- Esku-hartzea eta behaketa
- Esku-hartzeak diseinatzeko hainbat irizpide orokor
- Eguneroko oinarrizko praktikei buruzko orientabideak
- Gaztelaniaren erabilerarekin lotutako estrategiak
- Gelan ikasleen artean gaztelaniaz (elkarreragina): lan taldeetan, binaka…
- Gelatik kanpo ikasleen artean gaztelaniaz: pasabideak, jolastokia, jantokia…
- Irakasleari gaztelaniaz
- Euskararen egokitasuna eta kalitatea hobetzeko estrategiak
Esku-hartzea eta behaketa
Ikasleen euskarazko elkarrekintzak ugaritzeko eta hobetzeko esku-hartzeek bide hausnartua eta antolatua eskatzen dute. Hortaz, irakasleek, lehenik, sistematikoki inplementatuko dituzten estrategiak pentsatu eta adostu behar dituzte; bigarrenik, lortutako emaitzak behatu behar dituzte eta jasotako datuez eta informazioaz hausnartu; azkenik, hurrengo esku-hartze zikloa aberasteko eta doitzeko proposamenak egin eta adostu behar dituzte.
Kontuan hartu behar da helburu jakin batekin diseinatutako esku-hartzeez gain, eguneroko praktikek ere (eguneroko harreman eta dinamiketan barneratutako elkarrekintzek eta lan egiteko moduek) eragin handia dutela. Horregatik, oso komenigarria da horiei buruzko hausnarketa partekatua eta ebidentzietan oinarritua egitea. Helburua litzateke, ahal den neurrian, egoera jakin bakoitzean irakasle guztiek erantzun mota bera ematea. Izan ere, irakasleen erantzunen eta estrategien arteko koherentziak izugarri laguntzen du ikasleen komunikaziorako helburuak lortzen.
Esku-hartzeak diseinatzeko hainbat irizpide orokor
- Irakasleak ikaslearekin duen harreman mota kontuan hartu behar da. Pertsona edo ikasle bakoitza ezberdina denez, esku-hartzeetan desberdintasunak kontuan hartu behar dira, egokitzapenak egiteko. Adibidez, ikasleen hiztun tipologiak eta egoerak ezagutzea eta ulertzea lagungarria da esku-hartzeetan moldaketak egiteko eta estrategien arrakasta bermatzeko.
- Testuinguruko elementuak kontuan hartzea; hau da, esku-hartzearen unea, tokia eta jarduera mota. Adibidez, ikasle bati atsegina ez den zerbait esan behar diogunean bakarka egitea komeni da, edo jardueraren helburua ikasleak bere bizipenak kontatzea baldin bada, erantzun guztiak balekoak direla jakitea.
- Hizkuntzaren erabilerari begira diseinatutako edozein esku-hartzek ahozkotasuna lantzeko lan lerro sendoa behar du alboan. Komunikazio arrakastatsua lortzeko ahozko gaitasun faltak nabarmen oztopatzen du erabilera. Hortaz, irakasleak ahozkoa gelan modu sistematiko, planifikatu eta kontzientean landu behar du. Oro har, badakigu ikasleak trebeagoak direla gaitasun pasiboetan (ulermena eta irakurmena) aktiboetan baino (idatzi eta hitz egin) eta aktibo horien artean, oro har, idatzian hobeak dira ahozkoan baino. (Mikel Zalbide, 2002).
- HH eta LHn hizkuntzarekiko atxikimendua komunikazio elkarrekintzen arrakastatik dator, batez ere: “euskaraz badauzkat komunikatu nahi dudan hori egoki komunikatzeko behar ditudan baliabide linguistiko guztiak”. Beste era batez esanda, gainerako hiztunekin komunikatzeko gai dela ikusteak motibatuko du ikaslea. Ildo honetan, Lehen Hezkuntzako 3. zikloan has daiteke motibazio kontzienteagoa lantzen ikasleekin (hiztunen eta hizkuntzaren arteko loturaz eta atxikimenduaz pentsatzen), baina aurreko mailetan hizkuntza eroso erabiltzeak elikatzen du motibazioa, hizkuntzarekin lotutako kulturaren eskutik ezagututako mundu sinbolikoa ahaztu gabe.
Eguneroko oinarrizko praktikei buruzko orientabideak
- Irakasleak praktika nola adierazten duen eragina dauka praktikan beran eta, beraz, garrantzitsua da: zein modutan, zer doinurekin, aurpegiko keinu goxoz edo haserrez… Moduak, kasu honetan, esaten denak adina pisu du. Hortaz, gelan giro goxoa eta atsegina lortu behar da
- Saihestu behar dugu ikaslea epaitzea. Hiztun bakoitza ordura arte izan dituen hizkuntza bizipenen eta hizkuntzaren esposizio mailaren araberako emaitza da. Beraz, lekuz kanpo daude autoestimurako kaltegarriak diren komentario gutxiesgarri guztiak. Gaztelania erabiltzen dutenean ez ulertzearena egitea edo ez erantzutea desmotibagarria izan daiteke eta, epe luzera, bilatzen dugun emaitzaren kontrakoa eragin. Horrek ez du esanahi esku hartu behar ez denik.
- Euskarazko gaitasun ona duten ikasleekin nola jokatu ere pentsatu behar da. Izan ere, talde osoak aurrera egin dezan eman dezaketen hizkuntza eredu onak zentralitatea behar du gelan, baina irakasleak honelako galderak egin beharko dizkio bere buruari: Gaitasun oneko ikasleak nabarmenduta, gainerakoak kokiltzen dira? Nola egin dezaket gaitasun oneko ikasleak gaizki ez sentitzeko “euskararen eredu” izatearen zamarengatik? (gehiengoa bezalakoa ez izatearen zama, euskara bai baina gaztelania besteek baino gutxiago jakitearen sentipena…).
- Garrantzitsua da, urtero, irakasle taldeak egokitzat hartutako eta adostutako praktiken berri ematea zentrora heltzen diren irakasle berriei; izan ere, haiek ere lehen unetik berdin jokatzea eta praktika horien garrantziaz jabetzea aurretik lortutako emaitzak ez galtzeko bermea dira. Azken finean, kontua da irakasleen arteko praktika eta egiteko modu onen transmisioa ziurtatzeko baliabideak zentroaren ohiko dinamikan txertatzea.
Gaztelaniaren erabilerarekin lotutako estrategiak
Estrategia pentsatzeko unean kontuan hartu behar dugu gaztelaniazko elkarrekintza non gertatzen ari den (gela, pasabidea, jolastokia, jantokia) eta ea harreman horizontala den (ikasleen artekoa) edo bertikala (ikasleak irakasleari).
Bestalde, hezkuntza metodologia bat aukeratzen dugunean ezin dugu ahaztu ikasleek hizkuntzaren esposizioan nahikotasuna izatea ezinbesteko baldintza dela murgiltze ereduan, eta euskararen jabekuntza prozesua ez oztopatzeko egokitzapena beharko dutela metodologia berri gehienek. Beraz, hori kontuan hartu behar dugu eta horri buruz hausnartu, eta behar diren erabakiak hartu; ikasketa kooperatiboa erabiltzen dugunean, adibidez, ikasleei zenbat eta autonomia handiagoa eman, orduan eta txikiagoa izanen baita irakaslearen hizkuntza eragina.
Gelan ikasleen artean gaztelaniaz (elkarreragina): lan taldeetan, binaka…
Aukeratutako bitarteko didaktikoaren eta ikasmailaren arabera egokitu beharko diren arren, zeinbait estrategia orokor aipa daitezke adibide gisa:
- Gaztelaniaz ari den taldera hurbildu eta elkarrekintzan sartu: ikasle batek erdaraz esandakoa euskaraz errepikatu, esan duten hori euskaraz nola esanen luketen galdetu… Horrelako estrategiek funtzionatuko dute aurretik ikasleek argi baldin badute gelako hizkuntza euskara dela, hortaz, komeni da “prebentzio” gisa, euskaraz egiteko “talde konpromisoa” lantzea, irakasleak ezarritako arauak baino indar handiagoa izanen baitu beti ikasleek adostutakoak, bigarren horrek erabakiaren kontrol sentsazioa handitzen baitu ikasleengan.
- Gaztelaniarako joera batez ere ikasle jakin batzuena bada, irakasleak banakako estrategiak erabiltzea pentsa dezake, aurretik ongi aztertuta kasu bakoitzean zein den euskararen erabilerarako oztopo nagusia: batezbesteko mailaren azpiko gaitasuna, ikastaldean jokatu nahi duen rola, hizkuntzarekiko atxikimendu eskasa… Arrazoi bakoitzak esku-hartze ezberdina eskatuko du.
- Batzuetan hainbat ardura banatzen dira ikasleen artean talde lanean aritzeko, tartean “euskara arduraduna”. Estrategia hori taldeak aurretik adostutako araua (lana euskaraz egitea) gogoratzeko erabiltzen bada baliagarria izan daiteke, baina nahi ez ditugun albo-ondorioak gerta daitezen ekidin behar dugu: euskararen erabilera ikasleen arteko gatazka iturri izatea, kontrolatzailearen rolak besteak nekatzea… Hau da, saihestu behar dugu, estrategia puntualki arrakastatsua bada ere, luzera begira desmotibagarria gertatzea.
Gelatik kanpo ikasleen artean gaztelaniaz: pasabideak, jolastokia, jantokia…
Gelatik kanpo irakaslearen eragina ahultzen da, oro har. Hala ere, hezkuntza zentroak erabaki dezake jolastokian edo jantokian, adibidez, berezko estrategiak lantzea espazio horiek euskararen erabilera informalerako irabazteko eta ikasleen hizkuntza gaitasun orokorra hobetzeko. Edonola ere, espazio horietan euskararen erabilera sustatu nahi badugu, zera kontuan hartu beharko dugu:
- Pasabideetan eta atsedenaldietan ikasleek behar duten hizkera edota hizkuntza erregistroa barneratzeko moduak landu beharko dira gela barnean.
- Lan espezifikoa egin beharko da jolasak euskaraz ikas ditzaten, gehienetan ikasleek herriko edo auzoko kaleetan ikasteko aukerarik ez dutelako.
- Gelatik kanpoko espazio horietan jokatzen da, bereziki, euskararen erabileraren aldeko irakasleen diskurtsoaren koherentzia.
Irakasleari gaztelaniaz
Harreman bertikaletan (ikasleak irakasleari) erdararen erabilera gutxiago gertatzen bada ere, garrantzitsua da gertatzen denean hezkuntza zentroko irakasle (langile) guzti-guztiek erantzun adostu bera ematea. Ikasleari gaztelania erabiltzea lekuz kanpo dagoela jakinarazi behar zaio, errespetuz baina irmo eta bakarka. Kasu honetan ere, gertatu aurreko lanketa oso garrantzitsua da (“prebentzioa”); izan ere, ikasleei lehenengo unetik azaldu behar zaie (adinaren arabera egokitutako moduan) zentroko hizkuntza euskara dela eta zailtasunak baldin badituzte laguntza izanen dutela aurrera egiteko, inork ez baititu gaizki sentiaraziko akatsak egiteagatik. Zentroko helduen jokabide linguistikoak erabateko koherentzia izan beharko du ikasleei eskatutakoarekin, bistan da. Aurretik gaia landu bada, nahikoa izan daiteke “Zer?” neutro bat edo “Badakizu euskara dela nirekin hitz egiteko hizkuntza” esatea. Holakoetan garrantzitsua da hitzezko komunikazioa eta hitzik gabekoa (doinua, keinuak, gorputz jarrera) ongi neurtzea, biek mezu bera eman dezaten.
Euskararen egokitasuna eta kalitatea hobetzeko estrategiak
Garrantzitsua da komunikagarritasunaren eta zuzentasunaren arteko oreka zaintzea. Hau da, komunikazioaren ikuspuntutik helburua lortzen ari diren hizketaldiak ez moztea zuzenketa bat egiteagatik. Gogoratu ikasleak trebatu behar ditugula euskara zuzena erabiltzen baino zailagoa eta zabalagoa den gaitasunean: komunikazio egoerari ongi egokitutako baliabide linguistikoak erabiltzen ikasi behar dute.
Hortaz, garrantzitsua da irakasleak pentsatzea noiz izanen den une egokia egin beharreko zuzenketak egiteko. Elkarrizketa oztopatzen ez bada, edonoiz egin ditzake akatsen bat ez fosilizatzea helburua duten “feeback zuzentzaile laburrak”, baina hizkuntzari buruzko azalpena edo zuzenketa jarraitua, esaterako, hobe da hizkuntza helburu duten saioetan kokatzea. Komunikagarritasunaren eta zuzenketa-lanaren arteko oreka lortzeko honako estrategia hauek baliagarriak izan daitezke:
- Ikaslea hizketan ari dela ez zuzendu akats guztiak, esanguratsuenak soilik zuzendu eta modu laburrean, errepikapenaren bidez edo irakaslearen erantzunen bidez. Hau da, saiatu komunikazio-jarioa ez oztopatzen.
- Ikaslea trabatzen denean indarra jarri aurrera egiteko laguntzan, zuzentasunean baino gehiago. Zuzendu gabeko akatsak apuntatu daitezke eta beste saio batean horren gaineko lanketa egin edo, oso garrantzitsutzat jotzen bada, solasaldia bukatu eta gero aipatu.
Amaitzeko, gogoratu, gaztelaniaz ari direnean esku-hartzeko beharra ikusten dugun bezala, euskararen erabileran aurrerapena nabaritzen dugunean ere, komeni dela aldeko balorazioa egitea; taldean, horrelakoak badira, edo bakarka, ikaslearen ahalegina aipagarria denean. Bide horretan jarraitzeko animoa oso motibatzailea gertatuko zaie ikasleei.
Utzi erantzuna