Ignacio Aranguren: “Antzerkia ez da sekula desagertuko, gune magikoa baita”

Asier Garcia Uribarri / 2016-06-03 / 845 hitz

Antzerkia eta hezkuntza. Horiek dira Ignacio Aranguren (Iruñea, 1953) irakasle eta antzerkilariaren bi pasioak. Ikasleen eskariz, bi horiek uztartu zituen 1978. urtean, Navarro Villoslada institutuko antzerki tailerra sortuz. Geroztik, 35 urtez jarraitu du proiektuarekin. Egindako lana aitortzeko, aurreko larunbatean Nafarroako kultura sari nagusia jaso zuen Arangurenek: Vianako Printzea.

Hasteko, zorionak. Egun batzuk pasatu dira saria jaso zenuenetik. Nola sentitzen zara?

Oso pozik nago, eta asimilatzen saiatzen ari naiz. Nire bizitzako maiatzik luzeena izan da hau. Jaso ditut deiak, besarkadak, zorionak eta mezuak. Oso polita izan da. Emozio asko sortu dira nigan, eta orain hori guztia ordenatu behar dut.

Zer ekarri dizu zuri Vianako Printzearen saria jasotzeak?

Pertsonalki, poz handia da niretzat hezkuntza komunitateak nire lana aitortzea eta nire izena beste ikastetxe batek proposatzea. Gainera, iruditzen zait sari hau banatu behar dudala Nafarroako antzerkigintzarekin eta irakaskuntzarekin. Azken horrekin bereziki, ez baitu izaten merezi duen laguntza.

Antzerkia eta hezkuntza ordezkatzen dituzu, eta titulu asko irakurri ditugu bi arlo horien garrantzia nabarmenduz. Baina eguneroko bizitzan bi mundu horiek zailtasun ugari dituzte. Ez dago kontraesanik alde horretatik?

Ziurrenik, aitorpen gehiago egin beharko lirateke. Sari honek, nire bitartez, ikusgarritasun handia eman ahal die lan handia egiten ari diren pertsona askori. Horregatik ere, oso pozik nago. Antzerkia Vianako Printzea sarietara heldu da, eta espero dut ikusgarritasun horrek aurrera jarraitzea.

Nola sortu zen Navarro Villosladako antzerki tailerra?

Ni hezkuntzan hasi nintzenean 24 urte nituen. Orduan, jada, banuen esperientzia El Lebrel Blanco antzerki taldean. Nire lehen ikasleek bazekiten hori, eta proposatu zidaten antzerkia lantzea. Orduan, pixka bat itsuan, sortu nuen Navarra Villosladako antzerki tailerra. Hor konturatu nintzen nire bi zaletasunak elkartu zirela: antzerkia eta hezkuntza. Pentsatu nuen: “Zeinen ongi, bikoitza gozatuko dut nik horrela”. Hurrengo urtean izan nituen gazteek ere nahi izan zuten antzerkia egin, hurrengoek baita ere, eta horrela 35 urte. Ikasleek diote antzerkia nirekin ezagutu zutela; haiekin ere gauza piloa ikasi ditut.

Zer ematen dio antzerkiak hezkuntzari?

Antzerkiak urrezko egoera bat eskaintzen dio hezkuntzari. Antzerkian, ikasleak eta ni gaude garen bezala, ez dakigunaren arabera. Ikasgelan ni izan naiteke menpeko perpausen inguruan gehien dakiena. Baina antzerkian garen modukoak gara. Geure burua erakusten dugu, pertsonaiak biluzi egiten gaituelako. Horregatik, urrezko egoera da. Baita zaila eta arriskutsua ere. Askoz errazagoa baita ikasle bati adberbio perpausak azaltzea, pertsonaia bat sortzen laguntzea baino. Orduan agertzen baitira haren ikuspuntuak eta beldurrak. Baita zuzendariarenak ere. Antzerkia norberaren baitarako bidaia da.

Zenbat denbora ematen zenuten obrak prestatzen?

Zorte handia izan dugu, institutu barruko eta kanpoko jendearekin talde zoragarria osatu baikenuen. Erotzeko modukoa zen hura. Urrian ez genuen ezer, eta otsailean taldea eta ikuskizuna genituen. Batzuetan sariak irabazten genituen gainera. Otsailetik aurrera, hazten jarraitzen genuen, emanaldiak eskaintzen genituelako. Horrela asko ikasten da. Ez genuen obra egiten jendea etorri eta txalo egiteko.

Batzuetan urruti joan zarete.

Emanaldiak Frantzian, Ingalaterran, Madrilen eta Valentzian [Herrialde Katalanak] eskaintzeko zortea izan dugu. Baina hori egin dugunean, beti pentsatu dut esperientzia horrek zer ematen ahal zien ikasleei. Ez gara kanpora joan ospearen bila. Nik beti defendatu dut Donibanen ikusleak ditudan bitartean ez ditudala beste nonbaiten bilatu behar. Baina emanaldi horiek gauza handia ziren ikasleentzat: kanpora atera gara, beste herrialdeak ezagutu ditugu, eta talde bezala hazi gara. Oso esperientzia politak izan ditugu.

Urteetan gazte belaunaldi ezberdinak ezagutu dituzu. Askotan aipatzen da gaurko gazteen konpromiso falta. Zein da zure esperientzia alde horretatik?

Nik nire ikuspuntua eman dezaket. Nire ikasleek beti izan dituzte 17 urte. Nik, ordea, beti nuen urtebete gehiago. Esperantza eta itxaropen handia dut gazteengan. Ez dut diskurtso horietan sinisten. Greziarrek gazteria galdua zegoela idatzi zuten. Moduak aldatu dira, guztia azkarrago doa. Akaso hori ez da ona. Gizartea oso azkar doa, plurala da. Gu kexatzen ginen dena oso grisa zelako. Hori ez zegoen ondo. Baina, orain, horrenbeste kitzikak zorabioa eragin dezakete. Baina nik itxaropena dut.

Esan duzu antzerki tailerra pertsona batzuentzat aktore eskola izan dela. Baina, bereziki, nabarmendu duzu ikusle eskola izatea.

Uste dut kontzeptu hori erabili zuen lehenetarikoa izan nintzela. Horrek esan nahi du dibertitzera goazela antzerkira, plazeragatik: barre egitera, baina baita negar egitera ere. Kritikarako ere garrantzitsua da. Plazer kontzeptu hori milaka ikasleri helarazi nahi izan diet.

Zergatik da antzerkia garrantzitsua?

Antzerkia da jesartzea, argiak itzali arte itxarotea, oihala altxatzea eta ordu eta erdi izatea norberarentzat. Nork bere burua ezagutzeko. Oso arma garrantzitsua da gizakiaren eraikuntzan. Asmatu zenetik, antzerkia desagertu behar dela esaten ari dira. Baina ez da sekula desagertuko. Gune magikoa baita.

Antzerki tailerra hasterakoan hiruki bat margotzen zenuen.

Hirukiaren goiko ertzean jartzen nuen: pertsonak, taldea, proiektua. Gu gara garrantzitsuena. Behean jartzen dut: adierazpena. Antzerkiak lagunduko digu komunikatzen, sentitzen eta zer garen jakiten. Azken ertzean, ikusleak daude. Baina guk ez dugu ikusleentzat lan egingo. Ikusleek lan egingo dute guretzat. Publikoak lagunduko gaitu hazten. Guk ez ditugu txaloak jasotzeko proiektuak egin. Nik beti esan diet: “Publikoak txalo zaparrada egin eta zuek egindako lanarekin pozik ez zaudetenean, orduan hasiko zarete artista izaten”. Kontuz ibili behar da txaloekin, jendeak edozer txalotzen duelako.

Eta hemendik aurrera?

Antzerkia idatzi behar dut; Ana Herrera kontseilariarekin hitz egin behar dut, sariak eskaintzen duen proiektua garatzeko; erretiratu naizenetik, gainera, lan batzuk zuzendu ditut. Iluna eta Auzoa konpainiekin lanean ari naiz. Egin dudan azkenengo gauza da Patxi Larraintzarren omenaldia. Victor Iriarterekin batera ikuskizun bat prestatu genuen haren testuekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.