Gizon zientzialarien biografiak emakumeak bailiran idatziko bagenitu?

Mikel Garcia Idiakez / 2016-02-08 / 360 hitz

“Atleta baten fisikoa eta aktore baten aurpegia zeuzkan. Baina Oliver Sacks-ek nahiago izan zuen zientzia, glamourra baino”. “Senar eta aita eredugarria, Darwinek etxeko lanekin uztartzen zuen bidaietatik ekarritako bildumen ikerketa”. “Inork ezin zuen imajinatu Newtonen begi itzel eta gorpuzkera hauskor horren atzean munduko burmuin liluragarrienetako bat ezkutatzen zenik”.

Daurmith tuiterlariaren ariketa izan da, gizon zientzialarien biografia laburrak egitea, emakumeak bailiran; alegia, euren fisikoa, gurasotasuna edota ezkon-bizitza azpimarratuz. Ariketa bera egitera animatu den jendearen ekarpenak jaso ditu (honakoa adibidez: “Pascalek, egun osoa laborategian sartuta, apenas eskaintzen zion denborarik etxeari”).

“Ikusi nuen emakume esanguratsuei buruzko artikuluetan, sarri euren lanaz baino gehiago hitz egiten dela euren itxuraz, makillaje sekretuez edo arropa estiloaz”, dio Daurmithek. Eta biografia hauek idaztea erabaki zuen.

Zer dago soberan, emakume zientzialariei buruzko artikuluetan?

Christie Aschwanden kazetariak dio erreportaje askotan irakurleari nabarmentzen zaiola zientzialaria emakumezkoa dela (harritzeko modukoa balitz bezala), eta gainera emaztea eta ama bada, horri ere arreta jartzen diotela kazetariek. Test bat proposatzen du berak, eta testa gainditzeko, emakume zientzialari bati buruzko artikuluak honakoak ez ditu nabarmendu behar: emakumea dela; senarraren lanbidea; nola moldatzen den seme-alabak zaintzeko; nola gidatzen dituen bere menpeko langileak; nola asimilatu zuen bere iker-arloko lehiakortasuna; beste emakume batzuentzako eredu dela; halako zerbait egiten duen lehenengo emakumea dela.

Baina ez al da ona emakumeei buruz ari garenean horiek ere azpimarratzea?

“Batzuetan ondo dago gauza horiek aipatzea –dio Aschwanden–, adibidez zientzian dagoen sexismoaz ari bagara, edo zientziaren lidergoan dagoen genero desorekaz. Baina zientzialari baten bizitza profesionalari buruzko artikulua bizitza pertsonalari edo genero rolei buruzko artikulu bihurtzea ez dago ondo. Artikuluari darion mezua argia delako: ‘Hau guztia lortu du, emakume izatea (eta emakume izateagatik bete beharreko rolak) bazter utzi gabe’”.

Soluzioa ez al da gizonei ere etxeko eta seme-alaben kontuez galdetzea, “humanizatzea”?

Ann Finkbeiner kazetariaren iritziz (Aschwandenen lankidea eta zientzialariez idazten duena euren generoa azpimarratu gabe), “denbora asko daramat zientziaz idazten, gizon eta emakume askoren profila egin dut, eta egia esan, etxeaz edo haurrez esateko daukatena oso arrunta da; berezi eta interesgarri egiten dituena da zientzian egin duten lana. Beraz, humanizatu nahi badituzu, dituzten motibazioen inguruan galdetu, zergatik hasi ziren hau edo bestea ikertzen; aparteko zientzialari bihurtzera eraman zuen bizitzaren zati horretaz hitz egin”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.