Egilea: Rosa Ramos
Artikulua: Motibazioa: erabilerarako energia.
Data: 2013/05/28, Motibazioa Sustatzeko Baliabideak bloga
Hiztun guztiontzat interesgarria da hizkuntzekin gertatzen zaigunaz hitz egitea. Ohiko topiko eta azaleko argudioetatik harago, gizartean gertatzen diren prozesu soziolinguistikoez jabe izateak hiztun indartsuago bihurtzen gaitu, indartsuago egunerokotasunean jokabide ausartagoak izateko edo, esate baterako, “estres linguistikoa” hobeki eramateko (behin onartuta gainetik erabat kentzea ezinezkoa dela…).
Interesgarria da hiztun guztientzat eta ezinbestekoa gazteentzat. Izan ere, gazteek premiazkoa dute ulertzen hastea euskara edo gaztelania erabiltzen dutenean sentitzen dituzten barne gatazkak; ulertzea eskola edo institutuko eta herriko erabilera-dinamiken arteko ezberdintasunen zergatiak. Ulertu behar dute, azken finean, hizkuntzen berreskuratze prozesuak nolakoak diren.
Gazteak euskararen berreskuratze prozesuaren parte oso garrantzitsua dira, eta, askotan, haiek zergatik ulertu gabe, inkesta, datu eta bestelako emaitzen erantzule egiten ditugu. Bada garaia haur eta gazteen erabileraz gutxiago hitz egiteko eta euskara erosoago erabil dezaten behar dituzten tresnak eskaintzeko: edozein egoera komunikatibotan erabili ahalko duten euskara malgu eta aberatsa eta, batez ere, aurkituko dituzten barneko eta kanpoko zailtasunak gainditzeko indarra eta motibazioa.