Berta Zuñiga Caceres: «Ikusirik kartzelan ezin zutela sartu, hiltzea zen bide bakarra»

Ander Garcia Badiola / 2016-05-10 / 694 hitz

Beharrezko ikusten du ikerketa independente bat, bai eta Agua Zarcako proiektua etetea ere: «Diote eragin txikia izango duela proiektuak. Gutxi iruditzen al zaie bost lagun hil izana?»

Gaztetasun adina kemen dario Berta Zuñiga Caceresi (La Esperanza, Honduras, 1990). Duela bi hilabete galdu zuen ama, Berta Caceres ekintzaile ospetsua; tiroz hil zuten ohean. Haren hilketa ikertuko duen talde independente bat exijitzeko eta Hondurasko Estatuaren «erantzukizuna» salatzeko etorri da Europara. Ez du amaren lekukorik hartuko, «hori ezinezkoa baita». Ausardia berarekin mintzo da, halere. «Guztiz indartuta nago amatxok erakutsitako errebeldiagatik eta borrokagatik». Amak abiarazitako erresistentziari jarraituz, Agua Zarcako proiektu hidroelektrikoa geldiarazi nahi du orain.

Zure amaren hilketarekin nahastuta, lau gizon atxilotu dituzte behin-behinean. Sinesten al duzu justizian?

Hondurasen beste norbait hiltzeagatik ordaintzea erraza da. Ohiko jokabidea da sikarioak kontratatzea. Gure asmoa ez da bakarrik hiltzaileak atxilotzea; jakin nahi duguna da ea nork eman zuen nire amatxo hiltzeko agindua. Nazioartetik egindako presioari esker sakrifizio txiki bat egin behar izan dute, eta horregatik atxilotu dituzte atxilotu dituztenak. Bestela, ez zuketen halakorik egingo. Ikerketa prozesutik kanporatu gaituzte, biktimak izan arren, eta ez dakigu eginbideak formaz eta ordenaz zuzen egiten ari diren. Inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu ikerketa independente baten beharra.

Zure amak sarri salatu zuen mehatxatuta zegoela.

Rio Blancoko komunitateak defentsa handia erakutsi du Agua Zarcako proiektuaren aurrean. COPINH [Indigenen Herri Erakundeetako Kontseilua] garrantzitsua izan da proiektu erraldoien aurkako borrokan. Horrek, noski, Hondurasen talka egiten du interes ekonomiko eta politikoekin.

Gobernuak entzungor egin al zuen?

Amatxok 33 aldiz salatu zuen publikoki enpresa [DESA], baina Hondurasko Estatuak sekula ez zuen deus egin egoera ikertzeko. 2009az geroztik bazituen behin-behineko neurriak, baina guztiak irrigarriak ziren. Horregatik enpresa jotzen dugu erantzule, baina baita Hondurasko Estatua ere; hilketaren erantzule da, eta baita enpresaren konplize ere, beti jokatu baitzuen haren interesen alde. Atxilotuen artean militarrak daude; tartean, bi izen esanguratsu: Sergio Rodriguez [DESA enpresako kudeatzailea] eta Douglas Bustillo, segurtasuneko nagusi ohia. Bi gizon horien aurkako salaketa egin zuen nire amak. Kasu egin izan baliote, hiltzaileek ez zuketen erraztasunik izango.

Ez zegoen ama babesteko interesik?

Ez. Bestelako behin-behineko neurriak ere eskatu zituen, baina ez ei zegoen nahikoa arrisku. Komunitate arriskutsuetara joaten zenean Poliziak laguntzen zion, baina polizia haiek guztiz ziren bihozgabeak giza eskubideekiko. Guk enpresa salatu genuen zuzenean: bai jazarpenagatik, bai amatxori egindako zaintzagatik, bai kriminalizazioagatik. DESAk auzitara joan nahi zuen amaren aurka, baina ez zuten karguak frogatzerik izan. Kartzelan sartu ezin zutela ikusita, gelditzeko aukera bakarra hiltzea izan zuten.

Gobernua enpresen alde lerratu al da?

Argi eta garbi. 2009ko estatu kolpea eman ondotik, biltzar nazionalak hilabete bakarrean 240 kontzesio bideratu zituen proiektu hidroelektrikoentzat, eta 850 meatzeak ustiatzen dituzten enpresentzat. Pertsona asko eta asko proiektu horien akziodunak dira. Agua Zarcaren kasuan, Hondurasko familiarik boteretsuena dago sartuta: Atala familia. Baita inteligentzia militarreko gizon bat ere. Frogatu da eragin handia duela gobernuarengan, eta horregatik baimendu dituzte giza eskubideen aurkako urraketak.

Beldur al zarete?

Jakitun gara gure errealitatea zein den, baina amatxoren hilketaren ondotik sortutako sentipenak haserrea eta gaitzespena dira.

OMCT giza eskubideen aldeko behatokia arduratuta dago Hondurasko militarizazio prozesuaz.

Begi bistakoa da. Estatuaren aurkako desadostasun oihuak zapaldu nahi izan dituzte herrialdearen militarizazioarekin.

Zer irizten diozue Europan barrena egindako birari?

Lortu ditugu zenbait gauza. Gure helburua da borondate politikoa egotea giza eskubideak babesteko. Hondurasko Estatuaren aurkako salaketa nahi dugu, hau ez baita kasu bakan bat. Asko izan dira hildakoak. Europako Parlamentuak amatxoren hilketaren kondena onartu du, eta ikerketa independente bat ere eskatu du. Bankuen parte hartzearen gaia ere mahai gainean jarri da Bruselan. Herbehereetako FMOrena eta Finlandiako FinnFundena.

DESA enpresa finantzatzea egozten diezue bi bankuei.

Bazekiten zer ari ziren finantzatzen. Amatxok gutun ugari bidali zizkien, baina ez zioten kasurik egin. Bidali zuten ikerketa talde bat baina ez ziren batu kaltetuekin. Inoiz ez dugu jakin zer-nolako txostena osatu zuten. Diote proiektuak eragin sozial txikia izango duela, baina gutxi iruditzen al zaie bost lagun hil izana? Horregatik, Herbehereetan eta Finlandian ere izan gara. Interesgarria baita: Herbehereetako Gobernua FMOren %51ren jabe da; Finlandiakoa, FinnFunden %95arena.

Aurrerantzean, zer?

Amerika Arteko Batzordea prest agertu da aditu talde bat eratzeko; tartean Ayotzinapako 43 ikasleen kasua aztertu zuten kideak leudeke. Europako Batzordeak finantzaketa eskaini digu, baina sentitzen dugu Hondurasko Gobernuaren aldetik ez dagoela interesik. Agua Zarcako proiektua gelditzea exijitzen dugu. Bankuek behin-behinean gelditu dute finantzaketa, baina beharrezkoa da behin betiko etetea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.