Panpinak elbarriak edota gorrak izan daitezke

Mikel Garcia Idiakez / 2016-01-11 / 140 hitz

Entzumen, ikusmen eta mugikortasun arazoak dituzten haurren hiru amek erabaki zuten euren seme-alabek eskubidea zutela beraien ezaugarriak irudikatzen dituzten panpinekin jolasteko. Pentsatu eta egin, emakume horien ekimenari esker jaio dira audiofonoa, makuluak edo jaiotzetiko markak dituzten panpinak.

Lehenengo panpina Britainia Handiko hiru ama hauek egin zuten, eta erronkari MakieLab enpresak eman dio segida, aniztasun funtzionala duten panpina multzo bat salgai jarriz. Barbieren moduko neurri desitxuratuetatik eredu errealagoak aintzat hartzen dituzten panpinak sortu izan dituzten moduan, jostailuak errealitatera hurbiltzeko beste urrats bat da hau, panpinetan aniztasun funtzionala ere islatuta gera dadin.

Lego, Mattel eta Playmobil, entzungor

Kanpainak aurrera darrai, #ToyLikeMe (Nire moduko jostailua) lelopean, eta gehitu daitezela eskatu diete Lego, Mattel eta Playmobil enpresa handiei, baina ez dute erantzunik jaso. Hiru amek sortutako mugimenduak ez du etsitzeko asmorik, “pertsonon dibertsitate eta ezberdintasunekiko jarrera positiboa garatuko duten haurrak” nahi dituztelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude