Berdintasuna, eguneroko lana

Izaskun Landaida / 2016-03-08 / 721 hitz

Zortzi urte zituela, alabak galdetu zidan ea emakumeak autobus gidari izan daitezkeen. Dirudienez, eskolan mutiko batek esan zion neskek ezin dutela autobus bat gidatu. Emakumeak nahi duguna izan gaitezkeela erantzun nion sendo, baina agian alabak sumatu zuen nire begiradak zerbait ezkutatzen zuela: emakumeak nahi duguna izan gaitezkeela esaldi potolo horrek ñabardura asko zituela, alegia.

Haurtzaroan eta nerabezaroan eraiki egiten dugu gure nortasuna. Adin horietan ikasten dugu gizarteak zer espero duen gutaz, eta espero duena ez da berdina izaten jaiotako sexuaren arabera. Txikitatik ikasten dugu zein jokabide diren bakoitzarenak, neska ala mutil izan (gizarte honek binomio bakarra eskaintzen baitigu), eta zeintzuk onartzen diren, eta zeintzuk zigortu.

Bidea guk uste baino markatuagoa dago batzuentzat eta besteentzat, eta gazteei bakoitzak dagokion bidea jarraitu behar duela gogorarazten diegu egunero, askotan konturatu barik, bidaltzen dizkiegun mezuen bitartez, erakusten dizkiegun jarreren bitartez, egiten ditugun komentarioen bitartez. Familia, eskola, komunikabideak, publizitatea… horra hor hainbat mezuren eguneroko iturriak, identifikazio-mekanismoen bitartez nola izan behar dugun irakasten digutenak.

Gero eta abiadura handiagoa hartzen ari den gizarte honetan, gelditu eta hausnartzea beharrezkoa da, eta geure buruei galdetzea: zer-nolako mezuak, zer-nolako agindu sozialak bidaltzen dizkiegu egunero gure haur eta gazteei? Zein neurritan indartzen eta betikotzen ari gara eguneroko jarrerekin generoen arteko botere harremanak? Izan ere, hemen jokoan dagoena ez da hainbeste ezberdintasuna —aniztasuna aberasgarria da— baizik eta berdintasunik ezaren bitartez egiten den boterearen eta askatasunaren banaketa desorekatua. Pertsona bakoitza bakarra da, ezberdina, baina denok izan behar ditugu aukera berak, eta gure sexuak ezin du hori baldintzatu.

Erne egonez gero, haur eta gazteen aurrean egunero esaten duguna eta egiten duguna aztertuz, kasu askotan egiaztatuko dugu neskei zuzentzen dizkiegun mezuak edertasunarekin, ontasunarekin, diskrezioarekin, zaintzarekin eta otzantasunarekin zerikusia izaten dutela. Eta mutilei zuzentzen dizkiegun mezuak, berriz, oldarkortasunarekin, arrakastarekin, anbizioarekin edo sentimenduak ukatzearekin zerikusia dutela. Bi bide ezberdin, bizi baldintzak eta aukera ezberdin bihurtuko direnak.

Erne entzun eta begiratuz gero, argi ikusiko dugu neskak, nagusiki, ederragatik balioesten direla, eta besteekin atsegina izateko hezten ditugula, mutilei ahalduntze-mezuak bidaltzen zaizkien bitartean: «Bai polita nire neska!» /«Hi haiz hi txapelduna!». Neskak babesa behar duten ustean hezten dira; mutilak, buruaskiak direnekoan. Eta horrelako bereizketak egiten ditugu: neskei esaten zaie ezer baino lehen daudela maitasuna eta zaintza; mutilei, sentimenduak ukatu behar dituztela eta esparru publikoan arrakasta lortu behar dutela.

Saioak egin dira, jaioberri bera arrosaz edo urdinez jantzita, ingurukoengandik mezu guztiz ezberdinak jasotzen dituela kolorearen arabera. Ume bera izanda. Eta hemen berriz azpimarratzen dut gakoa ez dela ezberdinak izatea, bakoitza ezberdina da, baizik eta lehen une horretatik sexuaren arabera batzuen eta besteen bideak estutzen doazela, askatasuna galtzen goazela, eta estutze prozesu horretan aukerak modu desorekatuan banatzen direla.

Gazteei askotan luzatzen dizkiegun mezuak inoiz guk geuk barneratutakoak dira, eta konturatu gabe errepikatzen ditugu berdintasunik ezaren aliatuak bilakatuz. Horrexegatik da hain garrantzitsua onartzea berdintasunik eza ez dela ezerezetik sortzen den zerbait, egin egiten dugula gure eguneroko jardunean. Horregatik da hain garrantzitsua begiak zabaltzea non dagoen identifikatu ahal izateko.

Berdintasunik eza ikasi egiten da. Argi eta garbi. Baina ez gaitezen geratu esaldi honen alde ezkorrarekin, pentsatu dezagun berdintasunik eza egin baldin badaiteke, modu berean berdintasuna ere egin dezakegula gure egunerokoan. Horra albiste ona. Ohar gaitezen gutariko bakoitzak berdintasuna landu dezakegula; alegia, gizartea osatzen dugun guztiok (erakunde, enpresa, entitate, pertsona…) egin dezakegula zerbait, bakoitzak bere eragin eremuan. Egin behar dugula zerbait. Eta gure inguruari eskatu behar diogula ere zerbait egiteko.

Ezin dugu aukera hau galdu, ezin dugu botere harreman desorekatu hau indartzen eta betikotzen jarraitu. Egin dezagun bederen hausnarketa pertsonala. Saiatu gaitezen zenbait jarrera eta mezu aldatzen. Beste batzuek guri bidea ireki ziguten bezala, guk ere egin dezakegu zerbait etorkizuneko belaunaldiengatik. Egin dezagun berdintasuna beraiei begira, beraien eta etorkizunean etorriko direnen mesederako, gizarte osoari onura ekarriko dio eta.

Alabak galdera egin zidanetik hamabi urte igaro dira, eta denbora honetan igarri du zer zegoen nire begiradaren atzean emakumeak nahi duguna izan gaitezkeela esan nion egun hartan. Berdintasunik ezaren kontzientzia hartu du jada. Baina baita aurrerapausoena, jakin badakielako aurreko belaunaldiekin konparatuz zenbat egin den aurrera (orain, besteak beste, emakumeak ikusten ditu autobusak gidatzen) eta eraldaketa hori ez dela berez lortu, baizik eta pertsona askoren, bereziki emakumeen lanaren, bultzadaren eta konpromisoaren emaitza izan dela.

Emakumeak nahi duguna izan gaitezkeela. Alabak ideia hori inoiz ez galtzea nahiko nuke, benetan, baina esaldia borobila izateko gizarte guztiak pausoak ematen jarraitu behar ditugu, erakundeetatik hasita, eremu pertsonalagora arte. Eta martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egun honetan, sinetsi nahi dut denok gaudela berdintasuna egiteko prest.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.