Prestakuntza modalitateak:
- Autoikaskuntza: Atxikimendu Linguistikoaren Oinarriak
- Ohiko prestakuntza: Ikasleen hizkuntza atxikimendua lantzeko irakasle taldeei ikastetxean eskainitakoa
Irakasleen prestakuntzak arreta berezia jarri behar du motibazioaren lanketan eta ulermenean, irakasleak izanen baitira bitarteko, eragile eta sustatzaile, zuzenean edo zeharka, ikasleen motibazioak ezagutzen eta elikatzen. Asmoa ez da irakasleak ikasleen motibazioen erantzuleak izatea, horiek modulatzeko ezinbesteko eragileak izatea baizik.
Horrek guztiak irakasleen prestakuntzaren hainbat ezaugarri definitzen ditu: ikasleen motibazioak, jarrerak, esanak, usteak, sentimenduak ezagutzea eta bere horretan entzun eta onartzea, epaitu gabe (alderdi afektiboa); ikasleen eskura ezagutza jartzea (alderdi kognitiboa) bai motibazioari dagokiona, bai hizkuntza gaitasunari dagokiona, ezagutza soziolinguistikoa eta hizkuntzaren didaktikaren alorrekoa; azkenik, jokabide aldaketarako bidea erraztea (alderdi konatiboa), ikasleen barne gatazkei aurre egiteko estrategiak eskainiz.

