Zinema: ‘Mustang’

Uxue Arzelus / 2016-03-30 / 295 hitz

Zuzendaria: Deniz Gamze Ergüven

Urtea: 2015

Herrialdea: Frantzia, Turkia eta Alemania

Turkiako herri txiki batean osaba eta amonarekin bizi diren bost ahizpa umezurtzen istorioa kontatuko digu Mustang filmak: Lale (Günes Sensoy), Nur (Doga Zeynep Doguslu), Selma (Tugba Sunguroglu), Ece (Elit Iscan) eta Sonay (Ilayda Akdogan). Hamabi eta hamasei urte arteko neskatoak hondartzan mutil batzuekin jolasean ikusi ondoren, jarrera inmoral hori zuzentzen saiatuko dira osaba eta amona, eta pixkanaka, etxea kartzela bihurtzen joango da. Etxekoandre eta emazte izaten irakatsiko diete, eta eskolara joan ordez, etxean geratuko dira sukaldatzen eta josten ikasten.

Gamze Ergüvenen lehen film luzeak hainbat sari jaso ditu nazioarteko zinemaldietan, eta beste hainbat eskuratzeko hautagai ere izan da, tartean, ingelesaz besteko hizkuntzan errodatutako film onenaren Oscar saria.

Film gogorra da Mustang. Bost ahizpen arteko gertaera hunkigarri eta zenbaitetan umoretsuak kontatuko dizkigun arren, erretratatzen duen mundu itxi, misogino, patriarkala, oso gogorra da. Ahizpen arteko konplizitateak, haien broma eta jolasek, filmeko gai nagusitik urrunduko gaituztenean, Gamze Ergüvenek zaplasteko batez itzularaziko gaitu errealitate gordinera. Hala, une lasai, polit eta umoretsuen, batetik, eta une gogorren, bestetik, arteko borroka bilakatuko da filma.

Bost neska protagonistek freskotasuna emango diote filmari. Ahizpen arteko harremana oso era naturalean interpretatuko dute, eta talde bezala berehala ezagutuko ditugun arren, filmak aurrera egin ahala bakoitzaren ezaugarri eta nortasunak ezagutzen joango gara. Ahizpa gazteenaren indar eta izaerak esperantza izpi bat sortuko digu. Desobedientzia eta iraultza islatzen dituen ahizpa da, egoera zapaltzaile horren aurka borrokatuko duena. Pertsonaia oso ondo eraikita egoteaz gain, Günes Sensoyren antzezpenak borobilduko du lana.

Film gogorra da, beraz, Gamze Ergüvenen lehen luzea. Emazte eta etxekoandre izatera behartuko dituen gizarte patriarkal batean bizirauten saiatuko diren bost ahizpen istorioa. Lan indartsua da, une gogor eta lasaien arteko oreka egokiduna. Bost nesken naturaltasunak freskotasuna emango dio filmari, eta ahizpa gazteenaren izaera borrokalariak esperantza piztuko digu. Errealitate-zaplasteko bikaina.

Honatx trailerra

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.