Gaur egun, bolo-bolo dabil gure artean irakaskuntza eta hezkuntza aldaketa prozesuan daudela, eta zenbait atal edo arlotan halaxe dela esan bagenezake ere, murgiltze ereduan honaino ekarri gaituzten oinarri didaktiko eta pedagogiko finko eta sendoak ez ahaztea komeni da. Esaterako, oso agerikoa da eta erabat onartua dago hizkuntzaren irakaste eta ikaste prozesuan hizkuntzaren erabilera oinarrizko baldintza dela gaitasunean aurrera egiteko. Hortaz, oinarri horietako batzuk gogora ekartzea eta ikasleekin errepasatzea funtsezkoa da.
Aldaketa prozesu horiek irakasteko eta egiteko moduei (metodologiari/ didaktikari/ materialei) eragiten diete, (alegia, nola trasmititu, irakatsi eta gogoratu aipatutako oinarri didaktiko eta pedagogikoei), baina ez oinarriei beraiei. Testuinguru honetan kokatzen ditugu hizkuntzarekin lotutako hainbat arazo ekidin edo leundu ditzaketen prebentziozko esku-hartzeak edo neurriak.
Prebentziozko esku-hartzearen ERAGIN EREMUAK
Ikastetxe eremuan prebentziozko neurriek, batez ere, ikasleei eta irakasleei eraginen diete. Ikasleei dagozkienak ikasgelaren eremuan adostu eta inplementatuko dira. Irakasleei dagozkienak irakasleen foroetan adostuko eta transmitituko dira: irakasleen bilguneetan (mintegian), klaustroan, irakasle berriei harrera egiteko hasierako bileretan…
IKASLEEI BEGIRA
Ikasleekin euskararen erabilerari buruzko arauak adostu eta argi eta garbi azaltzea (esplizitatzea).
Askotan, ikasgeletan edo ikastaldeetan zenbait oinarrizko arau (elkarbizitzakoak, elkarrenganako errespetuzkoak), “joku arauak” esan genezake, mezu eta jarrera jakintzat ematen ditugu eta ez dugu horiek esplizitatu eta neurri batean (ahal izanez gero) adosteko tarterik hartzen ikasturte hasieran, irakasleen eta ikasleen arteko harremana hasten denean.
Horrenbestez, lehenengo prebentzio neurria gelan erabiliko dugun hizkuntza zein izanen den araua edo konbentzioa esplizitatzea litzateke, gelako hizkuntz arauei nolabaiteko neutraltasuna, adostasuna eta babesa emateko.
Ikasleei arauen zergatia azaltzeak eta iritzia emateko aukera uzteak arauak onartzeko eta betetzeko bidea errazten dute. Bidenabar, araua “neutralago” bihurtzen da, irakasleak eta ikasleek adostu edo hitz egindako zerbait delako eta ez delako bakarrik irakasleen kontua. Bestalde, euskaraz egin nahi duten baina ikaskideen erdararako presioa sentitzen duten ikasleei babesa emanen die araua argi eta garbi adierazteak. Gelako giroa ezkortasunetik alde positibora eramateko ere balioko du, irakaslea ez delako beti “euskaraz egin” esaten ibili behar edo zigorrak paratzen aritu beharko, ez baita irakaslearen araua bakarrik izanen.
Araua. D ereduan gaude eta hizkuntza ikasten ari gara eta ikasteko bideetako bat erabiltzea da, erraztasuna eta gaitasuna hobetzen joateko. Hortaz, gelan euskaraz eginen dugu, bai irakaslearekin bai ikaskideekin.
Arauaren zergatia azaltzeko horrelako zerbait plantea dakieke ikasleei:
“D ereduan euskararen erabilera gelan ezinbestekoa da zuek (ikasleek) euskaran hizkuntz gaitasun ona lortzeko, ezagutzak (eskola eremuan bederen) euskaraz jaso eta trasmititzen dituzue, beraz, zuen ibilbide akademikoan ere pisu handia du euskara maila ona lortzeak trebetasun guztietan, ahozkoan barne. Alegia, euskaraz hitz egitea oso garrantzitsua da”
Araua. Gela euskara erabiltzeko babesgunea da, eta ez da inor gutxietsia izanen akatsak egiteagatik, motelago hitz egiteagatik eta abar. Gelan euskaraz hitz eginen dugu, nahiz eta zenbait ideia azaltzeko zailtasunak izan eta akatsak egin.
Arauaren zergatia azaltzeko horrelako zerbait plantea dakieke ikasleei:
“Eskolan/ikastetxean ikasten ari gara (euskara, beste hizkuntza batzuk, edukiak, harremantzeko moduak…) eta ikaste prozesuaren baitan akatsa dago. Ohikoa da akatsak egitea, baina gero eta hobeki egiten saiatu behar dugu eta horretarako euskarari dagokionez ezinbestekoa da euskaraz hitz egitea, erraztasuna hartzeko, hitzak ikasteko, gauzak nola esan jakiteko…”
IRAKASLEEI BEGIRA
Irakasleei ikasturte hasieran arauen berri eman, argi eta garbi adierazita.
Zuzendaritza taldeak irakasleei jakinaraziko die ikasturtearen hasieran ikasgelan euskara erabiltzeko arauak ikasleekin adostu behar dituztela, alegia, prebentziozko esku-hartzea egin behar dutela. Ikastalde bakoitzeko arauak taldeko irakasle batekin adostuko dira, baina irakasle guztiek jakinen dute noiz, nola eta zer den adostu dena, gainerako irakasleendako hori ere araua izanen baita. Beraz, ikasturte hasierako transmisio hori oso-oso garrantzitsua da. Eta aldian-aldian arau horien betetze mailaren emaitzak ere jakinaraziko zaizkie irakasleei.
Esan den moduan, ikasleekin adosten diren arauak irakasleendako ere badira, zentzu horretan irakasleei ere eraginen die. Garrantzitsua da irakasleek ulertzea gelan adostutakoa ikastetxeko gainerako erabilera-esparruetara ere eraman behar dutela, ikasleekin adostutako arauen sinesgarritasuna koherentzia horren baitan jokatzen baita.
Irakasle eta ikasleen artean egindako ARAUEN JARRAIPENA
Arauak betetzen ote diren ziurtatzeko eta arauei jarraipena egiteko modu bat ezarriko dugu.
Ikasleekin hilabetean (bi hilabetean) behin eskola saio batean araua gogoratuko dugu eta izandako emaitza positiboak zerrendatuko ditugu. Ondoren hobetu beharrekoak edota zailtasunak non ditugun aztertuko dugu. Komeni da baloraziorako gogoeta mailakatua egitea, hau da, banaka, talde txikian eta, bukatzeko, talde osoan. Gogoeta hasteko lehenengo atzemandako hobekuntzei begiratuko zaie eta gero oraindik hobetu beharrekoei.
Taldeko irakasleen gogoetak ere jasoko dira. Lehenengo banaka eta gero ikastaldearen irakasle taldearenak. Ikasleekin bezala, hasieran atzemandako hobekuntzak eta ondoren hobetu beharrekoak.
Ikastalde baten jarraipena egiteko ikasleen balorazioa eta ikastaldeko irakasle guztien balorazioa hartuko dira kontuan. Emaitzak transmititzerakoan komeni da zehaztasunez egitea eta gertatzen diren gauzak aipatzea iritzia eman gabe. Balorazioan ezkortasuna gainditu behar da, alderdi positiboak nabarmendu eta hobetu beharreakoak errepasatu. Irakasleek ikasturtearen hasieran adostutako arauak gogoratuko dituzte beharrezkoa ikusten dutenean.
Utzi erantzuna