Ikasgelako aniztasunak ez du berdintasuna bermatzen, baina abiapuntu ona da

Mikel Garcia Idiakez / 2017-03-13 / 210 hitz

Sexu-joera, arraza, kultur, sinesmen, gorputz… anitzak nahi ditugu ikasgelan, nahasketa aberasgarria, baina zer pentsatua eman didate Moha Gerehouren hitzok: “Jendeak dio eskoletan gaur egun jatorri eta azal kolore anitzeko ikasleak daudela eta elkarrekin hezten badira ez dela arrazakeriarik emango, baina elkarrekin egote hutsa ez da nahikoa, atzean dibertsitate politikak ez badaude. Ama, arreba… ere baditugu, eta gure gizartea oso matxista da”.

Guk geuk helduok ditugun botere harreman desorekatuak, jarrera diskriminatzaileak, aurreiritziak eta beldurrak erreproduzitzen badira eskolan, aniztasun asko egonagatik beti jende berdina (argudio berdinekin) izango da irainen, bazterketaren eta bullyingaren jomuga, jende berdina izango da gelako liderra eta jende berdina porrotera kondenatuta dagoena.

Eta hala ere, gela uniforme eta homogeneoekiko abantaila izugarria du ikasgela –familia, plaza, auzo, herri– anitzak: elkar ezagutzeko, estereotipoak gainditzeko eta harreman sanoetan oinarritutako ezberdinen arteko elkarbizitza lortzeko aukera. Berdintasunezko harremana izan dadin, hain barneratuak ditugun etiketak gainetik kentzea funtsezkoa da, eta horretarako, arrazoi du Mohak, ez da nahikoa gizartearen aniztasuna ikusgarri egitea (hori ere bai, testu-liburu eta ariketetan erabiltzen diren adibideetatik hasita), aniztasun hori lantzea eta kudeatzea baizik, enpatia sustatuz, talde-eztabaidak antolatuz, komunitate jakinei eransten zaizkien rol jakinak apurtuz, matxismoaren edo arrazakeriaren edo homofobiaren errealitate krudelak esplizitatuz, aniztasunaren balioetan heziz… Horrela baino ez dugu emango jauzia, elkarren ondoan egotetik elkar nahastera, ikasgelan, familian, plazan, auzoan, herrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.