, emozio bakoitzak aurpegiko keinu edo mikro-espresio jakin batzuk eragiten ditu. Emozio bakoitzak berea dauka eta pertsona guztietan berdinak dira. Keinu horiek komunikatzeko funtzioa dute eta elkar ulertzeko baliagarriak dira. Horrekin lotuta dago aspaldian sarritan entzuten dugun beste hitz bat: enpatia. Hau da, beste pertsonen emozioak eta sentimenduak antzemateko gaitasuna.
Nahiz eta besteak ulertzeko eta komunikatzeko ahalmena pertsona guztion berezko ezaugarria izan, jakina da batzuk besteak baino trebeagoak direla. Trebetasun faltaren ondorioz, elkar ez ulertzea gerta daiteke, eta hori istilu iturri izan ohi da bikote harremanetan. Hala ere, ez kezkatu, gaitasun horietan trebatzea posible baita.

Pista batzuk
Lehenik eta behin, garrantzitsua da gure emozioak identifikatzea. Autoezagutza bizitza guztian zehar egiten dugun prozesua da; esperientzia berri bakoitzean geure burua ezagutzen eta ulertzen jarraitzeko aukera aurkitu dezakegu. Horretarako, barrura begiratzea ezinbestekoa da, eta gomendagarria da geure burua modu kontzientean aztertzeko ohitura hartzea.

Bestetik, emozioak eta sentimenduak kudeatzea ez da erraza. Sentitzeko baimena eman behar diogu gure buruari. Emozio eta sentimendu guztiak baliozkoak dira, baita beharrezkoak ere, nahiz eta batzuk negatiboak bezala sumatu.

Geure burua ulertzen ikasten badugu, seguruenik, errazago ulertu ahal izango ditugu gure bikotearen emozio eta sentimenduak, eta, ondorioz, komunikatzeko erraztasun handiagoa izango dugu. Hala ere, gogoratu bakoitzaren ikuspuntua subjektiboa dela, pertsona bakoitzak modu pertsonalean hautematen baitu errealitatea, eta, beraz, ohikoa da tankerako egoeren aurrean modu ezberdinean erantzutea.

Jakina da harremanak konplexuak direla, eta, beharbada, pausorik zailena gure emozioak adieraztea da, gaizki-ulertuak elkarrekintzan ematen baitira. Horregatik, garrantzitsua da gure sentimenduak bestearenak mindu gabe adierazten ikastea. Komunikazio mota horri asertibitate deitzen zaio, eta agresibitaterik eta sumisiorik gabeko komunikatzeko modua da, bestearen iritzia errespetatuz, baina norbera mespretxatzen utzi gabe.

Pertsonak konplexuak gara eta halakoxeak dira ondorioz harremanak ere. Baina horixe da hain zuzen ere aberasten gaituena. Aprobetxatu dezagun hazteko eta bikote harreman onuragarriak eraikitzeko.

Bikote arazoak eztabaidatzeko 10 gomendio
–    Arazoa labur eta modu positiboan azaldu.
–    Zehaztasunez hitz egin.
–    Sentimenduak azaldu.
–    Arazoan norberak duen ardura onartu.
–    Aldi bakoitzean arazo bakar bat eztabaidatu.
–    Entzuketa aktiboa landu.
–    Behatu daitezkeen arazoak aztertu.
–    Konponbideetan zentratu.
–    Jokabide aldaketa bi aldeetan eragin.
–    Adostasunetara iritsi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.