Urtzi Urkizu / 2016-04-13 / 1.162 hitz
Ia gehienetan haien lana itzalean gelditzen bada ere, gidoilariak funtsezkoak dira telebistan. Arrakasta izan duten saioak ez ziren inora iritsiko gidoi onik gabe. ETBn lehen baino lan gutxiago dago haientzat.
Etengabe sortzen dira telebista saio berriak, eta saio horiek gidoilariek asmatzen dituzte. Programa bat antenan jartzen denean gidoilari gehiago behar dira, gidoirik behar ez duten saioetan barne». Jose A. Perezen hitzak dira —El hormiguero saiorako (Antena3) hiru urtez aritu zen lanean gidoilari, El Club de la comedia-rako (La Sexta) gidoiak idatzi ditu eta Órbita Laika saioaren (La2) sortzailea da—. Haren ustez, «iraingarria» da entzutea Wyomingek —El intermedio-ko aurkezlea— txisteak hitz egin ahala asmatzen dituela edo Andreu Buenafuente oso barregarria dela bakarrizketak asmatzen: «Hori guztia gidoilari taldeek idazten dute. Jende oso ona dago atzean, txiste onenaren bila dabilena, galdera originalena asmatzen ari dena». Ildo berean mintzo da Mikel Uribe-Etxebarria gidoilaria —ETBko Esto no es serio, ¿o sí?, Vaya semanita, Irrikitown eta Zuek hor saioetan idatzi ditu gidoiak—: «Telebista saio batek, film batek bezala, gidoi on bat behar du, arrakasta izan nahi badu». Gidoilariek ez baitituzte soilik elkarrizketak eta txisteak idazten. «Istorioa eta narratiba koherente bat ematen diote saioari».
Euskarazko telesailetarako makina bat idazle eta bertsolari aritu ziren garai batean gidoiak idazten. Fikzioan ez ezik, entretenimenduzko programetan berebiziko garrantzia dute gidoilariek. ETB1en Sorginen laratza izan zen late night show formatuko lehen programa, aurretik euskaraz jorratu gabekoa. 1999ko irailean estreinatu zuten, eta 2005eko ekainera arte iraun zuen programazioan. Nagore Aranburu eta Josean Barreiro gidoilari lanetan aritu ziren saio hartan —ETBk ekoizten zuen—. Aranburuk gogoan du gidoilarien lan sistema nolakoa zen: «Goizetan bilera egin, eta eguneko egunkariak irakurri ondoren, landu beharreko gaiak aukeratzen genituen zuzendari laguntzailearekin batera. Gero bakoitzak tokatzen zitzaion gidoia garatzen zuen. Bukatutakoan, besteekin gainbegiratu eta zuzendaritzara pasatzen zen». Uribe-Etxebarriaren arabera, gidoilarien lana «talde lana» dela ulertu behar da: «Hemen ez dago dibismorako denborarik. Lan prozesuaren atal garrantzitsuena brainstroming-a da. Hor finkatzen dira tratatuko diren gaiak. Gero, gidoilari bakoitzak bere partea idatziko du, bere estiloarekin, baina ideia orokorrak taldeak atera ohi ditu». Sorginen laratza-ren ostean, Aranburuk Wazemank, Noaoa, Brinkola, Martin, Ai ama eta DBH saioetarako idatzi ditu. Baina hiru urte dira lan horretan ari ez dena.
Autodidaktak
Barreirok Anjel Alkainek zuzendutako saioetan egin du lan urte luzez —Wazemank, Gure Atsuak, Noaoa…—. Azaldu duenez, programa horietan gidoilariek jarraitu beharreko ildoa ez du ekoizpen etxeak edo ETBk ezartzen. «Normalean, zuzendariaren irizpideak jarraitzen ditugu. Bere gustuak eta ikusleen gustuak aseko dituzten testuak idazten saiatzen naiz». Ahalegin horretan, telebistako gidoilariek ez dute nora joan ikasteko. «Sorginen laratza-ren garaian autodidakta hutsak ginen, eta gidoiak eginez ikasi genuen gidoilari izaten. Orain, antzeko zerbait gertatzen da: gidoiak egiteko eskolarik hoberena esperientzia da», dio Barreirok. Gauza bera berretsi du Perezek: «Telebistako gidoilarien %99 autodidaktak gara». Aranburuk gidoilari laneko bidean aktoreak, diseinatzaile grafikoak, kazetariak eta bertsolariak aurkitu ditu: «Lanean ikasi dugu telebistarako gidoiak egiten». Aitor Gabilondo aktore, gidoilari eta musikariak ere —bada beste Aitor Gabilondo bat telebistagintzan, Plano a Plano ekoizpen etxearekin telesailak egiten dituena— «guztiz» autodidaktatzat du bere burua: «Aktore nintzen, eta gauzatxo batzuk idazten hasi nintzen». ETB1eko saio askotarako idatzi ditu gidoiak Gabilondok: Wazemank, Finlandia, Kontrako eztarria, Zuek hor… Haren ustez, Euskal Herrian gidoilarientzako lan gutxiago dago orain dela urte batzuk baino: «Fikzioak eta umoreak leku gutxiago dute. Beraz, lan gutxiago guretzat». Barreirok salatu du krisia soldatan sumatzen dela batetik, eta saioetan, bestetik: «Kalean kaleko jendearekin egindako umorea da orain nagusi telebistan. Zergatik? Zuzendari batekin, gidoilari batzuekin eta aktore askorekin egindako umorea baino merkeagoa delako. Umorea egiteko erantzukizuna, neurri batean, herrietako jende anonimoaren esku utzi da». Garai batean zegoen entretenimenduzko saiorik ez dago egun ETBn. Ez dago Sorginen laratza, Finlandia edo Kontrako eztarria saioen modukorik. Eta, ondorioz, lehen baino lan gutxiago dago euskal gidoilarientzat.
Uribe-Etxebarriak nabarmendu du gidoiak idaztea ordu asko eskatzen dituen lan bat dela: «Eta, kasu askotan, soldata justu-justu baten truke. Badira sektorean gidoilariak ganadu moduan tratatzen dituzten ekoizpen etxeak». Madrilera, Bartzelonara edo beste hiri batzuetara joan behar izan dute euskal gidoilari batzuek. Perezek Madrilen egoitza duten kateentzat egiten du lan —Bilbotik—: «Lan gehiegi ere ez, baina lana badago Madrilen». Uribe-Etxeberriak egun TVEko Saber y ganar lehiaketarako egiten du lan, freelance moduan. «Estatu mailako kateetan gehiago kobratu ohi da». Euskal Herriko egoerari dagokionez, beste ñabardura bat egin du: «ETB2ko saioek, orokorrean, lehen katekoek baino aurrekontu zabalagoa izan ohi dute askotan».
Aranburuk bilakaera aipatu du: «Hasi nintzenean baldintzak onak ziren. Denborarekin ez ziren baldintza horiek hobetu. Eta murrizketekin, denean bezala, okerrera egin zuen egoerak». Kexa bera du Barreirok: «Baldintzek okerrera egin dute. Euskaraz idazten dugunok gutxi gara».
AEBetan, sindikatua
Baldintza onik ez, eta gehienetan aitorpen publiko handirik ez dute izaten gidoilariek. «Itzaleko ofizioa da», dio Aranburuk. Perezek, dena den, ez du uste hori arazoa denik: «Itzalean gelditzen da baita ere makillajeko lana, argiztapenarena edo ekoizpenarena. Baina zenbaitetan ikusgarritasun gehiago eskatzen dugu, kateek kasu gehiago egitea». Uribe-Etxeberriaren ustez, azkeneko urteetan gidoilariaren irudi publikoak «nolabaiteko hobekuntza» izan du: «Geroz eta jende gehiagok ulertu du gidoi kaskar batekin zaila dela istorio on batez gozatzea. Esango nuke egun jendeak badakiela gure lana, behintzat, existitzen dela». Iritzi berekoa da Barreiro: «Jendeak orain badaki aktore edo aurkezle baten atzean normalean gidoilaria dagoela. Gidoilaria makineriaren beste zati bat da. Garrantzitsua, gainera».
Euskal Herrian, orokorrean, babesik gabe daude gidoilariak. «Kasu askotan, enpresaren eta langilearen arteko negoziazioa indibiduala izaten da, eta sistema horrek gidoilariaren babesgabetasuna errazten du», azaldu du Uribe-Etxebarriak.
Euskal Herriko gidoilariek Ameriketako Estatu Batuetako egoera goraipatu dute, han gidoilari guztiek sindikatuaren babesa baitute. Mugarri izan zen, gainera, 2007ko azaroaren 7tik 2008ko otsailaren 12ra gidoilariek egin zuten greba. Irratirako, telebistarako eta zinemarako gidoiak idazten dituzten langileak ordezkatzen dituzten bi sindikatu nagusiek kontratu berri bat negoziatu zuten industriarekin, eta hainbat hobekuntza lortu zituzten. 12.000 idazlek bat egin zuten greba deialdiarekin. «Gogoan dut gidoilari batzuek, erdi txantxetan, pentsatu genuela greba bat egitea Ameriketako Estatu Batuetakoa bezala. Baina azkenean ez genuen aurrera jo», oroitu du Perezek. Gabilondok AEBetako greba hura goraipatu du: «Industria gelditu egin zuten, eta baita eskatzen zutena lortu ere. AEBetan gidoilariak elkartu egiten dira beraien eskubideak defendatzeko». Uribe-Etxebarriak azaldu duenez, AEBetan hitz gakoa «sindikatua» da: «Ezinezkoa da lan profesionala egitea sindikatua egon barik, eta, noski, gidoilarien sindikatuek harreman estuak dituzte sektoreko gainontzeko elkarteekin —aktoreak, zuzendariak, teknikariak—. 2007-2008ko grebaren ostean, gidoilariak industriaren ezinbesteko atal direla ulertu zuten denek».
Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako gidoilariek ALMA gidoilarien sindikatua dute. Bertako kidea da Perez: «Azkeneko urteetan ahalegin handiak egiten ari da ALMA, egoera hobetzeko. Helburuetako bat ondo antolatzea da, orokorrean gidoilariak bere gisa iparrik gabe ibiltzen baitira». Uribe-Etxeberriak uste du zaila dela estatubatuarren sindikatuen antolamendu fasera iristea: «Hala ere, azkeneko urteotan pauso batzuk ematen ari gara».
Euskal Herrian, edonola ere, sektorean ez da aurrerapauso handirik nabari. Ezkor mintzo da Perez: «Ez dugu ahaztu behar telebista publiko guztien helburuetako bat ikus-entzunezko sektorea dinamizatzea izan behar duela. Eta gaur egun euskal ikus-entzunezko sektorea koma sakonean dago». Uribe-Etxebarriak ez du «gerra» galdutzat jo nahi: «Merkatu global batean, istorio edo saio erakargarri batek arrakasta handia izan dezake mundu osoan, nahiz eta herri txiki batean ekoitzia egon. ETBk baditu halakoak egiteko gai diren langileak». Horretarako, gidoilarien lana ezinbestekoa da beti.