Amatasunaren ajeak arintzeko, futbola

Mikel Garcia Idiakez / 2016-06-06 / 310 hitz

21 urterekin ume bat izan eta depresioak jo zuen Becki Gerrard. Lagun minak antzeko egoera bizi zuen eta amatasunaren ostean albo batera utzitako ariketa fisikoari berriz ekitea erabaki zuten. Futbol taldeetako erritmoa handiegia zela ikusita, ordea, talde propioa sortu zuten, arrakastaz zabaldu dena: MumBall.

Ezizena baino ez da MumBall, baina inguruko ama eta emakume andana erakarri ditu, presiorik gabe jokatu nahi dutenak, eroso sentiaraziko dituen giroan: zortzi hilabete pasa direnean, beste bi talde sortu behar izan dituzte, arrakastak eraginda. “Euren erantzukizunetatik deskonektatu nahi duten amengan pentsatuz jaio zen taldea, baina deialdia hedatzen joan da, emakume guztiok aukera izan beharko genukeelako tarte batez ditugun ardura guztiez ahazteko eta inguru eroso batean jokatzeko”, dio Gerrardek.

Areto-futboleko talde hauek Ingalaterran sortu dituzte, Liverpooleko Toxteth auzo txiroan. Michelle Beaver-ek 44 urte ditu, eta jokalarietako bat da: “Erizaina naiz lanaldi erdiz eta gero boluntario aritzen naiz. Beti tarte bat bilatzen dut kirolerako, eta emakume guztiek egin beharko luketen zerbait da. Zeregin asko izanagatik, zeure buruarengan pentsatuz zerbait egin behar duzu zeuretzako, ezin duzu soilik ama, emazte, arreba, alaba izan”.

Gizonek, egunean bi ordu libre gehiago emakumeek baino

Kontziliazioa eta zaintza bezalako ardurak emakumeen gain zamatzen diren bitartean, eta kirolaren eremua/eredua hain maskulinoa den bitartean, beharrezkoak dira halako ekimenak. Dorleta Ugalde kirol adituaren hitzetan, “kirola egiten duten emakumeen kopurua izugarri jaisten da 26-50 urteen artean. Umeak eta gurasoak zaintzeko adina izan ohi da hori eta zerikusia du denbora librearekin. Eustaten arabera gizonek egunean bi ordu libre gehiago dituzte emakumeek baino”.

Ereduari buruz, zera gogoratu du: “Azken hamar urteetan, kirol federazioetako lizentziak ez dira gehitu emakumeen artean, lizentzia guztien %20 izaten jarraitzen dute, baina emakumeak bai gehitu dira kirolera, beste modu batzuetan: gimnasioetan, kiroldegian, bere kabuz, taldeka… Federazioaren eredua ez zaie ongi egokitzen eta partaidetza kirolaren ildotik egin dute bidea emakumeek”.

Laburrean, argi du adituak: “Inertziaren esku utziz gero, ez da handitzen emakumeen partaidetza kirolean, ez federazioetan eta ez proba herrikoietan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.