Zentsura estua neurri handiei

Urtzi Urkizu / 2016-03-18 / 335 hitz

NBC eta ABC kateek gorpuzkera handiko emakumeen iragarki bat ez ematea erabaki dute

Lane Bryant enpresak barneko arropako kanpaina bat jarri du martxan, gaur eguneko kanonetatik ateratzen diren emakumeak protagonista dituena. Minutu erdian, zuri-beltzean, emakume batzuk agertzen dira, irribarretsu. Haietako bat ume txiki batekin, titia ematen. Ez du lizunetik ezer, inor aztoratzeko moduko edukirik batere ez: «This Body kanpainaren asmoa da modu dibertigarri batean forma eta neurri guztietako emakumeak omentzea», azaldu du konpainiak atarian. «Nahi duguna da emakume hauek komunikabideen arreta bereganatzea, beste edozein emakume bezain erakargarri direla erakustea». Ameriketako Estatu Batuetako bi telebista kate handik, NBCk eta ABCk, ez dute asmo hori begi onez ikusi, eta iragarkia zentsuratu dute.

NBCk Daily News egunkariari adierazi dio ez duela iragarkia erabat baztertu, baizik eta «aldaketa txiki batzuk» eskatu zizkiola enpresari. Barruko arropa saltzen duen konpainiak, aldiz, erantzun du bi kateek lehen bertsioa «erabat» baztertu zutela. Iragarkia ez dute aldatuko, eta beste kanal batzuetan zabalduko dute.

Idurre Eskisabel Euskal Herriko Unibertsitateko komunikazio irakaslearen iritziz, zentsura horrek agerian uzten du kanonikoak eta normalizatuak ez diren gorputzek sortzen duten «deserosotasuna». Eskisabelek ez du taxuzko azalpenik ez argudiorik aurkitu kateen debekuan. «Baina argudio arrazionalik ez izan arren, gorputz lodi biluziak eta hein batean sexualizatuak pentsamendu eta ohitura onen armadura arrakalatzen du. Arrazoiaren bidez ez ezik, emozio eta sentipenen bidez antolatutako armadura».

Ez da lehen aldia Lane Bryant enpresak tankerako zentsura kasu bat pairatzen duena. 2010. urtean, ABC eta Fox kateek beste iragarki bat zentsuratu zuten. Ashley Graham modeloak beroki bat janzten zuen barneko arropa gorriaren gainean. Neurri handietako modeloa izatea, hori zen Grahamen bekatua.

Eskisabelen arabera, datozen urteetan gerra edo tentsioa sortuko da neurri handiena esaten zaion industriaren proposamenen eta emakume gorputz argal eta «diziplinatuaren» ereduaren artean. «Modaren eta edertasunaren industriari kontsumitzaileak eta diru iturriak zabaltzeko aukera den heinean, neurri handien iragarkiek onarpena eta permisibitate eremu bat irabaziko dute». Lane Bryant enpresak iragarkiarekin aurrera jotzeko erabakia ontzat jo du Eskisabelek. «Ona ez ezik, inteligentea iruditzen zait, arreta pizteaz gain, permisibitate eremuak irabazteko urrats bat delako». Permisibitate eremu horrek badu bidea egiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude