«Andre migratzaileen lan esparruan betoa jarria dute beltzek»

Maite Asensio Lozano / 2016-03-08 / 1.360 hitz

Afrikatik heldutako emakumeen gaineko irudi estereotipatua du euskal gizarteak, Dacougnaren arabera. Migratzearen ondorioz eraiki dituzten identitateak eta ahalduntze estrategiak ikertzen ari da.

Azalaren koloreak agerian uzten dituen arren, ikusezinak dira emakume migratzaile beltzak. Eta ezezagunak: haien bizimoduez gutxi daki gizarteak. Andreok bidegurutze batean bizi direla uste du Jeanne Rolande Dacougna Minkette filologo eta ikertzaile feministak (Ziguinchor, Senegal, 1974): zapalkuntza ugari jasaten dituzte, baina indartsu antolatzen dira. Haien migrazio prozesuak aztergai izan ditu hainbat artikulutan, eta tesia ontzen ari da, Afrikatik heldutako andre beltzen identitate trasnazionaletan eta ahalduntzean arakatuz.

Zuk bizitako zerbait ari zara ikertzen: migrazio prozesuak. Zerbaitek harritu al zaitu?

Noski. Migrazio prozesuak askotarikoak dira. Asko harritu ninduen senideen bidez etorritako emakume unibertsitarioek duten minak: Afrikan zuten esperientzia akademikoa eta profesionala desagertu egin da hemen, beltz gisara baino ez dituztelako ikusten, eta horrek, hemengo iruditeriaren arabera, esan nahi du ez dutela trebakuntzarik edo aspiraziorik. Galdutako estatus horrek tristura eragiten die, baina, aldi berean, indar handia erakusten dute: egoera zailei aurre egiteko eta eraldaketarako estrategiak sortzeko gaitasun handia dute.

Andre beltz afrikarren inguruan soslai bakarra egin daiteke?

Ez, aniztasun handia dago. Hasteko, oso herrialde desberdinetatik datoz, prozesu demokratiko desberdinak eta elkarrekiko loturarik ez duten hizkuntzak dituzten herrialdeetatik. Ikasketa mailan ere alde handia dago batzuetatik besteetara, eta migratzeko arrazoietan ere bai: aurretik hemen zeuden senideekin —senarrekin, oro har— berriz elkartzeko etorri dira batzuk, eta euren kabuz beste batzuk, ikasteko —familiek pagatuta edo beken bidez—, edo mundua ikusi nahi dutelako. Horrek eragina du hemen abiatu beharreko egonkortze eta gizarteratzean; senideekin batzera datozenen helburua familia bat osatzea da; beraz, enplegua aurkitzea ez da lehentasuna izango, haurrak hazten diren arte.

Afrikako immigrazioa maskulinoa da batez ere. Gizarteratzeko prozesuan, nola eragiten die emakumeei gutxiago izateak?

Batzuetan andreekin harrerak huts egiten du, oso gutxi direlako eta ez dutelako elkarren berri. Halere, zailtasun nagusia talde kontzientzia eratzean izaten dute, mobilizatzean.

Zein estereotipo dago euskal gizartean andre beltzei buruz?

Batetik, prostituta gisa ikusten dituzte: badago pertzepzio orokor bat, baina, gainera, andre beltzei sarri gertatzen zaie gizonak hurbiltzea kalean, diru truk sexu zerbitzuak eskatzeko. Horrek estutasun handia eragiten die andreei, Afrikan zein hemen gaizki ikusita baitago prostituzioa: estigma handia du. Bestetik, senarrekiko otzan ikusten dituzte, euren eskubideen jakitun ez balira bezala, eta eraldaketarako gaitasunik ez balute bezala. Gainera, ama txarraren estereotipoa ere badute, seme-alabak hezteko irizpideak desberdinak direlako, kulturalak diren neurrian. Afrikan, haurren hezkuntza autonomian ardazten da: bere kasa moldatzen ikasi behar dute; hemen, aldiz, umeak babestuegi daude, amak gainean egon behar du une oro. Hartara, ama beltzak epaituta sentitzen dira. Eta larriagoa dena: gizarte zerbitzuek bereziki zaintzen dituzte, uste dutelako ez direla umeez arduratzeko gai; noski, hemengo parametroen arabera.

Beste atzerritar talde batzuk baino estereotipatuago daude?

Andre beltzek jasaten dute arrazakeria gehien Euskal Herrian. Arrazakeria horrekin topo egiten dute, adibidez, lana bilatzean: emakume etorkin gehienek etxeko langile dihardute, baina sektore horretan ez dituzte afrikarrak kontratatzen; «ez bidali beltzik», esaten dute, uste dutelako ez direla zaintzeko gai, edo ez direla nahikoa goxoak. Hau da, andre migratzaileen lan esparruan betoa jarria dute beltzek. Jendaurrean egin beharreko lanetan ere alboratzen dituzte, bezeroek ez dutelakoan begi onez ikusiko beltz batek ematea zerbitzua. Horrek ia aukera bakarra uzten die: garbiketan, erabat ezkutuan.

Halako iruzkinak zuzenean egiten al zaizkie?

Bai: beltz asko ikusten dela, inbaditzen ari zaizkigula eta halakoak entzuten dira kalean. Arrazakeria oso presente dago Euskal Herrian. Oso agerikoa da Poliziak arrazoi etnikoengatik egiten dituen kontroletan: ezaugarri fisikoen arabera eskatzen dute dokumentazioa, ustez kanpotarra zarelako; beltzak eta etorkinak delitu egileak direlako ustea elikatzen du horrek. Eta, gainera, itoaldiak eragiten dizkio jendeari, ezin baitira parkera edo ogia erostera atera dokumentaziorik gabe, kalabozoan lo egiten amai dezaketelako.

Atzerritar Legearekin dago lotuta hori. Zein diskriminazio egiten dute instituzioek?

Oztopo lasterketa bat dakar. Nazionalitatea lortu bitartean —afrikarrek hamar urte behar dituzte—, bertakoek ere betetzen ez dituzten baldintza batzuen pean daude: enplegu bat edukitzea, esaterako. Langabezian geratu diren pertsonek paperak galdu dituzte, eta egoera irregularrean geratu dira; horrek dakar atzerritar asko behartuta egotea lan baldintza penagarriak eta ilegalak onartzera, paperak berritu ahal izateko. Enplegatzaileek ere badakite hori. Beraz, erantzukizun politiko bat dago hor, diskriminazioa desagerrarazteko: instituzioek arrazakeriaren aurka egin behar dute.

Emakunderen azterketa baten arabera, emakume afrikarrekiko distantzia kultural handia dago; asimilaziotik urrunago ikusten ditu euskal gizarteak. Zergatik?

Badago distantzia historiko bat. Espainiarrek eta euskal herritarrek Latinoamerika konkistatu zuten; beraz, gertutasun kultural, historiko eta linguistiko bat dago; Afrikarekiko harremanetan, aldiz, beti egon da distantzia handiagoa; hortik datoz hainbat pertzepzio oker. Azalaren kolorea ere deigarria da hemen: jende batentzat galga bat da. Hizkuntza izan daiteke beste bat: emakume afrikar gehienak ez dira gaztelania hiztunak, eta euskara ere heltzean deskubritzen dute.

Emakumeen migrazio prozesuak ahalduntzearekin lotu izan dira. Hala da beti, berez?

Ez berez; hau da, migratze hutsak ez dakar ahalduntzea. Jabekuntzak esan nahi du norbere egoeraz kontzientzia hartzea eta eraldatzeko estrategiak bilatzea. Prozesu bat da, eta migratzeak, noski, beste gauza batzuk ezagutzeko aukera ematen dizu, baina inportantea da norbere buruaren egoeraz ohartzea abagune horretan. Eta hori emakume beltzengan ikusi dut: diskriminazio bortitzak jasaten dituzte egunero, sufritu egiten dute, baina aurrera jarraitzeko tresnak bilatzen dituzte. Antolatu egiten dira, ez administrazioaren fokuen azpian, baizik eta bestelako espazioetan.

Nolakoa da parte hartze hori?

Beste modu batekoa, talde informalak direlako, txikiak. Adibidez, La Tontine izeneko estrategia bat daukate, banku solidario baten antzekoa: emakumeek hilean diru kopuru jakin bat jartzen dute, hilero bildutako funtsa txandaka jasotzen dute, eta horrek ahalbidetzen die kapital bat edukitzea beren proiektuetarako. Afrikan asmatu zuten sistema hori andreek, egitura tradizionalek ez zietelako dirurik mailegatzen, bermerik ematen ez zutelako.

Hemen gizarteratzeak Afrikako jatorriarekin haustea dakar?

Inola ere ez. Gizarteratzeak dakar jatorria eta helmuga fusionatzea; bi espaziootako partaide sentitzea, eta hala aitortua izatea.

Baina aitortzarik ez badago…

Hori euskal herritarrekin landu behar da. Gizarteratzeak bi norabide ditu: nik ahalegina egingo dut, baina harrera gizarteak ere esfortzua egin behar du ulertzeko pertsona berri horiek ere komunitatearen parte direla, eta eskubide berekin onartu behar ditu. Emakume beltzek askotan diote hemengoak zein hangoak sentitzen direla, urte asko daramatzatelako Afrikatik kanpo, eta hemengo bizimodua dutelako. Identitatea partaidetza askok osatzen dute: ni neu Senegalgoa naiz, donostiarra, emakumea, ama, feminista… Eta identitate horietatik kanporatu nahi nautenean, neure burua hor berretsi behar dut, aldarrikatu behar dut ni donostiarra ere banaizela.

Nolakoa da hango eta hemengo balioak uztartzeko prozesua?

Konplexua da, kontraesanez betea. Hona heltzean, zure motxila kulturala afrikarra da, baina zorrotik gauza batzuk aterako dituzu, hemengo bizimoduarekin edo zure kontzientzia pertsonalarekin bat ez datozenak; eta, aldi berean, Euskal Herrian atzemandako balioak sartuko dituzu.

Afrikako zein baliori ematen diote garrantzia andreek?

Familiak duen balioari eustea funtsezkotzat jotzen dute, ardatz baita Afrikan. Komunitatearen barruan dagoen elkartasuna ere ezinbestekoa da: dagoen apurra banatu egiten dute. Eta adinekoekiko errespetua; hemen ia eskandaluzkoa iruditzen zaigu nola tratatzen dituzten edadetuak, han beneratu egiten baitira. Amatasunari dagokionez, pisu handia du emakumeen identitatean; ulertzen dute ama izateak aukera bat izan behar duela, eta aitortzen dute Afrikan nahitaezkoa dela.

Europako feminismoak, ordea, auzitan jarri du familiaren instituzioa, patriarkala delako, zapalkuntzarako espazio bat.

Interpretazio horri xehetasun asko jarri dizkiote feminismo beltzak eta deskolonialak. Garrantzitsua da abaguneak kokatzea, hemen eta Afrikan ez baitute zerikusirik. Mendebaldearen abagunea unibertsalizatu nahi izan dute, baina ez du zentzurik Euskal Herriko oinarri teorikoak Senegalera esportatzeak, emakumeen egoera ez baita berdina. Afrikako familia asko poliginikoak dira, eta aita sarri kanpoan dago; beraz, sendia ama da, beste amekin eraikitzen du kohesioa, eta hor aitaren agintea ez da hemengo sendi nuklearretan bezalakoa. Familia erakunde patriarkala da, baina guretzat funtsezkoa da, andreak babesten dituelako; ez dugu desegin nahi, eraldatu baizik.

Feminismo beltzaren ikuspegi hori Euskal Herriko mugimendu feministan txertatuta dago?

Urratsak egiten ari dira. Feminismo deskolonialen edukiak hemengo gogoetetan eta praktiketan nola integratu hausnartzen ari dira. Ohartzen ari dira Mendebaldea ez dela erdigunea, eta ez duela eskubiderik munduko andre guztien agenda ezartzeko. Eta prozesu polita gertatzen ari da, haiei ere aukera eman diena beste estrategia batzuk ezagutzeko, migratzaileen ezagutzaz aberasteko…

Ba al dago erresistentziarik?

Batzuetan, hemengo feministek uste dute kanpokoak atzeratuago daudela. Ez da hala: Mendebaldeko andreek ez dute ezagutzaren, estrategien edo beharrizanen diagnostikoaren monopolioa. Izan ere, premiak elkarren aurkakoak dira batzuetan: euskal emakumeak etorkinen enplegatzaileak dira, eta hor beharrizanen talka dago. Alde horretatik, feminista deskolonialek esan dute Mendebaldeko feministek kontzien- tzia hartu behar dutela botere harreman horiez , bai nazioartean —Hegoaldeko herrien esplotazioak hemengo emakumeei egiten baitie mesede— eta bai pertsonalki ere, euskal andreek euren pribilegio egoera aitor dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.