Korrika dabiltzan Switzer eta Gibb guztiei

Estitxu Eizagirre / 2015-11-04 / 285 hitz

Igandean Behobia-Donostia maratoi erdia egingo dute korrika milaka herritarrek. Aro polita, dortsala soinean maratoia egin zuen lehen emakumea gogora ekartzeko. Halaxe egin du Jabier Muguruzak kantu honetan:

1967an “KV Switzer” eman zuen izena Bostoneko maratoian. Emakumeek debekatua zuten parte-hartzea, baina siglei esker lortu zuen 261 zenbakia eskuratzea. Karreran zihoala, gizon bat saiatu zen bera oztopatu eta geratu arazten: komisarioetako bat eta lasterketako zuzendari-albokoa zen Jock Semple zen, KV hura emakumea zela baieztatu berri zuena. Halaxe egin omen zion oihu: “Ospa nire lasterketatik eta itzuli iezadazu dortsala!”. Switzerren bikoteak eta beste korrikalari batzuek eskoltatuta iritsi omen zen helmugara.

Korri bai, baina dortsala eraman ez

Bitxia egin zait jakitea egon zela beste emakume bat Bostoneko maratoia lasterka egin zuena: Bobbi Gibb. Switzerren urte berean korrika irten omen zen eta baita bere aurretik bukatu ere. Gibb-en hitzetan, ziur zegoen Semplek ikusi egin zuela bai urte horretan eta baita aurrekoan ere, baina bietan dortsalik gabe egin zuenez, bakean utzi zuela. Gibb izan omen zen 1966an, Bostongo maratoia bukatu zuen lehen emakumea, eta 415 korrikalari gizonezkoetatik 290 baino gehiago utzi omen zituen atzean. Semplek onartzen zuen nonbait emakumeek korrika egitea, baina ez dortsal ofiziala eramatea, lasterketak antolatzeko baimenetan tirabirak sortuko zituen beldur baitzen. Ofizialtasuna ez da doakoa.

New Yorkeko maratoia irabazi zuen. Eta ez bazuen…?

Handik gutxira legeztatu omen zuten emakumeen parte-hartzea maratoietan. Kathrine Switzerrek 1974an New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta Bostoneko 1975eko maratoian bigarren egin zuen, hantxe jarriz bere denborarik onena: 2 ordu 51 minutu eta 37 segundo.

Koadrilakoak bota digu askoren buruan dabilena: “egitea gutxi ez… eta gainera zerbait demostratu behar… a ze zama daramaguna bizkarrean!”.

Filmetakoa dirudien istorio honek filmetako amaiera izan ez balu ere (zer eta maratoia irabaztea!), Switzerrek merezi zukeen gogoan hartzea. Eta Muguruzaren kantu hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.