1.Sarrera
Irakasleek artikulu honetan, batetik, UEMAk haurren euskararen erabilerari buruz burutu duen ikerketan identifikatu dituen zenbait faktore aurkituko dituzte; eta, bestetik, faktore horiek ikasleen atxikimendua lantzeko alorrean EIBZtik burutzen ari garen irakasleen prestakuntzaren edukiekin duten lotura eta azalpena.
Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara izeneko ikerketak bertako haurrek euskara erabiltzeko hizkuntza-ohituratik gaztelaniara egiten duten aldaketa aztertu du. Ikerketa 7 udalerri euskaldunetako ikastetxeetan egin da, LH5. mailako ikasleekin, eta ikasleen ikuspegiaz gain, irakasle, zuzendari, guraso eta herrietako eragileena ere jaso da. Ikerketa metodologia kualitatiboan oinarritu da. Egileen esanetan ikerketa-egitasmo honen helburu nagusiak dira: haurrek, ustez, gero eta lehenago (adin gazteagoetan) gaztelaniaz aritzeko faktoreak identifikatzea eta, hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea eta praktika onak eta indarguneak identifikatzea.
Ikerketan identifikatzen diren faktoreetako batzuk bat datoz azkeneko 10 urteotan ikastetxeekin irakasleen formazioa dela-eta Euskara sustatzeko bideak: motibazioa eta ahozkoa gelan HH-LH lantzen ditugun edukiekin eta eskolaren eraginpeko faktoreekin: irakasleen prestakuntza haien ikasleen profila ezagutzeko, funtzionatzen duena identifikatzeko, ikasleen arteko harremanen nolakotasuna aztertzeko baliagarria izan behar dela. Irakasleek lanbide horretan esku hartu behar dute eta lan horrek jarraitua (denboran mantendua) izan behar du.
2. Ikerketaren emaitza batzuk
Ikasleen hizkuntz portaerak
- Ikasgelatik kanpo gaztelaniaren erabilera handitzen da.
- Gaztelaniaz ‘hainbeste’ egitearena berria da eskola batzuetan. Irakasleei ere erdaraz egiten diete, lehen ez zen gertatzen.
- Atzerritar jatorriko ikasleekin gaztelaniaren erabilera handiagoa da, ez da haien ekimenez zertan izan.
- Taldeetako liderrek eragina dute multzoen hizkuntza hautuetan.
Irakasleen hizkuntz portaerak
- Irakasleek poza adierazten dute eskola hauetan lanean hastean, udalerri euskaldun hauetan ikasleek euskara euren kabuz erabiltzen dutelako.
- Irakasle eta begirale batzuek gaztelaniaz egiten dute euren artean eta haurrekin.
Gurasoen hizkuntz portaerak
- Guraso batzuek, eskola giroan ere, gaztelaniaz egiten dute.
3. Aipatutako emaitza horiek hobetzeko hezkuntza komunitatearen eta irakasleen esku-hartze proposamenak
Jarraian UEMAren ikerketak erakutsitako emaitzak MSBn egindako esku-hartze proposamenekin uztartuko ditugu.
Ikasleen hizkuntz portaeren araberako esku-hartzeak:
Gainerako irakasle eta eskoletarako baliagarria dena, hauetarako ere baliagarria da eta aldeak, batez ere, ñabarduretan eta testuinguruan kokatzen dira. Beraz, “Irakasleen esku-hartzeak eta praktikak” dokumentuan aipatutakoek herri hauetako eskoletarako ere balio dute. Esku hartzeko adibide proposamenak:
Taldeetako liderrek eragina dute multzo ezberdinetako hizkuntz hautuetan. Egoera hauetan, alegia, taldeetako liderren hizkuntz hautua gaztelania denean, irakasleak egoera identifikatu eta horien eragina gutxitzera jo beharko du. Horretarako liderraren hizkuntza hautuaren azpian dauden arrazoiak edo zergatiak ezagutzea komeni da: ea zein den ikasle horren ahozko komunikazio gaitasun maila absolutua edo erlatiboa (gaztelaniazkoarekin alderatuta), edota lotsa ematen ote dion euskaraz aritzea, edo esperientzia txar bat izan ote duen hizkuntzaren erabilerarekin. Arrazoiaren arabera, ikaslearekin bakarka hitz egitea izan daiteke konponbidea, gurasoei laguntza eskatzea edo, gehiagokorik gabe, edo tarteka-marteka, gelako arauak gogoraraztea.
Atzerritar jatorriko ikasleekin gaztelaniaren erabilera handiagoa da, ez bereziki haien hautua delako, ikaskideek haiekin komunikatzeko gaztelania hautatzen dutelako baizik. Atzerritar jatorriko ikaslearen kasuan, euskarazko ereduan dagoenez, gainerako ikasle guztiek bezalako aukerak izan behar ditu euskara erabiltzeko eta gainera horrek mesede eginen dio ahozko gaitasunean, erraztasuna, konfidantza eta ziurtasuna eskuratze aldera. Beraz, irakasleak hautu horren inklusio zeregina azpimarratu beharko dio ikasle horren ikaskideei, ikasleari berari eta gainerako irakasleei, hala behar denean.
Aipatutako bi egoeretan gogoratu daiteke euskararen erabilera ezinbestekoa dela ikasleek ezagutzan aurrera egin dezaten eta gelako arauetan euskararen erabilerak duen zentzua eta egitekoa azpimarratu. Ikus Prebentzio neurriak.
Ahozkotasuna lantzeko beharra dago, erregistro desberdinetan gaitasun nahikoa eta baliabideak izan ditzaten. Udalerri hauetan ahozkoaren lanketak badu beste alderdi bat, aliatu bihurtu behar dena, alegia, herriko hizkeraren erabilera erregistro ez formaletarako, eta sarritan erabilera adierazkorra erakusteko. Eskolak zubi lana egitea proposatzen da herriko hizkera eta estandarraren artean. Eta, beraz, eskura dagoen baliabide hori probestea ikasleek hizkuntzaren erregistro ez formala eskuratze aldera. Zer eta nola egin daiteke eskolatik irakasleak bertako hizkera ez badaki ere? Hona esku hartzeko proposamena:
- Lehenengo urratsa da eskolan ikasleen bertako hizkera onartzea.
- Irakasleak jarrera irekia eta malgua izatea lanbide honetan, esaterako, ez zuzendu ikasleei behar ez dena, ez eman okertzat irakasleak ezagutzen ez duena, saiatu aldez aurretik aldaera horiek hiztegi batuan onartuta dauden egiaztatzen… Era berean, ikasleari parean eta ondoan ezagutzera eman, ikasmailaren arabera, erregistro formalagoa edo aldaera estandarragoa. Ikasleek noiz erabil dezaketen herriko hitz hori, esamolde hori, egitura sintaktiko hori eta noiz irakasleak emandako bestea. Adibidez, lehenengoa atsedenaldian, lagunekin jolastean, kalean… Eta bigarren aukera, beste herri bateko lagunekin hitz egiteko edo eskolan azalpen bat emateko…
- Irakasleak herriko hitza edo esamolde hori ezagutzen ez badu ikasleari berari galdetu zer esan nahi duen, interesa erakutsi.
- Baliteke irakasle batzuk bertakoak izatea eta bertako hizkera ezagutzea, hortaz, eskolak egoera hori probestu behar du.
- Etxetik erdaldun datozen ikasleen kasuan UEMAko udalerrietako hizkera eskolan ikasteko aukera ematea, eskolak zubi lana egitea eginkizun horretan ikasleak ikaskideekin eremu ez formaletan ari direnean (jolas-garaian, irteeretan…)
- Ikertzaileek erregistro desberdinak irakasteko beharra adierazi dute, ahozkoa lantzeko premiarekin erabat lotua dagoena. Berriro ere, ahozkoa lantzeko beharra nabaria da.
Irakasleen hizkuntz portaeren araberako esku-hartzeak:
Ikerketan aipatzen diren beste faktore batzuek lotura dute irakasleen hizkuntz portaera edota jarrerekin.
Irakasleek poza adierazten dute eskola hauetan lanean hastean, udalerri euskaldun hauetan ikasleek euskara euren kabuz erabiltzen dutelako (balorazio positiboa). Eskola edo ikastetxe hauetan nahiz eta euskararen egoera beste ikastetxe batzuekin alderatuta hobea izan, euskararen ezagutza eta erabilera ez dago berez (per se) bermatua, beraz, irakasleen esku-hartzeak pentsatuak eta planifikatuak izan behar dira (gainerakoetan bezala). Baldintzak hobeak dira baina zaindu eta egokitu behar dira emaitzak egonkortzeko eta egoera hauskorrari aurre egiteko. Horrenbestez, hori esaten denean ez genuke ondorioztatu behar eskolan egoera bermatua dugunik, ez eta egonkorra denik ere; unean uneko egoerak aztertu eta behar diren esku-hartzeak burutu behar ditugula, baizik.
Irakasle eta begirale batzuek gaztelaniaz egiten dute euren artean eta haurrekin. D ereduan irakasleen artean gaztelaniaz aritzea aztertu eta konpondu beharreko kontua da. Batetik, ikasleek euskaraz egin dezaten ezinbestekoa da irakasleon portaerak lortu nahi den horrekin koherenteak izatea. Bestetik, euskararen erabilera eskola eremuan ezinbestekoa da ikasleen ezagutza eta gaitasun ona bermatze aldera. Ezagutza eta erabilera txanponaren bi aldeak dira eta elkar elikatzen dute. Ikus Prebentzio neurriak
Bestalde, ikasleekin adosten diren arauak irakasleendako ere badira, zentzu horretan irakasleei ere eraginen die euskara erabiltzearen arauak. Garrantzitsua da irakasleek ulertzea gelan adostutakoa ikastetxeko gainerako erabilera-esparruetara ere eraman behar dutela, ikasleekin adostutako arauen sinesgarritasuna koherentzia horren baitan jokatzen baita.
Gurasoen hizkuntz portaeren araberako esku-hartzeak:
Guraso batzuek, eskola giroan ere, gaztelaniaz egiten dute. Jakin badakigu, eskolak eragin mugatua duela gurasoen hizkuntz portaeretan baina ezinbestekoa da beren seme-alabek hizkuntz komunikazio gaitasun ona lortze aldera honako aholkuak kontuan hartzea, izan ere, gurasoek ikasleen euskalduntze prozesuan eta euskararen erabileran aliatu izan behar dute, eta denok norabide berean joan.
- Oso-oso garrantzitsua da etxeetan euskarari tokia eskaintzea: jarduera ludikoen bidez, euskarazko marrazki bizidunen bidez, ipuinen bidez, jokoen bidez, eta abar.
- Guraso bileretan mezu hauek azpimarratzea garrantzitsua da:
- Ikasleek euskara maila ona lor dezaten denon lana ezinbestekoa da, gurasoena ere bai, nahiz eta euskaraz ez jakin. Beraien seme-alabendako egin duten hautua babesten jarraitu behar dute.
- Gurasoak eta irakasleak norabide berean egonez gero, emaitza hobetzen da, alegia, ikaslearen hizkuntz gaitasunari eta atxikimenduari mesede egiten zaie.
- Guraso moduan, euskararekiko aktiboak izan.
- Gurasoek euskara jakinez gero, ahalik eta gehien erabili.
Bukatzeko, esan, oso-oso garrantzitsua dela hiztun euskaldunen dentsitate handiko herrietako (UEMAko udalerrietako) ikasleen hizkuntz portaerak lantzea, gerora, aurki, ikasle horiek Bigarren Hezkuntza egitera beste eremu soziolinguistiko batera mugituko direlako, eta eremu soziolinguistiko berri horretako hizkuntz hautuak kudeatzeko baliabide hobeak izan ditzaten eta erabaki hartze horien aurrean bakarrik sentitu ez daitezen.
Utzi erantzuna