“Zu iraintzen jarraituko dut, negarrez hasi eta platerak garbitzera zoazen arte” | Arbitroen Sindikatua

Jon Torner Zabala / 2015-11-18 / 413 hitz

Ainhoa Azurmendiren (@AinhoaAtxur) txioak jarri gaitu Espainiako 2. B-ko eta maila baxuagoetako arbitroak biltzen dituen Sindikatuaren arrastoan. Asteburu oro jasaten dituzten erasoak salatu eta neurriak har daitezen lortzea da kolektiboaren helburu nagusia. Gertaera isolatuak ez direla erakutsi aldera, indarkeria kasu ahalik eta gehienak blogean jasotzen dituzte, arbitroek idatzitako aktetan oinarrituta.

Emakumezko epaile eta arbitro-laguntzaileek sufritzen duten indarkeria matxistaz hainbatetan idatzi dute blogean. Azurmendik hizpide duen kasua, esaterako, horietako bat da. Sevillako futbol zelai batean gertatutakoa halaxe jaso du arbitroak aktan:

“Zale bat termino hauetan zuzendu zitzaion nire laguntzaileari: ‘Arbitratzeaz ideiarik ere ez duzu. Zoaz etxera harrikoa egitera, hori baita egin beharko zenukeena (…) Idatzi ezazu Molares klubeko presidentea zu iraintzen ari dela. Hala jarraituko dut negarrez hasi eta platerak garbitzera zoazen arte’. Partida ez zen eten, fisikoki arriskurik jasaten ez genuelakoan”.

Arbitroen Sindikatuak beste zenbait kasu gogorarazi ditu –Andaluzian gertatuak gehienak–, agerian uzteko halakoen aurrean sekula ez dela neurririk hartzen:

Soilik azken kasu horretan jarri zen isuna, Estatu mailako txapelketa izanik –3. mailatik aurrerakoa–Indarkeriaren Aurkako Batzordea tartean  sartu zelako. Gainerakoetan, Espainiako zein lekuan lekuko federazioek ez zuten deus egin.

14 urteko neskari gertatutakoak erakarri du gure arreta. Zaira Mora, 14 urteko Asturiasko neska bat, 10-11 urteko alebinen partida bat arbitratzen ari zen, aita batek –beste behin ere– iraindu egin zuenean: “Ez duzu arbitratzeko balio; bai, ordea, etxe horretan [zonaldeko putetxe batean] lan egiteko”. COPE irratiak egindako elkarrizketan kontatu zituen jasaten zituenak: “Futbola gustuko dut, eta arbitro egin nintzen futbolari beste ikuspegi batetik begiratu nahi niolako. Partida batzuetan izugarri disfrutatzen nuen, baina besteetan ez, irain ugari entzun behar izaten nuelako, ez jokalarien aldetik, gurasoengandik baizik (…) Futbol zelaitik negarrez atera nintzen, oihu egin zidan aitak, irri ironikoa aurpegian, txalo egin eta oso ongi arbitratu nuela esaten zidan bitartean”.

Eta orain, nola esan neska horri arbitratzeari ez lagatzeko, gustuko duen horretan aritzeak merezi duela, puta zakil astakirtenak jasan beharko dituen arren? Nola azaldu halakoen aurrean federazioek-eta apenas eskainiko diotela babesik?

Ez dakit gure zelaietan halakoak entzuten ote diren. Badira urteak futbol partidarik ikusi ez dudala. Ziur naiz, dena den, heziketa dosi potoloa beharko dutela inguruko guraso zenbaitek ere. Eta ziur naiz erakundeen partetik lan handiagoa egin beharko litzatekeela. Oker egotea gustatuko litzaidake, baina…

Gurasoen jardun lotsagarriaz gehiago:

Guraso ipurterreentzat komikia, futbol zelaietan azaltzen duten jarrera zuzentzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.