Egileak: Rosa Ramos eta Yolanda Olasagarre
Artikulua: Soziolingusitika ez da bidea. Soziolinguistika lan egiteko marko teorikoa da, ez ikasleek ikasi beharreko eduki-multzoa
Data: 2022/04/11, Motibazioa Sustatzeko Baliabideak bloga
Soziolinguistika lan egiteko marko teorikoa da, ez ikasleek ikasi beharreko eduki-multzoa
Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko aldea ikusita, noizbehinka hezkuntza arautuan soziolinguistika lantzearen beharra azalarazten da. Erabiltzen den argudioa da hiztunek hizkuntzen gainean gizartean gertatzen diren fenomenoak ulertuz gero, ezagutza eta erabileraren arteko tartea txikituko dela. Hau da, hiztunak koherenteagoak, kontzienteagoak, eta ahaldunduagoak izanen garela.
Neurri batean horrela da. Hiztun gisa gertatzen zaizkigun gauzak ulertzeak tresnak ematen dizkigu egunerokotasunean dauzkagun era guztietako gorabeherak eta gatazkak hobeki bideratzeko. Eta hori ona da. Beraz, hizkuntzen erabilera sozialen gaineko ezagutzak gure estres linguistikoa jaitsi eta gure ongizatea handitu ditzake.
Hala ere, gure ustez, soziolinguistikaren edukiak hezkuntzan txertatu behar direla esaten dugunean, zertaz ari garen zehatz-mehatz zehaztu beharko genuke, proposatzen duguna tresna izan dadin, benetan, ikasleengan lortu nahi dugun helburua lortzeko; hau da, ikasleek inguruan duten eta bizi duten hizkuntz egoera ulertzea eta estres linguistikoa gutxitzea eta, ondorioz, euskara gehiago erabiltzeko gogoa piztea.
Hortaz, badirudi ikasleen hizkuntzarekiko atxikimendua eta motibazioa landu nahi ditugula; baina motibazioa soziolinguistika baino etereoagoa eta definitzeko zailagoa denez, soziolinguistika aipatzea nahiago izaten dugu.
Edonola ere, gaiak ñabardura garrantzitsua eskatzen du, erabilera eta ezagutzaren arteko arrakalan dena ez baita motibazioa. Esaterako, ezagutzaren beraren nolakotasuna (ikasleen ahozko gaitasunaren ahulezia eta hizkuntz erregistroen desoreka) erabilerarako baldintza oso garrantzitsua da, are gehiago hezkuntzaren ikuspegitik begiratuta. Beste alde batetik, baldintza estrukturalak ere kontuan hartzekoak dira, hiztunaren borondatearen maila erabat gainditzen baitute.
Hori kontuan hartuta, komeni da soziolinguistika eta motibazioa (edo hizkuntzarekiko atxikimendua) ongi ezberdintzea. Helburua hiztunak gaitu eta ahalduntzea baldin bada (bai ikaste prozesua arrakastaz burutzeko, bai ukipen egoeran dagoen hizkuntzak, euskara, gure komunikazioetan eta bizitzan zentralitatea izateko), soziolinguistika lan egiteko marko orokorra da baina ez gazteek ikasi beharreko kontzeptu eta teoria multzoa. Soziolinguistika eta psikolinguistikari buruzko oinarrizko kontzeptuak irakasleek ezagutzea, ordea, komenigarria da ikasleen egoerak, indarguneak eta hutsuneak ulertze aldera eta ikasleekin egin beharreko esku-hartzeak ongi zehaztu eta bideratzeko.
Pedagogiaren paralelismoa egin dezagun: irakasleek pedagogiaren oinarri teorikoak behar dituzte, lana ongi egiteko, baina ez dizkiete pedagogiaren kontzeptuak irakasten ikasleei. Berdin gertatzen da soziolinguistikarekin. Profesional gisa, irakasleek ezagutu behar dituzte soziolinguistikaren eduki orokorrak eta Irakasleen Eskolan (eta Unibertsitateko beste adar batzuetan) horrelako edukiak txertatu behar dira (baita euskal kultura transmititzeko baliabide eta metodoen ezagutza ere, bide batez esanda), baina ez institutuetako curriculumean.
Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea ezabatzeko, gure ustez, ikasleek soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak ikastea ez da konponbide nagusia. Noski, ez gaude horren kontra, eta goiko mailetan (Batxilergoan) akaso egin daiteke eta gertatzen zaigunari izena jarri (hizkuntzen ukipena, diglosia eta horrelakoak).
Munduan dauden gurea bezalako hizkuntza komunitateetan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko, gazteen esperientzia propioak, haien emozioak eta sormen gaitasuna dira erabili beharreko bidea. Hizkuntzei, arau sozialei eta haien praktika linguistikoei buruz pentsatzeko aukera emanen dien bidea; gure ustez, ezaugarri hauek izanen dituena:
- Azalpen magistralik ez, bizipenak azalarazteko proposamenak nagusi izanen dira, ikasleen esperientziak eta emozioak ezagutzeko baliatuko direnak.
- Ahal dela, iradoki eta ez irakatsi. Pertsuasioan ari garenean, eraginkorragoak dira mezu inplizituak. Hau da, hobe ondorioak ikasleek beraiek ateratzen badituzte, irakasleak esaten badie baino.
- Irakasleak esku-hartu behar duela, ez dugu zalantzarik, baina irakaslearen rola albotik gidatzea izanen da. Irakaslea bigarren plano batean arituko da, ikasleei parte-hartzeko aukera emanez eta beraiek izan daitezen konponbideak bilatzen eragile nagusiak.
- Gaiak inor epaitu gabe landu behar dira, bizipen mota guztiak baitira zilegi (eta ahal dela, alderdi positiboak nabarmenduta).
- Lan jarraitua eta planifikatua behar da, ikasleak urtez urte motibazioa elikatzeko baliabideak jaso ditzan (gelan bertan irakaslearen laguntzaz eta zentro osoan hezkuntza komunitatearen jardun koherenteaz).
- Ikasleen ezaugarrien aniztasuna kontuan hartu behar da: gune soziolinguistikoa, familia mota, gaitasun pertsonalak, izaera, taldearekiko harremana, esperientzia pertsonalak, bizipenak… Horiek guztiek ikasle bakoitzaren abiapuntua eta prozesua baldintzatzen dituzte.
- Ikastalde bakoitzaren berezko dinamika ere baldintza izanen da motibazioa elikatzeko prozesua arrakastatsua izan dadin.
Orain arte lortutako emaitzak hobetzeko bide berriak jorratzea merezi duela uste dugu, ikasleen motibazioa elikatzeak eskatzen dituen baldintzak kontuan hartuko dituztenak, hizkuntzarekiko atxikimenduan bidezidorrik ez baitago.