Salaketa kalitatez filmatuta

Xabier Mendiguren / 2016-09-22 / 258 hitz

Zinema sozialak ere badu bere txokoa, marjinala produkzio-bide garesti eta konplikatua duen industria honetan, baina frankotiratzaile batzuen ahaleginari esker irauten duena. Egoskor horien artean prestigiotsuenak, beharbada, Oliver Stone estatubatuarra eta Len Loach britainiarra dira, eta bien film bana izan dugu zinemaldian. Stonek “Snowden” aurkeztu du sail ofizialean baina lehiatik kanpo, eta Loachek “I, Daniel Blake” Perlak atalean.

Oliver Stone

Stonek Estatu Batuen historia garaikidearen kronista zinematografikoa izateko bokazioa du, baita bokazio hori gauzatzeko talentua ere, bere karrera zabalean erakutsi duenez. Talentu horren ifrentzua izan liteke estilo hanpatu samarra, sutsuegia, lantzen dituen gaien handitasuna uneoro azpimarratzeko beharra. “Snowden” honetan badu horretatik zerbait, baina beste batzuetan baino moderatuago ibili dela esango nuke, eta egoki kontatzen digula Ed Snowden-en kasua, AEBko inteligentzia-zerbitzuek mundu osoko komunikazioak nola zelatatzen dituzten salatu zuen espioi ohiarena hain zuzen. Ez da fintasun psikologikoak maite dituztenentzako istorioa, baina bai gaurko mundua ulertzeko tresna.

(irudi bikoitzean, Joseph Gordon-Levitt aktorea Snowden-en rolean, eta Joseph Snowden bera)

Ken Loach

Ken Loachek, gai zuzenki politikoak eta historikoak landu dituen arren, azkenaldian gehiago jo du gizarte ingelesa erretratatzera, bertako jende xumearen arazoak kontatuz eta. Errealismo sozial horri, tarteka, demagogia-ukitua dario, istorioa eta pertsonaiak eurak ere ideia baten zerbitzura jarri balitu bezala. “I, Daniel Blake” hau, baina, film bikaina atera zaiola esango nuke, zalantzarik gabe.

59 urteko arotza da Dan, bihotz-arazoak direla-eta lanik ezin egin, eta gizarte-zerbitzuen zorakeria edo zekenkeria dela-eta bajarik ordaintzen ez diotena. Katie, berriz, bi umeren ama gaztea da, lanik ez eta karitatearen edo laguntza sozialen menpe bizi beharra daukana. Elkarlaguntzazko istorio eder bat kontatu digu Loachek, gidoi biribil batekin eta ñabarduraz beteriko pertsonaia sinesgarriekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.