Bueltan da ‘Aizank!’ saioa

Urtzi Urkizu / 2016-04-13 / 298 hitz

Hamaika telebistan gazteak protagonista dituen saioak bihar hasiko du hirugarren denboraldia.

Bi denboraldi mamitsuren ostean, bihar itzuliko da Hamaika telebistaren programaziora Aizank! saioa (20:00etan eta 22:30ean). Aurreko bi urteetan bezala, pil-pilean dauden gaien inguruan gazteek duten iritzia plazaratuko dute. Eta berrikuntzak ere izango dira saioan: Gaztezulo aldizkariarekin elkarlanean, hedabide horren bideo lehiaketako film laburrak emango dituzte. Gainera, Ika Mizka zirkuituko bideoak jasoko dituzte, euskararen erabilpenaren inguruko hausnarketa pizteko asmoz.

Leire Ferrok jarraituko du programa aurkezten eta zuzentzen. «Batxilergoko ikasleek honako gai hauen inguruan hausnartuko dute: etorkinak, sexu orientazioa, genero berdintasuna, krisia, drogen kontsumoa, teknologia berriekiko menpekotasuna…». Ferrok iragarri duenez, biharko saioan, Bilboko Urretxindorra ikastolako ikasleekin, errefuxiatuekin gertatzen ari denaz eta etorkinez hitz egingo dute. Gazteen etorkizunaz ere galdetuko die Hamaikako kazetariak.

Aurreko denboraldian sexologia aholkuak ematen hasi ziren programan. Denboraldi honetan, bide berari eutsiko diote, baina oraingoan astero Ander Lertxundi sexologo gaztearekin bilduko da Ferro. «Ikastetxeetan ikastaroak eman ohi ditu Lertxundik, eta bertan lantzen dituen gaiak ekarriko ditu gurera». Besteak beste, transexualitateaz, lehen aldiaz eta sare sozialen erabilpenaz ariko da Lertxundi. Biharko atalean, «Sexua zer da?» galderari erantzungo dio.

Ikastetxeen eskaintza

Aizank! saioan, ZR IKSI atalarekin jarraituko dute, Euskal Herriko ikastetxeetako eskaintza ezagutzeko asmoz. Astero hiru eskola bisitatuko dituzte, bertako irakasleen eta ikasleen eskutik. «Helburua gure ikusle gazteei euren etorkizuna bideratzen laguntzea izango da», azaldu du Ferrok. Ikastetxeentzat atal hori «oso baliagarria» dela nabarmendu du Hamaikako kazetariak, «ikasketak hautatzear dagoen ikusle horrengana iristeko bidea baita». Gainera, telebistako emanaldiaren ostean, bideoa Hamaika.eus webgunean jarriko dute. Ikastetxe gehienek bideo hori euren webguneetan jartzen dute.

Ferrok nabarmendu du Hamaika telebistako saioaren helburua gazteengan interesa pizten duten gaien inguruko hausnarketak egin eta zalantzak argitzea dela: «Gazteentzako saioak entretenimendu eta txantxa giro hutsetik harago kokatzea garrantzitsua da». Ekainaren 2ra arte iraungo du denboraldiak.

Ferrok Hurbilean saioa ere aurkezten jarraituko du, ostiraletan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.