Egilea: Imanol Esnaola
Artikulua: “Euskara nerabezaroan. Gazteen hizkera eta motibazioa”
Data: 2000-06-01. Hik Hasi aldizkaria
Imano Esnaolak gazte hizkerari buruzko azalpen sakona eskaini zuen artikulu honetan. Motibazioaren ikuspuntutik, interesgarria da gazteen komunikazio beharrei buruz hausnartzea, hizkuntza eraginkorra baino gauza motibagarriagorik ez baitago edozein hiztunentzat.
Artikuluaren lehen atalean hizkuntza-aldakortasuna azaldu zuen. Hona hemen atal horretatik aukeratutako lau zati:
“Hautemate bakarra ez dagoen neurrian, ez dago errealitatea adierazteko era bakar bat. Eta horrek, besteak beste, hizkuntza mailan ondorio izugarri sakonak ditu. Gazteen begitan hitz egiteko molde bat (irakaslearena) saihestu beharreko zerbait da, horrekin identifikatzen ez diren heinean diberjentzia eratzea funtsezko eginbeharra baita. (…) Ez irakaslearekin soilik, gurasoekin, poliziarekin, telebistako esatari zenbaitekin, moralista amorratuekin… ere bai. Horiengandik bereizteko ahalegina gazteen eginbeharren lehentasunetan dago.”
“Desberdintzea bezain garrantzitsua da, ordea, “nor garen” adieraztea, identifikazioa, alegia. Gazteak bere burua bere egoera berean dauden beste batzuekin identifikatzen du. (…) Talde mailako elkartasuna edo konplizitatea gero eta handiagoa da gure gizartean. Adinaren arabera sailkatzen gaituzte sortzen garenetik eta adinaren arabera ezarriko zaizkigu gure ikaskideak, jolas lagunak… Gaur egun adin berekoen arteko taldekatzeak gainerako taldeekiko harremanak ahuldu ditu, eta ondorioz, komunikazioa eta elkar eragitea ere bai.”
“Dena den, adina ez da gizartean diberjentziak sortzen dituen dimentsio bakarra. Adinarekin batera desberdintasun sozialak daude, ekonomikoak, kulturazkoak, jarrerazkoak, heziketazkoak… (…) Alegia, gazte batek, heldu batek bezalaxe, ez du era berean komunikatzen haserre dagoenean eta pozik dagoenean, edo iritzia ematen duenean eta lanpostua eskuratzeko elkarrizketa batean dagoenean. Ez, gizarteak dimentsio ugari du, gizarte bakoitzak ezartzen du zein diren beretzat dimentsio garrantzitsuak eta horren arabera kasu bakoitzean nola jokatu (nola komunikatu) definitzen du.”
“Gizarte orok, kultura orok azken batean, komunikatzeko orduan garrantzitsuak zaizkion dimentsioak aintzat hartuz, behar dituen molde eta arauak ezartzen ditu. Errepertorioa, alegia. (…) Hiztunak eskura duen errepertorioaren arabera eraikitzen du bere diskurtsoa. Batzuetan errepertorioak ezarritako arauak betetzeko izango da, bestetan apurtzeko.”
Artikuluko hurrengo atalean egileak gazteen lagunarteko hizkeraren ezaugarriak aletu zituen eta gazte euskaldunen egoeraren argazkia aurkeztu zuen. Azken zatian egoera hobetzeko ideiak eman zituen. Horien artean hezkuntzaren arduratzat jo zuena nabarmenduko genuke:
“ Trebetasun komunikatibo guztiak jorratu behar dira. Arreta berezia jarri ahozkotasunaren lanketan (ahozko trebetasunak: mintzatu eta esandakoa ulertu). Hori hezkuntzaren ardura da. Ezinbestekoa da curriculumaren diseinuan ezarritako helburu orokorra garatzeko bitartekoak jartzea, helburu zehatzak, materialak, formazioa, unitate didaktikoak…”
Egileak hitz horiek idatzi zituenetik denbora pasatu den arren, gero eta nabarmenagoa da ahozkotasuna lantzeko premia, adin guztietan eta arlo funtzional askotarako. Artikuluaren gaiari begira, esan genezake ahozkotasun sendoa dela gazte hizkerak eraikitzeko ezinbesteko zorua.
Imanol Esnaolaren artikulu osoa
Utzi erantzuna