Arimen eta beldurraren gaua

Ainara Arratibel Gascon / 2015-10-31 / 1019 hitz

Irlandan du jatorria Halloween jaiak. Euskal Herrira ere iritsi zen arimen gaua, eta gazteek hemengo ezaugarrietara ekartzea lortu zuten. Egun, agerikoa da Ameriketako Estatu Batuen eskutik etorritako jaiaren merkantilizazioa. Erroetara itzultzearen alde azaldu dira asko.

Jai pagano bat zena jai erlijioso bilakatua; eta, berriro, jatorri paganora buelta. Ibilbide hori egin du gaurko gauez ospatzen den Gau Beltzak, Halloween gauak. Europan sortutako jaiak hasierako bi ezaugarri mantentzen ditu: kuiak eta mozorroturik eskean ateratzea. Baina Ameriketako Estatu Batuetan hartutako indarrak, goitik behera aldatu du jaia. Lehen, etxeko trapuekin egindako mozorroak eramaten zituzten; orain, dendan erositako mozorro ponpoxoak janzten dituzte eskean ateratzen direnek. Kuia benetakoak plastikoko bilakatu dira, eta hildakoen espiritua berreskuratzeko jai bat zena umeek gozokiak eskatuz gozatzeko festa bilakatu da. Euskal Herrian ere bilakaera bera izan du. Antropologo askok festa lehengora itzultzeko eskatu dute.

Irlandan du jatorria ospakizunak, tradizio zeltan. Gaurko gauez Samhain festa ospatzen zuten. Samhain-ek udaren amaiera esan nahi du. Ospakizun horrekin amaitutzat ematen zuten uzta garaia, eta negua hasten zen haientzat. Gaua hildako arbasoak omentzeko aprobetxatzen zuten, eta haien espiritua festara gonbidatzen zuten. Aldi berean, espiritu gaiztoak uxatu egiten zituzten, eta horretarako erabiltzen zituzten mozorroak eta maskarak. Kuiak eta arbiak ere jartzen zituzten, kandelekin. Gerora, XVI. mendean, Halloween izena hartu zuen. Halloween hitzak eskoziar jatorria du, eta ingelesezko All Hallows Even esamoldetik hartua dago. Esamolde horrek santu guztien gaua esan nahi du.

Gerora, kristauek bere egin, eta kutsu erlijiosoa ematen saiatu ziren. Alabaina, Irlandan tradizio paganoari eutsi zioten. XVI. mendean Irlandako eta Eskoziako herritar askok Ameriketako Estatu Batuetara joan behar izan zuten, eta berekin eraman zuten festa. 1840. urtean ospatu zen estreinakoz han. Pixkanaka, hango ezaugarriak hartzen hasi zen, eta saltokiek beren gain hartzen hasi ziren. Hala, beldurrezko mozorro ikusgarriekin desfileak egiten hasi ziren. Festa berriro zabaltzen hasi zen Europan. Baina hango moldeekin.

Oier Araolaza dantzari eta antropologoak azaldutakoaren arabera, Euskal Herrian ere aspaldikoa da gaurko gaua ospatzeko ohitura. «Baina data zehatzik ez dago jatorriari buruz». Euskal Herrian ere jaiak bi ezaugarri nagusi zituen. Batetik, kandelekin argiztatutako kuien eta arbien erabilera. «Umeek bide bazterretan uzten zituzten, jendea beldurtzeko. Pierre Duny Petre idazle eta ikertzaileak idatzitako testu batean jasotzen da Donibane Garaziko umeek udazkeneko gau askotan egiten zutela hori», azaldu du Anuntxi Arana antropologoak. Aranak iltzatuta du aitak ortutik kuia bat ekarri, zuloak egin, eta kandelak jarri zizkion eguna. «Niretzat, benetako hildako baten garezur bat zen. Gaur egungo umeentzat, ez dakit esanahi bera izango lukeen». Itziar Diez de Ultzurrun antropologoari amatxik esan zion txikitan ospatzen zutela. «Zur eta lur geratu nintzen. Izan ere, urteetan galduta egon zen. Euskal Herrian beste tradizio eta ospakizun batzuk errotu ziren: Gabonetan Olentzero ateratzearena, adibidez».

Bestalde, udazken-neguetako festen ezaugarri diren eske errondak daude. «Domu Santu egunak markatzen zuen eske erronden hasiera. Ondoren, San Martin egunez, Gabonetan, Santa Agedan eta Inauterietan ere egiten ziren. Hausterre Asteazkenarekin amaitzen ziren. Garizuman sartzearekin batera. Izan ere, udaberri-udetako festetan ez ziren hainbeste eske egiten».

Gaur gaueko eskea Ameriketako ereduari jarraituta egiten dutenek Trick or Treat (trikimailua edo tratua) esamoldea erabiltzen dute. Zelten tradizioari lotuta dago esamolde hori. Horren arabera, festa ospatzera zetozen espirituen artean, baziren gaiztoak, eta horiek uxatzeko egiten zen. Onena tratua egitea zen. Gainontzean, espirituak begiz jo, eta trikimailua egiteko arriskua zegoen.

Hori aldatu, eta garai batean Euskal Herrian erabiltzen ziren formulak lehenestearen alde agertu dira hirurak. Horiei begiratu bat eman diete: «Adibidez, nire seme-alabekin,hau erabiltzen dut: ‘Xanduli Manguli Kikirriki, eman gozokiak guri’. Nire helburua ez da hori leku guztietan erabiltzea, baina bai eskualde bakoitzak berea izatea», azaldu du Araolazak. Jaiari berari izena aldatzearen alde agertu da Arana: «Hortik hasi beharko genuke. Mutrikun [Gipuzkoa] adibidez, Gau Beltza esaten diote». Hain zuzen, Mutrikun jaiak bere garaian zuen garrantzia gogorarazi du. «Oso errotua egon da beti. ‘Xesteron kontra, animen alde‘ zen eskean ateratzeko erabiltzen zuten esaldia. Xestero herriko ehortzailea zen». Iruñean beste formula batzuk erabiltzen dituzte, Diez de Ultzurrunek azaldu duenez: Zingila, mingila kurriskariua, ireki ezazu armairua. Eskean, umeak ibili izan dira beti. «Hildakoen ordezkariak ziren». Horri lotuta, Nafarroako hainbat tokitan abesten zen beste kantu bat aipatu du: Aingeruak gara, zerutik heldu gara eta ogia nahi dugu.

Beste ezaugarrietako bat, gaurko gauak heriotzarekin duen lotura izan da. Nafarroan, Murchanteko herrian, asko ospatzen zuten. «Bere garaian herritarrei debekatu egiten zieten kalera ateratzea gau honetan, ustez hilak etortzen zirelako. Baina bazen herritar bat hori sinistu ez zuena, eta kalera atera zen. Hildakoen prozesio bat topatu omen zuen, kandelak eskuetan. Beldur ikaragarria hartu zuen». Gaur egun, hildakoekin zuen lotura hori zertxobait galdu du. Hori eragin duen arrazoietako bat ondorengoa izan daiteke, Diez de Ultzurrunen arabera:. «Heriotzari beldurra diogu, eta, neurri batean, tabu bihurtu da. Festa gehiago da umeak mozorrotu eta ondo pasatzeko». Hain zuzen ere, hori aldatu, eta garai bateko erroetara itzuliz, heriotzaren inguruan pedagogia egiteko aprobetxa daitekeela uste du. «Ez bakarrik horren inguruan. Guk, adibidez, duela bi urte euskal mitologiari buruzko istorio beldurgarriak kontatu genizkien umeei. Askoz dibertigarriagoa eta aberasgarriagoa da hori».

Kuiak plastifikatuak

Kuiei dagokienez, «plastifikazio bat» izan dela nabarmendu du Araolazak. «Neurri batean, galdu egin da baratzetik edo dendatik kuiak hartu edo erosteko ohitura. Plastikozkoak erabiltzen dira. Gainera, gaur egun, kaleak argiztatuta daude, eta kandelak barruan dituzten kuiekin ateratzeak xarma apur bat galdu du». Mozorroek ere ez dute zerikusirik. Hala azaldu du hori Araolazak: «Garai batean, etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen zen jendea, eta beti aurpegia estalita. Gaur egun, berriz, jendeak mozorro dendetan erosten ditu. Kasu askotan, ez dute aurpegia estaltzen, eta horrek beldur kutsu hori kentzen dio jaiari. Neskatoak, adibidez, maitagarrienak diruditen sorgin mozorroekin janzten dira».

Araolazari «pena handia» ematen dio Ameriketako Estatu Batuetatik etorri behar izan dela jaia, hemengoa zena berreskuratzeko: «Euskaldunek harro esaten dugu gure sustraiak mantendu eta ezagutzen ditugula, baina praktikan ez gara beste herriekiko hain diferenteak, eta haien pareko lotura daukagu gure erritu eta tradizioekin». Aranaren irudiko, modernitatearen loriaz hainbat usadio galdu egin dira. Dena den, ez da Araolaza bezain ezkor. «Bada gauzak aldatzeko borondatea. Gure esku dago; niri asko gustatzen zaizkit antzinako ohiturak, oso tradizionala naiz. Orain, zentzuz aldatu dute, baina lehengora itzul gaitezke».

Bat dator horrekin Diez de Ultzurrun. «Argi dago festa geratzeko etorri dela, eta gure esku dago horri erantzutea. Lehengora itzultzearen aldekoa naiz ni. Nola egin aztertu beharko litzateke. Jaia, berez, polita da».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude