Xabier Amuriza

Iñaki Murua / 2016-05-08 / 657 hitz

Nik ez nuen apaiz zela ezagutu, baina Francoren garaian eta frankismo betean egin zuen lana, arriskuak hartu eta eustea, izaera eta konpromiso baten adierazle ez ezik, froga dira. Sermoian esan edo kantatu gauza asko egin daitezke, baina sei urte kartzelan bizitzea beste kontu bat izango da!

Hango berri, Zamorako kartzelako Espainiako ertz baten han dago Zamora… berak jarritako bertsoekin ikasi genuen. Guk ez genekien zein zen egilea, izena bai, baina… eta ohartuta geunden hizkera berria edo guk hain era jariatuan erabili ezin genuen hizketa zela bertso haietakoa…

Geroago ezagutu genuen, Azpeitiko Loiolan, hitzaldi baterako gonbita egin zigutenean. Gizakume erabakitsu, etengabeko mugimenduan azalpenak ematen zituena eta alaia bistaratu zitzaidan. Gu ginen baino anarkoagorik izatea zaila zen: oraintxe denok isilik eta konturatu orduko, norbaitek bi hitz esatea aski, denok batera esandakoari punta ateratzen hasteko.

Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi Errimatua aurkeztu zizkigun. Adibide pila jarri zizkigun bai ahoz eta bai idatziz, eta errimen sailkapena nola egin zuen eta zertan oinarritzen zen erakutsi.

Erresistentziak nabari ziren bertsolarienen artean, eta normala ere bazelakoan nago, hizkuntza hala aletzeko jakituria ez baikenuen denok, eta, Xabierri ongi ulertzeko, gutxieneko hori behar zen. Gainera, zerrenda hartan egundoko hitz pila zeuden, guk ezagutu ere egiten ez genituenak eta, ikasita ere, sekula tolestura natural eta txukunean bere kasa aterako ez zitzaizkigunak.

Zalantzakor etxeratu nintzen. Bitarteko hura ez nuela baliatu ahal izango pentsatuz. Beste modu edo moldeko bertsokera eskatzen zuela material hark, eta horrelakoak buruan. Geroztik, txapelketa garaian errimak entrenatzeko bezala, edozein eskariri erantzuteko bertsoak egiten hasitako bakoitzean, egun hartaz oroitu ohi naiz, eta eskerrak ematen dizkiot Loiolako hitzaldia eman zigunari. Batzuetan, esan ere egin izan dut: «Eskerrak Amuriza kartzelan sartu ziguten; bestela, ez genian berehalakoan aurreratuko hainbeste».

Baina Xabierrek berekin zuen grina aterako zuen baita kartzelan ere; preso bai, baina barneko askatasuna ez zion inork kendu, eta horri esker loratu da hainbat Bertso Eskola. Bertsolari eskolatuak, gazteak, berriak… sortu ahala sentituko zuen pozak nolabaiteko ordaina emango zion, baina orduan ere entzungo zituen «hauek denak berdinak dituk» eta «hauen bertsoa zer duk harkaitzekoa ala kupelekoa?», aurrez pentsatua ala bat-batekoa, alegia.

Nire ustez, ikerketa eta sortze lanez gain, bertso jarri harrigarriak erditu izanagatik, saio mundialak gozarazi dizkigularik ere, bi txapel jantzi zituen arren, bertsolaria zela frogatu behar izan zuen zenbait lekutan. Kantaerak, bertsokerak, hizketak, arrazoitzeko moduak, pentsaerak, berrikuntzak… zerbaitek edo hori guztiak talka egiten zuen belarri batzuetan eta batzuen belarrietan.

Beste ildo batzuk edo bertsoa baliatzeko bide ezberdinak ere probatu zituen, esaterako Gipuzkoako Goierrin (beste leku batzuetan ez ezik), sekulako lana egin zuen usadioak, herri bakoitzeko biztanleen ezizenak, gertaera esanguratsuak, gai deigarri edo garrantzitsuak bertsotara ekarriaz, eta, gero, aurrez eginiko informazio eta bilketa lana baliatuz jaialdi oparoak eskainiz. Historia bizia ezagutaraziz, garenari garrantzia emanaz, gauzak bere lekuan jartzen ahaleginduz eta lana eginez.

Horrela sartu zelakoan nago, bakarrik eta bertso-lagunekin edo abeslariekin bertso musikatuak lantzera; hainbat kopla eta bertso zahar, bazirenik ere ez genekienak, bilatuz, aurkituz eta gaurkotuz. Lazkao Txiki bat-bateko sorgina emanaldia, maite zuen laguna gogoratzeko eta ezagutzeko prestatuz… Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Lankuren euskarri ere badugu.

Nola ez, Bertsozale Elkartearen sorrera eztabaidetan ere han zen, etorkizun ikuspegia ematen. Senak bere kezka azaleratzen ziolarik: egitura handia, handiegia hartuko zuela eta nola eutsi hari? Diru laguntzek, babesleek, administrazioak… zenbat muga, traba eta aitzakia jarriko zizkiguten? Mezularioi zer suposatuko zigun horrek? Ez zuen eta ez du bista txarra!

Horiek denak horrela, izaera eta jarrera estimu handian dizkiot: langile porrokatua, beti jendetasun handiz azaldu zaidana nire inguruan eta ingurukoekin. Barrutik prozesioa, baina… Gauzak aurrez aurre egin eta esatea maite duena; joko garbikoa; benetakoa!

Erretiroa planteatu duen modua adibidetzat. Berak eginda dauzkan lanak baliatuz jendaurreko zereginetan segi asmotan da, baina plazako bat-bateko jarduna amaitu du. Bertso-afari xume eta apal batean etxeko bi bertsolariak kantuan, zer behar zuen besterik? Hori horrelaxe egiten jakin du, aurrera ere plazetan Amuriza batek bere bidea egin ahal izan dezan, aita bertsolariaren, abizenaren… zila eten eta, konparazioen zamaketari izan beharrik gabe…

Zorionak, maisu, gidari eta lagun paregabe horri. Eskerrik askorekin beharko duk, egindako ekarpenaren fruituak ikustea izango al duk pozik egoteko lain. Afalondoan jaso huen arantza beltzeko makilak adar-begiak hainbeste urte zoriontsu opa ditiat!

Baina, badakik gauza bat? Ez diat sinesten plazan azken saioa egin duanik edo sinetsi nahi ez?!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.