Gurasoekin indarrez komunikatzen denean

Ibai Maruri Bilbao / 2016-05-11 / 1486 hitz

Gero eta ohikoagoa da gurasoek laguntza eskatzea seme-alabek indarkeria erabiltzen dutelako beren kontra; gurasoek jarritako salaketak ere ugaritu egin dira. Nerabeek helburu bat lortzeko asmoz darabiltzate usu bortxazko jarrerak. Adituek diote lehen sintoma komunikazio arazoak izaten direla.

Ez dakite erasoak ugaritu diren edo familiak laguntza eskatzeari edo salatzeari beldurra galtzen hasi diren. Baina gero eta ezagunagoak dira seme-alaben indarkeria sufritzen duten gurasoen kasuak. «Askotan joaten gara atzerrira, jardunaldietara edo hitzaldiak egitera, eta ohartu gara mundu osoan ugaritu dela», aitortu du Yadira Rodriguezek. Euskal Herriko Familia Terapiarako Eskolako hezitzailea da. 2005etik ari dira horrelako kasuekin lanean. Izaskun Ibabe EHUko Psikologia irakasleak ere urteak daramatza fenomenoa aztertzen. Hainbat ikerketa argitaratu ditu. Data bat ipini du: «Nire uste pertsonala da, baina esango nuke 2006tik aurrera hazi direla kasuak gure inguruan».

Rodriguez eta Ibabe bat datoz ume, nerabe edo gazte bat gurasoen aurka indarkeria erabiltzera bultzatzeko arrazoiak asko izan daitezkeela. Honako hauek aipatu ditu Ibabek: «Batetik, seme-alaben euren ezaugarriak daude. Izan daiteke nortasuna edo nahaste psikologikoren bat edukitzea. Bestetik, familiaren ezaugarriak daude: esate baterako, gurasoen artean indarkeria erabiltzen bada edo gatazkak badaude, seme-alabek jarrera hori errepikatuko dute». Ikerketa bidez oraindik zenbateko eragina izan dezakeen frogatzerik lortu ez badute ere, hirugarren faktore bat aipatu du: gizartearen ezaugarriak eta balioak. «Komunikabideetan eta filmetan erakusten diren ereduak eta jarrerak gazteentzat oso desegokiak izan daitezke».

Rodriguezek bi indarkeria mota bereizi ditu: tradizionala eta garaikidea. Lehen taldean gurasoei oldartzeko ohiko arrazoiak izan dituzten gazteak sartu ditu: drogekiko mendekotasuna eta buruko arazoak edo eritasunak dituztenak. «Gurasoen aurka indarkeria erabiltzea ez da kontu berria, baina betidanik bi faktore horiekin lotu izan da. Oraingoa fenomeno ezberdina da». Bigarren taldekoek, bada, helburu bat lortzeko erabiltzen dute indarkeria; eta, gaur egun, kasuen gehiengoa era horretakoak izaten dira.

Indarkeria mota horren adibide bat ere ipini du. Azaldu du badirela umetatik gurasoetako batekin harreman estua duten neska-mutilak, «estuegia». Nerabezaroan, baina, euren bidea egin nahi dute, «bilakaera natural eta autonomoari jarraitu», eta harreman «estuegi» hori hausteko erabiltzen dute indarkeria. «Helburua aitarekin edo amarekin duten gehiegizko lotura hori apurtzea izango litzateke kasu horretan. Eta ez dute indarkeria ez den beste biderik aurkitu».

Bilakaera bat nabaritu du bigarren mota horretako gazteen artean. Duela hamarkada bat, halako kasuak lantzen hasi zirenean, bereziki amarekin bakarrik bizi ziren gazteak izaten ziren erasotzaileak. Gaur egun, ostera, guraso birekin dauden umeak dira nagusi. Ibaetak zehaztu duenez, oraindik ere amak dira biktima nagusiak. «Salaketetan oinarritzen dira estatistikak, eta gehienetan, andreak dira erasoa sufritzen dutenak. Izan ere, oraindik ere, amak gehiago inplikatzen dira seme-alaben heziketan. Denbora gehiago igarotzen du haiekin, eta horrek gatazkak sortzen ditu». Dioenez, estatistiketan semea amaren aurka izaten da kasurik arruntena. Baina neskek ere erabiltzen dute indarkeria, amaren zein aitaren aurka. Eta gero eta gehiago, gainera.

Gizartean, oro har, azken urteetan izan diren aldaketak aipatu ditu Rodriguezek: «Familia ereduak aldatu dira; emakumeak lan munduan hasi dira; gurasoak autoritatea ziren lehen eta lagun bilakatu dira orain. Horrek lehengo egiturak aldatu ditu. Nire ustez, aldaketa gehienak onerako izan dira. Baina, hain azkar gertatu direnez, gizartea, oro har, ez da erritmo berean egokitzeko gai izan».

Gehienetan ume edo gazte normalizatuak izaten direla azaldu du Rodriguezek. «Bizitzako beste eremuetan ez dute zertan indarkeriarik erabili. Inork ez du igarri ere egiten etxe barruan zer gertatzen den. Izan ere, askotan soilik familian izaten dute halako jarrera». Hala ere, Ibabek hori aldatzen ari dela uste du. Dioenez, gero eta gehiago ikusten dira indarkeria beste esparru batzuetara ere zabaltzen duten gazteen kasuak. Eskolan, esate baterako, irakasleei eta ikaskideei ere oldartzen zaizkie.

Unibertsitateko ikasleekin egin dituzte ikerketak, eta horietan igarri dute gazteagotan gurasoen aurka indarkeria erabiltzen dutenek gerora bikote harremanetan ere erabiliko dutela. «Berdin dio erasotzailea neska edo mutila izan: gaztetan gurasoei oldartu zaizkien horiek gainontzekoek baino gehiago erabiltzen dute indarkeria bikotekidearen aurka pertsona helduak direnean».

Baina bada konponbiderik. Azaldu duenez, gazteak direnean neurriak hartu badira, gero ez dute zertan indarkeria erabiltzen jarraitu. «Baina arazoa konpontzen ez den kasuak ere izaten dira. Horiek delitugile baten soslaia izango dute beti, eta kasu larriagoak sor daitezke».

Salaketa, azken aukera

Ibaeta seguru dago oraindik ere salaketak gutxi direla eraso kopuruarekin alderatuz gero. «Oso zaila da semea edo alaba salatzea». Kasurik larrienetan gertatzen dela azaldu du. Iruditzen zaio, sarri, «eskarmentu modura» erabiltzen den tresna dela, semeak edo alabak ikus dezaten gurasoak «serio» dabiltzala. Helburua lortutakoan, kendu egiten da salaketa. Hala ere, horrek badu arriskurik. Kasu batzuetan seme-alaben eta gurasoen arteko harremana okertu egin daiteke. «Gazteek ez dute euren burua erasotzaile modura ikusten, eta ez dute ulertzen zelan euren gurasoek salaketa ipini ahal izan dieten». Baina beste batzuetan «ezinbestekoa» izaten da Poliziari deitzea, etxeko egoera «erabat jasanezina» bihurtu delako.

Dena den, irudipena du salaketa gehiago dela maila sozioekonomiko eta kultural ertainetik beherako familiek erabiltzen duten tresna. «Uste dut maila altukoek errazago joko dutela psikologoaren edo psikiatraren kontsultara, laguntza eske. Garestia da, eta terapia ezin du edozeinek ordaindu». Maila baxukoak, seguruena, gizarte zerbitzuetara joango direla pentsatzen du. Genero indarkeriarekin alderatu du: «Euren kontura bizitzeko baliabiderik ez duten emakumeek gehiago aguantatzen dute. Hemen ere antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke».

Hala ere, gogorarazi du gaur egun sare publikoan badituztela arazoari aurre egiteko baliabideak. Eta ematen duten zerbitzua ona dela iruditzen zaio. «Lorpenak ez dira ezagutzera ematen, baina hala gertatzen da programa publiko guztiekin». Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, badu gurasoen aurkako indarkerian esku hartzeko programa bat. Oscar Seco Gizarte Inklusioa Sustatzeko foru zuzendaria da. Eta ematen dituen fruituekin «pozik» daudela esan du. «Laguntza familia osoari ematen diogu; psikosoziala izaten da».

Hiru fase dituen ibilbide bat osatzen dute familiek. Hasierakoan, familia osorik aztertzen dute, arazoaren sorburua identifikatu eta diagnosia egin ahal izateko. Etxean bizi diren guztiek parte hartzen dute. «Bakoitzaren izaera zein den ezagutzen saiatzen gara, eta euren artean zelako harremana duten». Informazio horrekin proiektu bat diseinatzen dute, sendiarekin landu beharrekoa. Orduan hasiko da bigarren fasea: hamar hilabetez familiarekin lan egingo dute, hobetu beharrekoa hobetzeko. Psikologo eta hezitzaileen bitartez aldatu beharreko jarrerak aldatzen eta finkatutako helburuak lortzen saiatuko dira. Hirugarren etapan familiaren autonomia landuko da, behin programa bukatuta, berriz antzeko arazorik sortuko balitz, konpontzeko baliabideak eta tresnak izan ditzaten. Behin programa bukatuta ere harremana mantenduko da, zer-nolako bilakaera izan duten ikusteko.

Secok azaldu duenez, programa osorik betez gero, normalean, arrakasta izaten dute. «Gurasoek pazientzia izan behar dute. Aldaketa ez da egun batetik bestera etorriko. Baina epe ertainera euren esfortzuaren fruituak jasotzen hasiko dira». Aitortu du askotan ez dela batere erraza gazteak programara erakartzea. «Nik argi daukat adingabeak diren kasuetan erabakia gurasoek hartu behar dutela. Baina egia da behartuta ekartzea ere ez dela komeni». Adierazi duenez, gehienetan konbentzitu egiten dituzte.

Rodriguezen arabera, nahiz eta hasieran trabak ipini, lehen saioaren ostean gazteek eurek ere programan parte hartzeko gogoa eta beharra sentitzen dute. «Erasotzaileak dira, bai, baina eurek ere sufritu egiten dute. Egoera horrek mina sortzen die. Eta ikusten dute programari esker sosegua eta bakea lortuko dituztela. Eurentzat ere bada bizimodu normal bat eraikitzeko tresna bat».

Familia osoa konponbide

Ibabek eta Rodriguezek ezinbestekoa ikusten dute arazoa konpontzeko familia osoarekin lan egin ahal izatea. «Semea edo alaba erasotzailea da, eta gurasoak dira biktima. Ados, legeak hala zehazten du. Baina ume edo gazteak ere badu sufrimendu bat, eta familian ere bada aldatu beharrekorik, gaizki egindako zerbaitek eragin baitu arazo hori. Familia osoak aldatu behar du indarkeria etxe barruko harremanetatik kentzea lortu nahi bada», ohartarazi du Rodriguezek.

Dena den, gurasoei «erruaren zama» kendu nahi izan die Ibaetak. «Ez da heziketa eredu unibertsal bat existitzen. Seme-alaba bakoitza modu batekoa da. Haren portaera edo izaera konplikatua bada, gainontzeko seme-alabekin erabili ditugun estrategiak ez dira baliagarriak izango». Ibaetak aitortu du seme-alabak hezteko zailtasunak dituzten gurasoak badirela. Baina iruditzen zaio normalean ez dela hori izaten gazteek indarkeria erabiltzearen arrazoi nagusia. Era berean, laguntza eskatzeak dakarren lotsa galtzeko ere gomendatu die gurasoei. «Semea edo alaba hezteko arazoak ditugunean psikologoarengana edo psikiatrarengana jo behar izatea ez da inondik ere txarra. Ez du esan nahi porrot egin dutenik. Kontrakoa: osasun mentala zaintzea oso garrantzitsua eta gomendagarria da».

Ez da egoera arazo larria bihurtu arte itxaron behar. Prebentzioa da lehen bidea; aurreneko erasoak agertzean neurriak hartzea bigarrena. «Ezin da itxaron harremana jasangaitza izan arte», ohartarazi du Ibaetak. Familia barruko giroa zaintzea da, haren ustez, prebentzio neurri nagusia. «Maitasuna eta errespetua egon behar dira kideen artean».

Ibaetaren ustetan, txikitan arazoak agertzen direnean laguntza eskatzea komeni da. «5 edo 6 urteko ume batek guraso bat jotzen badu, oraindik ez da min fisikoa sortzeko gai. Baina ikusten da baduela portaera arazo bat. Ikusten da familia horretan ez direla diziplina mantentzeko gai». Dioenez, ez da larritu behar, baina ezinbestekoa da une horretan neurriak hartzen hastea. Bestela, ziur dago egoerak okerrera egingo duela. Modurik errazena pediatrarengana edo eskolako psikologoarengana joatea dela iruditzen zaio. Eta hori aholkatu du.

Zein dira gurasoek arreta jarri behar dieten lehen sintomak? Aurrena, ez erantzutea. «Semeari edo alabari zerbait galdetu eta entzun izan ez balu bezala jokatzen badu. Eta hurrengoan berdin jokatzen badu. Hori ez da normala. Edo ikusten badugu ez digula ezer kontatzen. Nabari zaionean zerbait gertatzen zaiola, baina etxean ez duela ezer kontatu nahi, kezkatzen hastekoa da». Laguntza sasoiz eskatuz gero, ziur dago ondoren etor daitekeen indarkeria fisikoa errazago saihestuko dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.