Bidatz Villanueva / 2016-06-08 / 854 hitz
Murgiltzen ez denak ez daki zer dagoen ur azpian. Ozeanoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Euskal Herriko kostaldearen egoeraren erretratua egin dute urpekariek, biologoek, ingurumen adituek eta ekintzaileek. Gune babestuetan arrantza arte debekatuak erabiltzen direla salatu dute.
Itsasoa beti irudituko zaio eder, betirako eta perfektua, hango itsas-belar baso soilduak, plastikozko hondakinez beteriko balearen sabelak eta arrainik gabeko guneak ikusi ez dituenari.
Alberto Santolariak ikusi egin ditu. Itsas biologian doktorea da, eta euskal kosta ikertzen ibili da urte luzez, EHUrentzat, besteak beste. Euskal kostaldean, 2002. urtean hasi zen aldaketa, zientzialariaren arabera. Urte lehor eta beroago batzuk izan ziren jarraian, eta 2008. urterako ikusi zuten Gelidium corneum itsas belarreko belardiak asko murrizten ari zirela. Hiru eta hamabi metro arteko sakoneran daude belardiak, uhinek gogor astindutako guneetan. «Uste genuen kutsadura ari zela eragiten belardiak galtzea, baina ez», esan du Santolariak. Planetaren berotzea da erruduna: duela hiru hamarkadako abuztuan, uraren tenperatura 22 gradukoa zen batez beste, eta azken urteotan, 23 gradukoa. Horrez gain, eguzki erradiazioa handitu egin da, eta, euri gutxiago egiten duenez, kostara elikagai gutxiago garraiatzen dute Euskal Herriko ibaiek. «Benetako soiltzea gertatzen ari da».
Lehorreko basoetan, zuhaitz espezie bat mendian gora hotzaren bila hasten denean, giro epelagoa maite dutenak hasten dira haren lekua hartzen. Itsasoan, berriz, ez da horren erraza: Gelidium itsas belarraren lekua hartzen ari diren espezieek ez dute ahalmenik ekosistema konplexuen egoitza izateko. Izan ere, hura iraunkorra da, baina ordezkoek bakarrik maiatzetik irailera irauten dute. «Etxe bat egon beharrean, kanpadenda bat dago orain. Nola bizi hor, lehen bezala?», galdetu du biologoak. Larria da, ez dagoelako euskal kostaldeko olatuekin bizi daitekeen beste espezie iraunkorrik. «Jai daukagu, beraz».
Ez bakarrik Baionako barraraino. Mundu osoan gertatzen ari da antzeko fenomenoa, planetaren berotzearengatik. Klima aldaketaren eraginaz eta plastikoaren arazoaz ohartarazteko baliatuko du Surfrider fundazioak gaurko Ozeanoen Nazioarteko Eguna.
Lapurdiko kostaldean askotan jarri ohi dute bandera gorria. Ez beti itsasoa harroturik dagoelako, uraren kutsadura maila handia delako baizik. Dena den, Philippe Bencivengo Surfrider elkartean uraren kalitatea neurtzen duen taldearen arduradunaren hitzetan, «euskal kostaldeko ura kalitate onekoa da orokorrean». Arazoa, normalean, euria egiten duenean sortzen da: «Ekaitzak daudenean, ia sistematikoki, bakterio kutsadura dago itsasoan».
Laginak ikertzen dituzte, eta produktu kimikoek eragindako kutsadura ere topatzen dute. Horren iturri dira, adibidez, industria eta laborantzan erabiltzen diren pestizidak. «Bakoitzak bere etxean egiten duen erabilerak eragin handia du kutsaduran», gaineratu du. Adibide moduan jarri ditu botikak: «Konketa edo komunetik behera botatzen ditugu, eta horrek kalte handia egin diezaioke biodibertsitateari, baita geuri ere». Halere, itsasoan bainua hartuz gero, produktu kimiko horiek gizakiongan izan dezaketen eraginaz ez dakite oraindik asko, Bencivengoren esanetan. Herritarrei hots egin die arduratsu joka dezaten: «Egunerokoan erabiltzen ditugun produktu kimikoak gutxitu ahal ditugu». Bestalde, hondartzan botatzen den zakarraz ere mintzatu da: «Zigarreta asko botatzen ditu jendeak, esaterako. Horrek itsasoan daukan eraginaz ez dira kontziente herritarrak».
Zaborra ikusgarri egin
Plastikoaren arazoa ez da horren begi bistakoa euskal kostaldean, zabor bilketa zerbitzuak daudelako. Baina horiek arazoaren iturburua ezkutatu egiten dute, jendeak ez baitu ikusten sortzen duen zaborra. «Hemen erre egiten ditugu plastikozko ontziok, eta arazoa atmosferara eraman dugu», esan du Santolariak. Proposamen ikusgarri bat egin dio biologoak Bizkaiko Foru Aldundiari: hondartzak goizean garbitzerakoan jasotzen duten zaborra ez dezatela berehala eraman, baizik eta hondartzaren sarreran pila dezatela arratsaldera arte. «Hau zure atzoko zaborra da» esateko. Ondo ikusten ditu jendearen kontzientzia pizteko kanpainak, baina gakoa lege neurrietan dagoela uste du: «Hau arauekin bakarrik konpon daiteke, eta arau gogorrekin».
Aitor Leizak neoprenozkoa du bigarren azala. Zumaiako (Gipuzkoa) Olarru-Sub urpekari elkarteko kidea da, eta kideekin batera Urola ibaia garbitzen aritu izan da, bokaletik gertu. Lehen garbiketa 2004an egin zuten, eta pentsa zitekeen orduan hogei urtez pilatutako zaborra aterako zutela. Bada, harez geroztik ere, urtero edukiontzi bete zabor ateratzen dute. «Zabor berria», esan du Leizak: gurpilak, erosketa gurdiak, stop zeinuak, azidoz eta berunez beteriko bateriak…
«Ondo daude kontzientziazio kanpainak, baina isunak ez badaude, alferrik ari gara». 2011. urtean, cuvier balea bat hilda topatu zuten, eta Leizak ireki zuen, zertaz hil zen jakiteko. «Plastikoa janda hil zen». Zumarragan edo Eibarren (Gipuzkoa) komunetik behera botatzen den plastikoak itsasorako bidea egiten du. Animalia asko elikatzen da txibiak eta marmokak janez, eta plastiko batek uretan horien antza duela uste du Leizak.
Plastikoaren arazoa globala da, eta zailagoa da horiei hemendik aurre egitea. Baina, Leizak ohartarazi duenez, badira hemen konpon zitezkeenak, «borondate politikorik» balego. «Atzo bertan, gutxienez hamar txalupa profesional ari ziren debekaturiko arte bat erabiltzen, babesturiko gune batean». Inguraketako arrantzaz ari da, eta, salatu dutenez, Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) arteko babestuko eremuan debekatuta egon arren, administrazioak baimena ematen die ontziei ingurasarea 35 metrora erabiltzeko. «Itsasoa husten ari da». Basamortu batean dabilela ikusten du Leizak murgiltzen denean.
«Debekua ez da betetzen», salatu du Gonzalo Torre Euskal Kostaldeko Geoparkeko ingurumen aholkulariak. Bizkaian eta Gipuzkoan kontserbazio bereziko bi itsas eremu baino ez daude: Gaztelugatxe (Bizkaia) eta Deba-Zumaia artekoa. Gune txikiak dira, 1,4 kilometro koadro ingurukoak. «Arazo handi bat dugu: debekua dago indarrean, baina hori zaintzeko tresnak ez daude garatuta». Inguraketako arrantzak ez du kalterik sortzen itsas-ondoan, arraste arrantzak bezala, baina gehiegi harrapatzeko aukera ematen du. Espezie asko kostara hurbiltzen dira ugaltzera, eta horri kalte handia egiten dio arrantzak.
Santolaria, Torre eta Leiza gaiaz mintzatuko dira bihar, 19:00etan, Mutrikuko (Gipuzkoa) Zabiel kultur etxean, Surfrider elkarteko koordinatzaile Vanessa-Sarah Salvorekin batera. Entzuleen urpeko begiak izango dira.