Hamaika usadio suaren bueltan

Gaur gauean sua piztuko dute Euskal Herriko herri gehienetan, San Joan gaueko ospakizunetan. Tokian toki berezitasunak ditu usadioak, baina beti daude suarekin, urarekin edo landareekin loturik.

Gaurkoa da urteko egunik luzeena; eta beraz, gaurik motzena ere. Dena den, ongi aprobetxaturiko gaua izanen da gaurkoa, suaren inguruan hamaika jarduera izanen baitira Euskal Herriko luze zabalean. San Joan gaua ospatzeko, edota udari ongi etorria emateko, nahieran. Batzuek salto eginen dute suen gainetik, beste batzuek ahantzi nahi dituzten aferak erreko dituzte. Suak purifikatu egiten baitu, hala dio herri sinesmenak, behinik behin. Suarekin ez ezik, urarekin eta landareekin loturiko usadioak ere izanen dira gaur nagusi.

Eta horrekin batera, dantza. Zuberoan Jondane johane dantza egiten dute mendi gainetan piztutako suen bueltan, eta hainbat herritan soka dantzak ikusteko aukera izanen da: Andoainen, Abaltzisketan, Tolosan (Gipuzkoa) Leioan (Bizkaia), Arbizun (Nafarroa), Donostian, Iruñean… Beste toki askotan akelarreak ere prestatu dituzte, Bilbon adibidez.

Herri anitzetako bestak abiatuko dira gaur, eta, tartean, Tuterako (Nafarroa) Lourdes auzokoak. Nafarroako Erriberan tradizio handikoak dira antzerkia eta dantza uztartzen duten makil dantzak, satiraz beterikoak. Haietako bat da Lourdes ekoa. Bihar aterako dira dantzariak kalera lehenbizikoz, baina makil dantza osoa etzi eginen dute Perrinche parkean.

Hernani. Herritarrak maskurien jomugan

Sanjoanak ospatzen dituzte urtero Hernanin (Gipuzkoa), eta, noski, gaur gauean su handia piztuko dute udari ongi etorria emateko. Horrekin batera, azeri dantza ere izanen da egun hauetan ikusgarri, baina larunbatean, igandean eta astelehenean. Inauterietako dantza da egun hauetan ere kaleratuko dutena. Hainbat lagun sokari heldurik kalejiran doaz, eta, tarteka, azeriz jantzitako lagun batek dantza egiten du. Halako batean ikusleak sokarekin inguratu, eta maskuriekin kolpatzen dituzte.

Agurain. Makalean gora

Gaur gauean makal handi bat landatuko dute Aguraingo San Joan enparantzan (Araba). Hainbat lagunek altxatzen dute zuhaitza plazaren erdian, eta ongi landaturik denean, jendea makalean gora igotzen saiatzen da. Gainerakoak, inguruan dantzan aritzen dira. San Joan gaua igarota, zuhaitza egun batzuk egonen da plazaren erdian. Agurainen bakarrik ez, Arrasaten ere (Gipuzkoa) makala landatuko dute gaur arratsaldean, eta zutik izanen dute bestek irauten duten bitartean.

Torralba del Rio. Gaizkilearen gibeletik

Bihar egun handia dute Torralba del Rion (Nafarroa). Han, usadio berezia dute San Joan egunez. Juan Lobo deitutako gaizkilea harrapatzen dute urtero, aurpegia belztua duen eta soinean hostoz egindako jantzia daraman gizona. San Joango kofradiako kideek putzuaren inguruan dantzatu ondoren, hura harrapatu eginen dute, nahiz eta hark hainbat anaikide uretara botako dituen aurretik. Ondoren, plazara eraman, gaitz guziak hari egotzi, eta hil eginen dute. La balsa (putzua) deitutako dantzarekin.

Urdiain. Uzta berriari kantuan

San Joan gaueko usadio mistiko eta berezienetako bat egiten dute Urdiainen (Nafarroa). 19:00ak aldera erromeria egiten dute San Juan baselizara. Haien artean jantzi tradizionala soinean daramaten neska gazteak joaten dira. Mezaren ondotik, baselizako zelaian sua pizten dute, eta neskek borobil bat osatzen dute, eskutik heldurik. Orduan egiten dute San Joango kantaita. Aldarri bat oihukatuz bukatzen dute: «Orain arte belar, hemendik aurrera gari».

Zuberoa. Suzko mendilerroa

Jondane Johane deitzen diete sanjoanei Zuberoan. Han suak pizteko ohiturak berezitasuna du: mendien puntan egiten dute. Hala, iluntzearekin batera, suzko mendilerroa osatuko dute inguruetan. Maidalenan, Barazean, Gaztelain, San Antonin, Zalhagainen, Ahargon eta Betzülan piztuko dituzte suak, baita Baxenabarreko Orgamendin eta Behorlegin ere. Bestalde, Lapurdiko Uztaritzen, xarnafera oihukatzen dute. Euskal Herriko beste herri askotan antzeko esamoldeak erabiltzen dira suaren inguruan.

Ea. Denak errekan murgilduta

San Joan gauean ohikoak dira han eta hemen pizten diren suak. Baina ez da sua udaren hasierako errituetako elementu bakarra. Urak ere garrantzia handia du hainbat tokitan, San Joan gauean errekan murgildu edo iturri berezietatik edaten da. Beste modu batera egiten dute Ean (Bizkaia). Sanjoanak ospatzen dituzte, eta gaur sua piztuko duten arren, igandean Errekaren eguna ospatuko dute. Arratsaldean errekan murgiltzen dira herritarrak. Aurretik, ate gainekoa dantzatuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.