Hizkera sexista noiz darabilgun jabetzeko eta hori saihesteko tresna

Mikel Garcia Idiakez / 2016-10-10 / 244 hitz

“Andaluziar bat eta haren emaztea ezagutu nituen”, “Arzallus eta Maialen ikusi ditut”, “neska batek bezala egiten duzu negar”… Komunikazio sexista darabilzu eta konturatu ere ez zara egin? Horri aurre egiteko gida atera berri du Steilasek.

Euskarak genero-markarik ez duela eta ez dela beste hizkuntza batzuk bezain sexista esan ohi da, baina bada zer hobetu. Bereziki irakasleei eta hezkuntza munduari zuzenduta, komunikazio inklusiborako gomendioak bildu ditu Amaia Zubieta Steilas sindikatuko kideak, aurretik egin diren lanak aintzat hartuz (azpimarragarriena, Amelia Barquínen Euskararen erabilera ez sexista).

Adin berarekin, bata gizona da, bestea neska

Hainbat hitz, esaldi eta formula diskriminatzaileak direla konturatzearekin, bidearen erdia egina izango dugu. Adibide ugari ematen ditu gidak: gizonak abizenez izendatzea eta emakumeak izenez; ia beti gizonezkoa aurretik jartzea (“seme-alabak, anai-arrebak, senar-emaztea, aiton-amona…”, erabilera txandakatzea proposatzen du egileak); emakumea bigarren mailako agertzea (norbaiten ama, emaztea, arreba… izatea); adin bera izanik ere, bata ‘gizon’ izendatzea eta bestea ‘neska’; “ahuntza, atsoa eta emakumea, teman ez ditu inork irabaziko” edo “alaba bakarra, etxean gerra” moduko esaera zaharrak baliatzea; emakumeez ari garenean edo emakumeei zuzentzen gatzaizkienean “polita, liraina, apala, delikatua, sentibera” adjektiboak nagusitzea eta gizonen kasuan “sendoa, indartsua, ausarta, bortitza” gisakoak…

Historiako liburuetan, adi!

Historiako klaseetan ere, kontuz ibili: “Frantziako iraultzaren ondorioz sufragio unibertsala ezarri zen” edo “atenastarrek bozketaren bidez aukeratzen zituzten ordezkoak” esatea/ikastea, adibidez, ez da egia, emakumeek ez baitzuten boto eskubiderik ez kasu batean, ez bestean.

Hartu-emanean darabilgun tonua, intonazioa, elkarrekintza, jarrera eta irudi bidezko komunikazioa ere aipatzen ditu gidak, hitzetatik harago eman baitaiteke diskriminazioa komunikatzerakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.