Zergatik “girotzekoak”
Ikasleen atxikimendua eta motibazioa lantzeko aurretik programatutako saio osoko jarduerak behar dira eta hori da Motibazioa Sustatzeko Baliabideak blog honetako “Ibilbideak” atalean proposatzen den lan egiteko modu nagusia.
Baina, saio horietaz gain, irakasleak hainbat abagune aprobetxa ditzake ikasleei hizkuntzarekin lotutako motibazio dosi txikiak eskaintzeko, hamar bat minutuko proposamen arin eta jostagarriak, motibazioa lantzeko saio nagusien osagarri, edo besterik gabe, ikasleek hizkuntza jolasgai egin dezaten. Izan ere, motibazioaren lanketa iraupen luzeko ibilbidea izanik ere (ikus: Ibilbideen ikuspegia), programatutako saio batetik bestera lortutako eragina apaldu daitekeenez, esku-hartze orokorrak nolabaiteko trinkotasuna izan dezan “girotzekoak” proposamen motz eta arinak oso egokiak izan daitezke.
Nola erabili
Hainbat jarduera motz bildu ditugu, adibide gisa. Irakasleak sortuko ditu beste hainbat, ikasleek gustuko dituzten gaiak edo boladan diren jokoak eta euskara, edo hizkuntzak orokorrean, lotuta.
Denak proposamen errazak dira, horregatik ez daude adinaren arabera sailkatuta. Ikastaldea ezagututa, irakasleak aukeratuko du egokiena. Aurretik irakurri eta nola gelaratu pentsatu, horixe besterik ez da egin behar hamar minutuko hurrengo tarte librea motibazio une bihurtzeko.