Zergatik ez den eskandalua errege magoa erregina izatea

Onintza Irureta Azkune / 2016-01-08 / 292 hitz

Madrilen zalaparta, Manuela Carmena alkateak kabalgatetan erreginak ateratzea proposatu zuelako. Ez ziren bakarrak izan, ezta lehenengoak ere.

Madrilen PP inguruko agintari eta militanteak sumindu dira Madrilgo Udalaren erabakiarekin, erreginak karrozetara igo diren lehenengo aldia balitz bezala. El País egunkariak kabalgatan erregina magoak izatea burugabea ez dela erakusteko sei arrazoi eman ditu.

1- Bibliak ez ditu erregeen izenak zehazten, eta ez dio erregeak zirenik ere, “Ekialdeko jakintsuak” zirela baino ez dio. Anonimotasuna gordetzen dute San Mateoren Ebanjelio osoan. Bibliak ez dio ezta hiru direnik ere, hiru opariengatik ateratako ondorioa da hori. (Bibliako deskribapenak haserretu diren sektore kontserbadoreak lasaitzeko balio dezake. Eta Biblian magoak gizonezkoak direla esango balitz, pentsatu beharko genuke gainerako agintari eta herritarrak ados direla gutxienez tradizioak gaurkotzearekin, genero, klase, erlijio eta bestelako diskriminazioak ezabatzeko bidean).

2- Errege mago beltza Erdi Aroan agertu zen. Gotiko garaitik da Baltasar beltza, Egkristautasuna unibertsalizatzeko asmoz.

3- Sinodo anglikanoak ‘magi’ hitzak (errege magoak esateko modua grekoz) erregina bat edo gehiago egoteko aukera ematen duela esan zuen.

Bob Esponja hiru erregeen kabalgatan. Argazkia: @isaacfcorrales.

Bob Esponja hiru erregeen kabalgatan. Argazkia: @isaacfcorrales.

4- Makina bat kabalgatatan Baltasar beltzez margotutako zuri bat da eta inork ez du zalantzan jarri haurrak nahastuko dituen.

5- Kabalgatak ez dira izaten Bibliaren erreprodukzio fidelak, inondik ere. Argazkian Valladolideko kabalgata. Lau karroza atera zituzten. Lehenengoan jaiotza jarri zuten, bigarrengoa Dora esploratzailearena zen eta Meltxor zihoan, hurrengoa Bob Esponjarena zen eta Gaspar zeraman, eta azkenak Peppa Pig zuen izena eta Baltasar zeraman.

6- Madrilgoak ez dira izan erregina bakarrak. Espainiako Estatuko hainbat herritan atera dira eta atera izan dira emakumeak erregina mago gisa. Madrilgo alkate Manuela Carmenari gozoak esan dizkiote, baina ez dira konturatu urtarrilaren 1eko mezan Francisco aita santuak bi erregeri eta erregina bati egin ziela harrera.

Espainiako Estatuko erreferentziak aipatu ditugu hemen, Euskal Herriko erreginen berri duzuenok haien berri ematea eskertuko genuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.