“Afrikarrak tentelak garen ideia dago Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuen atzean”

Mikel García Idiakez / 2016-05-23 / 260 hitz

“Gobernuz Kanpoko Erakundeak Afrika salbatzera datoz euren proiektuekin. Ez dugu behar inork salbatzerik, guk geuk egin dezakegu. Proiektu onak dira, baina atzean ezkutatzen duten ideia da afrikarra bere burua antolatzen ez dakien tentela dela. Ez dugu nahi Afrikara ikastetxe bat eraikitzera etortzerik, Mendebaldeak gure baliabideak esplotatzeari uztea nahi dugu, afrikarra gutxiesteari uztea”.

David Dieye 32 urteko senegaldarra da mintzo dena, Marta Saizek egindako elkarrizketan. 2006an, amets europarrak itsututa pateran alde egin zuen Afrikatik eta Bartzelonan kaleko saltzaile da egun. Atzerriak, ordea, ez dio harrera ona egin: “Europan, beltza eta afrikarra bazara, gaixotasun mortala daukazu. Arrazakeria Europan ezagutu nuen. Ilegalak garela diote. Atxilotu egiten gaituzte. Eskuburdinak jartzen dizkigute. Iraintzen eta deportatzen gaituzte. Europarrentzat ez gara gizakiak. Gobernuz Kanpoko Erakundeak harro mintzatzen dira Afrikan egiten dituzten medikuntza lanez, baina ahaztu egiten dute ehunka afrikarrek ezin dugula medikura joan Europan [agiri gabeak garelako]”.

“Afrikan animalia basatiekin bizi al ginen galdetu zidaten”

Ezjakintasuna, topikoak eta aurreiritziak ere gertutik ezagutu ditu: “Afrikan animalia basatiekin bizi al ginen galdetu zidaten. ‘Bai, etxeko egongelan bost lehoi, lau pantera eta hiru elefante genituen’, erantzun nion. Senegalen aireporturik ba ote genuen ere galdetu zidaten eta nik ezetz, Afrikan hegazkina apur bat jaitsi eta salto egiten genuela. Europarrak azkarragoak zirela uste nuen, baina halako galderekin ez dakit zer pentsatu”.

Muina argi du Dieyek: “Topikoen arazoa da Afrikari buruzko gaiak jorratzeko interes gutxi dagoela hezkuntzan. Oso tristea da Afrikaz dagoen irudia beti izatea gosez hiltzen den umea, lehoiak, matxete bidezko gerrak eta beltzak erdi biluzik”.

Migratu ostean izango zuen bizimodua aurretik jakin izan balu, ez lukeela inoiz alde egingo. Halaxe dio senegaldarrak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.