Erresistentzia hilero-hilero

Igone Mariezkurrena / 2016/05 / 506 hitz

Zergatik erabiltzen ote dute isuri urdina odola irudikatzeko. Zergatik pinpilinpauxak, zergatik loreak, eta nolatan lainoen usaina.
Konpresa eta tanpoien iragarkiak, normalizatu ditugun arren, misterio galanta dira. Baina ez dira inuzenteak, eta goiko galdera horien erantzunak ez dira hutsalak.

Bereizketatik bereizkeriara
Gorputzaren, osasunaren, ugalketaren eta sexualitatearen inguruko kontaketa biomedikoa kritika zorrotzenen jomugan izan du eta du mugimendu feministak. Izan ere, gizarte mendebaldarretan nagusi den ikuspegi horrek zatika ulertzen du
gizakion gorputza, ez osotasun gisa; eta, hala, disekzionatuta, zurrun bereizten ditu gorputz femeninoa eta maskulinoa. Pentsalari, ikertzaile eta aktibista feministek, ordea, argi dute bereizketa biologiko hori dela bereizkeria sozialerako abiapuntua eta justifikazioa; hau da, desberdintzapen anatomiko horiek baliatu izan direla genero definizio zein harreman ez parekideak eraiki nahiz legitimatzeko.

Diskurtso hegemonikoaren arabera, ondorengoak ekartzeko gaitasunak eta, horren oinarrian, hilekoak definitzen du gorputz femeninoa. Baina ikuskera honek emakumetasun asko eta anitz ukatzen ditu, ez baititu aintzat hartzen, adibidez, haurdun daudenak, menopausikoak, ezta transexualak edota transgeneroak ere.
Mainstreamak igortzen dituen mezuek, bestalde, zer edo zer zikin, usaintsu, lotsagarri eta patologikotzat aurkezten dute hilekoa; ukatu, ezkutatu edo, behintzat, minimizatu beharreko zerbait, beraz. Nabaritzen ez direnak dira konpresa onenak, usaina neutralizatzen duten toailatxoak, bizitza “normala” egitea ahalbidetzen duten tanpoiak, oinazea desagerrarazteko pilulak; menstruazioaren aurreko sindromeaz ere hitz egiten dute, eta izaeraren edo gogoaren alterazioez.

Industriaren itzala
Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, kasu honetan ere interes ekonomikoak daude ideia horiek bere horretan betikotzearen interesen atzean. Batez beste, 30 urtez izaten ohi du hilekoa emakume batek. Industriak isuria gestionatzeko eskaintzen dituen produktu horiek ez dira oinarrizko beharrizantzat jotzen eta BEZa erantsita merkaturatzen dituzte. Hortaz, pentsa nolako dirutza xahutzen duen halakoetan emakume bakoitzak bere bizitzan zehar, eta zer nolako dirutza ingresatzen duen industriak garbitasunaren eta emakume puruaren ideal horren altzoan.

Izan ere, are sakonago bilatuta, gizarte orden androzentristaren mesedetan elikatutako ideiak direla ulertuko dugu; osasunaren eta gorputzaren inguruko diskurtso hegemonikoa zalantzan jartzeak genero sistema bera eztabaidatzea dakar eta.

Kontrakulturak
Minoritarioak diren arren, ordea, munduan barrena badira hainbat emakume kolektibo honi guztiari buelta eman eta hilekoaren inguruko mezu, adierazpen eta praktika alternatiboak ekoizen ari direnak; beti ere gorputza ekintza politikorako bitarteko gisa baliatuta, eta sinetsita bestelako ideia batzuek emakumeok gure menstruazioa tentsio gutxiagoz eta naturaltasun handiagoz bizi dezagun lagungarri izan daitezkeela.

Miren Guillo antropologoak urteak daramatza gaia aztertzen eta, ez kasualitatez, ‘kontrakultura’ hauek identifikatu ditu testuinguru feministetan, ekologistetan, askapen sexualerako kolektiboen baitan, ikasle mugimenduari engaiatutako gazteengan, gaztetxeetan, arte espazio alternatiboetan, etxe okupatuetan; kultura hegemonikoa zentzu zabalean eztabaidatzen duten testuinguru kontrakulturaletan, alegia.

Mintegi, tailer eta eztabaiden bitartez bizipenak partekatu eta hilekoari buruzko imajinario berri bat eraikitzen dihardute, baita hau kudeatzeko alternatibak proposatuz ere, silikonazko kopatxoa edota oihalezko konpresa berrerabilgarriak kasu. Faktore ekonomikoa eta soziala ez ezik, dimentsio ekologikoa eta osasuna bera ere kontuan hartzea komeni baita. Inoiz pentsatu al dugu gure artean zenbat zabor (konpresak, tanpoiak, toailatxoak) produzitzen duen emakume batek 30 urtetan zehar? Eta ze kalte eragiten duten produktu hauek zuritu, isuriak xurgatu eta usaina neutralizatzeko osagai kimiko toxikoek?

Era berean, performance, fanzine, argazki eta askotariko adierazpide artistikoen bitartez, odola nolabait ikusaraziz, aldarrikatzen dute segurtasuna ez datzala ukapenean ezta ezkutatzean ere. Emakumeok gai garela gure gorputza autogestionatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.