Seme-alabaren liburua ekartzera etorri bazara eskolara, segi etxera bueltan

Mikel Garcia Idiakez / 2016-09-26 / 202 hitz

Guraso ugari haserrarazi eta polemika piztu du ikastetxe bateko atarian jarri duten oharrak: “STOP. Zure seme-alabak ahaztu duen hamaiketakoa, liburuak, ekipamendua ekartzera etorri bazara, mesedez buelta erdi eman eta atera ikastetxetik. Zure seme-alabak arazoak konpontzen ikasiko du, zu ez zaudenean ere”.

AEBetako ikastetxe batean gertatu da, Arkansasen, eta kexatu egin dira hainbat guraso, haurrak ezin direla helduak bailiran tratatu eta laguntza behar dutela argudiatuz. Neurria defendatu du ikastetxeko zuzendariak, lezio garrantzitsu bat ematen dela azpimarratuz: arazoak beren kabuz konpontzen ikasi behar dutela adierazten zaie ikasleei, autonomia garatu dezaten, gurasoekiko menpekotasunari aurre egin diezaioten.

Ikasleentzako baino gehiago, hainbat gurasorentzako lezioa dirudi mezuak: ikastetxeko gurasoen whatsapp taldeek beldurra ematen dute sarri (seme-alabak testu-liburua ahaztu duela eta ariketen argazkiak bidaltzeko, irakasleak zer agindu duen esateko…), eskolako lanak kasik gurasoek egiten bukatzen dute maiz, futbol zelaian edota marrazketa tailerrean zer eta nola egin behar duten zehatz-mehatz esaten diete haurrei aita-ama batzuek… Umeak gehiegi babestu eta kontrolatzeak, ordea, heldugabe eta menpeko bilakatu ditzake.

Haurrak zein ardura har ditzakeen asmatzea

Ez zuri, ez beltz. Ziurrenik, haurraren adinaren, abilidadeen eta heldutasun mailaren arabera, bere gain zein ardura har ditzakeen asmatzea izango da gakoa, gauza batzuetarako gurasoen laguntza beharko duelako eta besteetan huts egiten uztea izango delako onena, akatsetatik ikas dezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.